Albistea entzun

Aberri Eguna

Jendeak egiten du Herria eta Herriak egiten du jendea

 

Iñaki Lizundia - Sortuko kidea -

2021eko apirilak 1

Ez gara uniformeak, ez uniformistak... Agian horregatik asmatzen dugu gure ospakizunak modu multiformean egiten, eta gauzak era multiformean sentitzen, eta lekuei eta jendeei eta garaiei argi multikolorez begiratzen.

Salbuespeneko egoeran ospatzen dugu Aberri Eguna aurten, iaz bezala. Baina salbuespeneko egoeran ospatu zen Aberri Eguna 1963an Itsasun edo 1965an Bergaran, eta 1972an herri guztietan eguerdiko hamabietan mobilizatuz ospatzera behartu zuen salbuespeneko egoerak, eta 1980an eta 1990ean eta 2000. urtean, eta iaz ere. Salbuespeneko herri honetatik, gure nortasun aldarrikapena egiten ikasi behar izan.
 
Aberri Egun hau ere elkarrekin ospatuko dugu Euskal Herria Bateraren deiarekin bat eginez. Gure aniztasunean batuz, munduak ikus gaitzan, munduan Herri bat izan gaitezen. Lur bat dugun Herria, Euskal Herria. Ez dugu mundu bat eskatzen gure herriarentzat; mundu askok osatzen dutelako gure herri hau, eta kolore askok, maitasun ugarik eta mila itxaropenek osatutako Herri izatea nahi dugu.

Inoren katerik gabe izan nahi dugu libre, eskubideak inork kendu edo eman beharrik gabe, burujabe izango den komunitatea eta nazioa osatuz denon artean, denok batera. Inor ez da inoren eskubideen jabe, ez jendarte justu batean. Ez dugu inoren eskubideen mugatzaile izan nahi; baina ez dugu nahi mugakide ditugun Estatuek gure eskubideak mugatzerik ere. 

Munduan eta gure inguruan, Europan bertan, Estatu izan nahi duten eta izateko bidean diren herrietako mugimenduekin bat egin behar du Euskal Herriak. Asko garelako etorkizun aske eta hobe bat amesten dugun herriak, eta asko eta handiak direlako etorkizunari begiratzean azaltzen zaizkigun erronkak eta lanak. Batera aritu behar dugu erronkei heltzean, batera aritzean indarrak bikoizten ditugulako.

Batera aritu eta burujabe izan nahi dugu; burujabe izanez soilik erantzun eta aurre egin ahal zaielako gaur jendarte osoa kolpatzen duten arazoei, osasuna eta ongizatea baldintzatzen digun pandemiari. Batera arituz erantzun eta aurre egin behar diegu orain eta etorkizunean bidea zailduko diguten krisiei. Ezin baita herririk eraiki gure ondorengoentzat etorkizunik ez bada, geroari begiratu gabe lurra ustiatzen badugu, ondorengoengan pentsatu gabe ura agortzen badugu, biharkoen arnasa kontuan hartu gabe airea itotzen badugu. Eta hizkuntzak ere egiten du Herria, eta, bihar Euskal Herririk izango bada, geure ardura da euskara duen Herria eraikitzea egunero, etengabe.
 
Geroari begiratu eta etorkizuneko askatasuna aldarrikatzen dugu Aberri Egun honetan. Europa zahar honetako antzinako herri bat, beste mila urte igarota ere geroan Herri izaten jarraituko duena. Gure sustrai zaharren gainean jarraitu nahi dugu etorkizun berria eraikitzen.

Jendeak egiten du Herria eta Herriak egiten du jendea. Bihar eta etzirako nahi dugun Herria eraikitzeko eta jendartea osatzeko helburuen aurrean, grinaz eta erantzukizunez aritzeko momentua dugu, eta guztiona da ardura da, guztiona zeregina.
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.