Ikusle datuak
Kopako finalak %51,7ko ikusle kuota izan zuen Tele5n; %21,9koa, berriz, ETB1en
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 616.000 herritarrek ikusi zuten Reala-Athletic finala gaztelaniaz; eta 261.000 herritarrek ikusi zuten euskaraz.

Azkeneko urteetan Realak eta Athleticek jokatu dituzten partiden artean, ikusminik handiena piztu duena izan da joan den larunbatekoa. Espainiako Kopako finalak izan zituen ikusle datuak oso-oso handiak izan ziren, espero zitekeen moduan. Tele5 katean finalak %51,7ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta ETB1en, %21,9 izan zen kuota. Biak batuz gero, %73,6ko ikusle kuota bereganatu zuen Sevillan (Espainia) jokatutako partidak. Euskaldunen artean, ETB1en ikusi zuten %39,7k.
Azkeneko urteetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik emanaldi batek gainditu du datu hori: 2010eko Munduko Kopako finaleko luzapenak —Espainia eta Herbehereak izan ziren lehian— %80,4ko ikusle kuota izan zuen.
Espainiako Kopako finalen datuei dagokienez, 2015ean Athleticek eta Bartzelonak jokatutakoak %59,7ko ikusle kuota lortu zuen (soilik Tele5k eman zuen).
ETB1en, bestalde, bederatzi urtez egin behar da atzera hainbeste ikus-entzule bereganatu dituen emanaldi bat gogoratzeko: 2012an, Txapeldunen Ligako finalerdietako penaltiek —Real Madril eta Bayern Munich ziren jokoan— 700.000 ikus-entzulek ikusi zituzten (%49,3ko ikusle kuota). Izan ere, joan den larunbatean, ETB1ek %10,7ko batez besteko ikusle kuota izan zuen egun osoan —emaitzarik onena 2012ko apiriletik—. Gehien ikusitako kateetan bigarrena izan zen, Tele5ren ostean. ETB1ek partida hasi aurretik hasi zuen saio berezia: emankizunak 20:21etik 00:47era iraun zuen, eta 764.000 lagunek ikusi zuten tarteren batean. Euskaldunen artean liderra izan zen. ETB1ek, halaber, martxoan %2ko batez besteko ikusle kuota izan du, iaz hilabete berean baino zazpi hamarren gehiagokoa.
Iaz, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko lehietan honako hauek izan ziren datuak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Athletic-Granada partidak %46,5eko ikusle kuota lortu zuen —400.000 herritarrek ikusi zuten finalerdia, osorik, telebistaz—; Reala-Mirandes partidak, berriz, %36,4ko ikusle kuota izan zuen —285.000 ikus-entzule—. Bi kasuetan, eguneko emanaldietan liderrak izan ziren, alde handiz.
Hilaren 17an, Tele5 kateak emango du Athleticen eta Bartzelonaren arteko finala.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.