Zaldibiako Udalak neurri zehatzak hartzeko eskatu dio Sagarduiri, herrian transmisioa eteteko

Herriko egoera «larria» dela ohartarazi du udalak: azken bi asteetako intzidentzia tasa 7.400 da gutxienez, eta 124 herritarrek positibo eman dute.

Lazkaon (Gipuzkoa) joan den martxoaren 25ean egindako baheketa. JON URBE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko apirilaren 6a
11:52
Entzun

Azken egunotan Zaldibian (Gipuzkoa) gora egin dute nabarmen COVID-19aren probetan positibo eman dutenek, eta udala oso kezkatuta dago, egoera «larria» baita. Udalak prentsa ohar batean jakitera eman duenez, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua gutxienez 7.400 da orain –Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian kaleratuko ditu datu ofizialak–, eta azken bi asteetan gutxienez 124 herritarrek eman dute positibo test diagnostikoetan. «Herriko 52 etxebizitzatan dugu positibo eman duen norbait, eta behin-behineko berrogeialdian egon diren eta dauden beste hainbeste daude», adierazi du. Horrez gainera, jakinarazi du Zaldibiako hiru pertsona ospitaleratu behar izan dituztela gaitzak jota, eta horietako bat, adin txikiko haur bat, ZIUn egon dela. Hori dela eta, Zaldibiako Udalak «bitartekoak eta neurri zehatzak» hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, herrian transmisioa eteteko.

Udala azpimarratu du azken egunetan lan handia egin dela Osakidetzako arakatzaile sareari eta herritarren kolaborazioari esker, baina, egoera oraindik ere «oso kezkagarria» denez gero, COVID-19aren zabalpena eteteko ekintza plan bat eta estrategia bat zehaztea eskatu dio. Besteak beste, proposatu du baheketa bat egitea herrian. Udalak jakinarazi du proposamen hori baztertu egin duela Osasun Sailak, nahiz eta Goierriko beste hiru herrietan (Legorretan, Ataunen eta Lazkaon) baheketak egin izan diren. «Herriko egoeraren tamaina eta herrian agerikoa den kezka ikusita, zinez uste dugu martxan jar litezkeen bide eta tresna guztiak ipini behar direla mahai gainean».

Zaldibiako Udalak gaur bertan gutuna bidali dio Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuari, hainbat galdera eginez. Besteak beste, galdetu dio zein neurri abiatu behar dituen pertsona kutsatuak identifikatu eta transmisioa eteteko, eta zein estrategia erabiliko duen Zaldibiako kutsatze katea lehenbailehen eteteko. Horrez gainera, gogora ekarri du martxoaren 31n egindako bileran analisi bat aurkeztu zitzaiela Goierriko zenbait udali, arakatzaile sareak landutakoa, eta azterketa hori eguneratu ote den galdetu dio Osasun Sailari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.