hilberria

Arcadi Oliveres ekintzailea hil da

Ekonomista eta justizia sozialaren aldeko aktibista 76 urterekin zendu da, gaixotasun larri baten ondorioz. Sistema kapitalista hautsi beharra defendatu zuen, ikuspegi kristau batetik.

Arcadi Oliveres, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
2021eko apirilaren 6a
16:41
Entzun

Arcadi Oliveres ekonomista, eta justizia sozialaren aldeko ekintzailea (Bartzelona, 1945 - 2021) hil da, 76 urterekin, gaixotasun larri baten ondorioz. Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeen arteko harremanetan eta kanpo merkataritzan aditua zen, eta ekonomia sozialaren, bakearen, ekologiaren eta giza eskubideen aldeko mugimendu ugaritan hartu zuen parte. Besteak beste, Justicia i Pau elkarteko kide izan zen 1981etik, eta hango presidente 2001etik 2014ra arte. Ekintzailetza Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ekonomia aplikatuko irakasle izatearekin uztartu zuen, 2016an erretiratu zen arte.

Gaztetatik izan zen ekintzaile, eta frankismoaren aurkako hainbat mugimendutan hartu zuen parte: besteak beste, Bartzelonako Ikasleen Sindikatu Demokratikoan. Hango kide zela, Sarriako Kaputxinoen komentuan eginiko itxialdian egon zen, beste 450 ikasle, irakasle eta intelektualekin batera. Kataluniako Biltzarreko sortzaileetako bat ere izan zen. Borroka hark Espainiako Ordena Publikoko Auzitegira eraman zuen, 1968an, baina absolbitu egin zuten.

Gerora, parte hartu zuen Sozialismoaren aldeko Kristauak, Pax Christi, Errefuxiatuen Laguntzarako elkartea, Kataluniako Elkartasunaren Elkartea eta Justicia i Pau mugimenduetan ere. Denetan ere, sistema kapitalistaren aurkako ideiak defendatu zituen, ikuspegi kristau batetik. BERRIAk 2017an elkarrizketatu zuen Oliveres, iheslarien krisiaz hitz egiteko: «Europaren politikek hil dituztenak gure kontzientzian daude».

Eginiko ibilbideagatik hainbat sari ere jaso zituen: besteak beste, Bakearen aldeko Kataluniako Nazioarteko Institutuak banatutako Nazioarteko Bakearen Saria eta Bartzelonako Udalak emandako Meritu Zibikoaren Urrezko Saria.

Azken hamarkadan, politika mundurako saltoa ere eman zuen. 2011n, M15 mugimenduko kide esanguratsuenetako bat izan zen, eta, 2013an, Proces Constituent mugimendua sortu zuen, Teresa Forcadesekin batera. Plataforma hark beharrezko jo zuen eredu politikoaren, ekonomikoaren eta sozialaren aldaketa Katalunian. Mugimendu hori Barcelona en Comu koalizioarekin aurkeztu zen hiriko udal hauteskundeetara, eta Catalunya Si que Es Pot-en barruan, Kataluniako bozetara. Azken urteetan, Kataluniaren independentziaren defendatzaileetako bat izan zen. Esaterako, otsaileko bozetan CUPen aldeko botoa eman zuen: «Nik ez, baina zuek ikusiko duzue Errepublika».

Haren familiak otsailean adierazi zuen Oliveres «larriki gaixo» zegoela. Berriaren ostean, RAC1 irrati kateak eginiko elkarrizketa batean adierazi zuen «beldurra» izan arren «pozik» zegoela, «inoiz baino gehiago»: «Jende gutxik du aukera bizitzari nik bezala agur esateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.