Euskara

Sambou Diaby: «Ez du zentzurik bertakoek, etorkinei erdaraz egin, eta nahi izateak haiek euskaraz egitea»

Sambou Diaby antzezleari egin diote Arnasa Gara kanpainaren hirugarren elkarrizketa. Etorri berriekin erdara lehenesteko joeraz hitz egin du Nagore Arin BERRIAko kazetariarekin.

Sambou Diaby, 'Ongi etorri euskararen herrira' ikus-entzunezkoan. ARNASA GARA
2021eko apirilaren 7a
13:47
Entzun

Euskal Herrira etorri berrien harrera izan dute hizpide Arnasa Gara kanpainako hirugarren elkarrizketa digitalean. Sambou Diaby antzezle eta modeloari egin diote elkarrizketa, eta, besteak beste, etorri berriekin eta migratzaileekin erdara lehenesteko dagoen joeraz jardun da Nagore Arin BERRIAko kazetariarekin. Solasaldian, Hiru Damatxo ekoiztetxeak eginiko Ongi etorri euskararen herrira ikus-entzunezko pilula izan dute abiapuntu, eta pilularen edukiarekin identifikatuta sentitu dela aipatu du Diaby antzezleak. Ikus-entzunezko horren grabazioan parte hartu du, eta aitortu du berari ere antzeko hainbat gertaera pasatu izan zaizkiola: «Kalera ateratzen naizen bakoitzean, edozeinekin hitz egiten hasten naizenean… erdaraz zuzentzen dira niregana. Beti gertatu izan zait».

Ikus-entzunezko horretan, telefono kabina batean txanpon ugari sartzen ageri da Diaby, eta, bat-batean, oihuka hasten zaizkio beste bi antzezle, gazteleraz, esanez gailuak ez duela funtzionatzen eta txanponik ez botatzeko. Hirugarren antzezle bat, berriz, euskaraz hurbiltzen zaio, eta euskaraz ematen dizkio azalpen guztiak. Hori da, hain justu ere, ikus-entzunezkoaren mezu hurbila: etorri berrienganako aurreiritziak erakusten ditu, eta aurreiritzi horien eraginez erdaretara jotzeko inertziari buruz hausnartzeko aukera ematen du. Antzezleak adierazi duenez, pilula horretan islatzen den harridura berarekin begiratu izan diote berari ere horrelakoei euskaraz erantzun dien aldietan: «Harritu egiten dira asko eta asko, zoriondu eta dena egiten naute. Ni, berriz, pentsakor gelditzen naiz: eskerrik asko esan behar al diet? Ez». Halaber, gaineratu du ‘zeinen ongi hitz egiten duzun euskaraz’ eta bestelako esaldiak ere entzun izan dituela noiz edo noiz.

Etorri berrienganako eta batez ere migratzaileenganako jarreraz mintzatu dira Diaby eta Arin. Herri askotan erdara lehenesten dutela aipatu dio kazetariak, baina beste zenbait herritan, aldiz, ahalegin sendoak egiten ari direla euskara harrera ikastaro horietan ere txertatzeko. «Horrela izan beharko luke», iritzi dio antzezleak galderaren bigarren zatiari: «Nire gurasoak etorri zirenean ere saiatu ziren euskaltegira joan eta euskara ikasten, baina inguruak asko baldintzatzen du; lankideak eta gertukoak saiatzen ez badira amore ematen dute». Eta biztanleriaren gehiengoak duen joera hori begiz hartuta, batzuen jarrera ezbaian jarri eta ondorengo gogoeta egin du antzezleak: «Ez du zentzurik bertakoek, etorkinei erdaraz egin, eta haiek euskaraz hitz egin dezaten nahi izateak».

Duela zenbait aste aurkeztu zuten Arnasa Gara kanpaina, Uemaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, eta udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako testuinguru ugariak zein diren xehatzea du helburu. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako zortzi ikus-entzunezko dira kanpainaren ardatza, eta bideo horietako bakoitzean udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru ikus daitezke. Gaur egin dute hirugarren ikus-entzunezko pilulari buruzko zuzeneko elkarrizketa, Sambou Diabyrekin, eta datozen asteetan ere beste pilula batzuen inguruan jardungo dira beste hainbat gonbidaturekin. Testuinguru horri lotuta, zozketa bat ere jarri dute abian, Arnasa Gara Instagram kontuan. Euskarazko liburuak eta diskoak erosteko bono-txartelaren edota euskarazko aldizkarietarako harpidetzaren artean hautatu ahal izango dute irabazleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.