Giza eskubideak

Estatuburuen utzikeria salatu du AIk bere urteroko txostenean

Osasun sistema publikoarekiko utzikeria, hainbat estatubururen politika okerrak eta gizarte talde jakinen aurkako politikak salatu ditu Amnesty International erakundeak azken urtearen errepasoa egiten duen txostenean.

Migratzaile talde bat Ciudad Juarezko aterpetxe batean, Mexikon. LUIS TORRES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 7a
16:56
Entzun

Azken urtean giza eskubideen alorrean egindako akatsak eta lorpenak biltzen ditu AI Amnesty Internationalen txostenak. Batetik, pandemia garaian osasun eta zaintza alorretan lehen lerroan aritzen diren langileen rola goraipatzen du, baina baita buruzagi politikoen utzikeria ere. Azken horien kasuan, gogor jotzen du herrialde aberatsenak zuzentzen dituzten liderren aurka, eta adibide gisa jartzen ditu Txinak gaitzaren berri izan zuenean hura ezkutatzeko egindako ahalegina edota pandemia betean, Donald Trump buru zuela, AEBek OME Osasunaren Mundu Erakundetik ateratzea erabaki izana. Horiek, baina, txostenak ikertutako 149 herrialdeetatik bi besterik ez dira.

«2020an, lidergoa ez zen boterean zeudenengandik etorri, baizik eta osasun alorrean aritu ziren langileengandik, adinekoak zaintzen aritu zirenengandik eta egunero milaka proba egiten aritu ziren teknikariengandik, baita kaleak garbitzen edota hilotzak jasotzen aritu zirenengandik ere. 2020an, munduaren zati handi bat giltzapean geratu zen bitartean, haiek bakarrik egin zuten aurrera», dio Agnes Callamardek, AIko idazkari nagusiak. Sokaren beste muturrean egoerari aurre egiteko gai izan ez diren nazioarteko erakundeak eta buruzagi politikoak kokatzen ditu dokumentuak, besteak beste G20ko kideak, zeintzuek zorra barkatu zieten 77 herrialderi, gero atzera egin eta harekin batera interesen ordainketa ere eskatzeko.

Hala, Callamardek gogorarazi du iaz 1,8 milioi pertsona hil zirela mundu osoan pandemiaren ondorioz, urteetan inbertsio txikiegia jaso duten osasun sistemek hari aurre egiteko adina baliabide ez zituztelako. Osasun alorrean lan egiten zuten milaka langilek, gainera, arduradunen edo agintarien jazarpena jasan zuten, beren lan baldintzen inguruko kezka agertu izanagatik.

Osasun arloko langileekiko eta adinekoekiko utzikeriaren adibide gisa jartzen du txostenak Espainia. Besteak beste, lehen hilabeteetan adinekoen artean izandako heriotza kopuru altuak eta segurtasun indarrek alerta egoera izandako jarrera «bortitza» salatzen ditu dokumentuak. Nabarmentzen du iazko urte bukaerarako osasun arloko 93.000 langilek eman zutela positibo koronabirusean, eta 89 hil zirela gaitzaren ondorioz. AIk Espainian duen arduradun Esteban Beltranek Madrilen eta Katalunian bizitako gertakariak ekarri ditu gogora. Baina pandemiaz harago, migratzaileekiko jarrera eta mozal legea ere gaitzesten ditu erakundeak.

Afrika eta Ekialde Hurbileko herrialdeen aurka ere gogor jotzen du txostenak, eta pandemia baliatuta giza eskubideak urratzea egozten die. Urraketen adibide gisa Libia jarri du Amna Guellalik, AIren Afrika iparralderako eta Ekialde Hurbilerako arduradunak. «Libian, kanpalekuetan eta harrera zentro itxietan pilatu dituzte errefuxiatuak, kontuan izan gabe horrek gaitza zabaltzeko arriskua handitzen duela», adierazi du. Horrez gain, langile atzerritarren egoeraz ere ohartarazten du dokumentuak, besteak beste, Jordanian, Libanon edo Kuwaiten lan egiten dutenena.

Amerikan ere, egoera ez da askoz hobea. Kontinente hartako AIko arduradun Erika Guevararen iritziz, herrialdeek «aukera» gisa balia zezaketen pandemia, euren arteko elkarlana bultzatzeko, baina ez dute halakorik egin. «Badirudi gure gobernuek ez dutela okerretatik ikasten. COVID-19ak handitu egin ditu arrakalak eta giza eskubideen urraketak, besteak beste azpiegitura nahikorik ez dagoelako eta zerbitzu publikoan behar adinako inbertsiorik egiten ez delako», salatu du Guevarak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.