Txertaketa eten egin dute Anoetako estadioan

Bertan behera utzi dituzte Donostian Anoetako gunean txertatu behar zituztenen orduak, AstraZeneca txertoa 60 urtetik beherakoei ez jartzeko erabakia dela eta.

Jendea txertoa jasotzeko zain, Anoetako estadioan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain-Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko apirilaren 8a
10:53
Entzun

Ostegun goizean Donostiako Anoeta estadioan AstraZenecaren lehen dosia jartzeko ordua zuten pertsonei jakinarazi diete bertan behera utzi dutela, behin-behinean, txertaketa. Gaurko 400 pertsona zeuden deituta Anoetara txertatzera joateko, baina ordu denak bertan behera utzi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak —Anoetako txertaketa gunea hark kudeatzen du—.

Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek BERRIAri baieztatu diote «halabeharrez» eten behar izan dutela gaurko aurreikusitako txertaketa, atzo Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek txerto hori 60 eta 65 urte artekoei soilik ematea erabaki ondotik. 60 eta 65 urte bitartekoei txertoa eman ahal zaie, baina gaur Anoetan ordua zuten 400 lagunen artean oso gutxi ziren adin tarte horretakoak, eta, oraingoz, gaurko deituta zeuden txertaketa guztiak etetea erabaki dute. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailetik irizpide zehatzak jaso artean hartu dute erabakia, foru aldundiko iturrien arabera. Gaurko ordua zutenei beste txanda bat emango dietela jakinarazi diete.

Nafarroako Gobernuak atzo ohar bidez jakinarazi zuen aurrerantzean ere AstraZeneca txertoarekin txertatuko dituela 60 eta 65 urte artekoak, baina txertaketa eten egingo duela 60 urtetik beherakoetan. Aste honetarako AstraZenecaren txertoa jartzeko ordua zuten pertsonei jakinaraziko diete ordua bertan behera utzi dietela. Gaur arte, 21.000 lagunek jarria dute Nafarroan AstraZenecaren lehen dosia.

Ipar Euskal Herrian, bigarren dosiarekiko kezka

Frantziako Osasun Aginte Gorenak gomendatu du 55 urtetik beherako herritarrei bakarrik jartzea AstraZeneca txertoa. Isabelle Blanchard Baionako ospitaleko medikuak baieztatu du Ipar Euskal Herrian 55 urtetik gorakoei soilik ez dietela jartzen txerto hori. Zehaztu du txerto horren dosiak «puntualki» jasotzen dituztela txertaketa kanpaina hasi zenetik. «Parte handiz», osasun langileak izan dira txerto hori jarri dutenak, AstraZeneca txertoaren lehen etetea gertatu aitzin.

Blanchardek kezka agertu du lehen dosia jarria duten 55 urtez beherako osasun langileentzat. Oraingoz, Frantziako Osasun Aginte Gorenak ez du irizpiderik eman jakiteko bigarren dosiarekin nola jokatu beharko duten. Blancharden arabera, datorren astean eman beharko lituzke irizpideak osasun aginteak. Eusko Jaurlaritzak ere onartu du ez dakiela nola jokatu behar duen AstraZenecaren lehen dosia soilik hartua zutenekin.

Dena dela, Ipar Euskal Herriko hamahiru txertaketa guneetan Pfizer eta Moderna txertoak jasotzen dituzte gehienbat, Blancharden arabera. Hala, ez du uste txertaketa kanpainaren bizkortzean eragin handirik izango duenik: «Orain arte, edozein gisaz, txerto horren dosi gutxi jasotzen genituen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.