Albistea entzun

Heriotza

Iñaki Aldekoa diputatu eta preso ohia hil da

Herri Batasunarekin Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Kongresuan aritu zen. Aralar alderdiko buruzagitzako kidea izan zen gero.

Iñaki Aldekoa Azarloza, 2011. urtean, Aralarren ekitaldi batean.
Iñaki Aldekoa Azarloza, 2011. urtean, Aralarren ekitaldi batean. Juanan Ruiz / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko apirilak 8

Hitza 2014ko azaroaren 8an erabili zuen, Aralarreko zenbait kide gogoetan ari zirela-eta ezker abertzaleko orduko bi sentsibilitateak bat egiteko aukeraz; esan zuen Aralar ez zela sortu ezker abertzaleko «beste» alderdi bat izateko, ez zuela «bokazio» hori. Aipatutako bat egitera urratsak eginez gero, «bizpahiru urte barru Aralarrek ez luke alderdi gisa egon beharko». Izan ere, Iñaki Aldekoak ezkerreko subiranismoa izan zuen bokazio. Herri Batasuneko sortzaile izan zen lehenik, eta Aralarren bidea hartu zuen hurrena. Behin EH Bildu eratuta, ezker abertzaleko bi ildoen batasuna defendatu zuen. 81 urte zituela hil da.

Ibilbide luzea da Aldekoarena (Zornotza, Bizkaia, 1940). Ingeniari kimikoa zen ikasketaz, eta EGIn hasi zuen militantzia politikoa. Preso egon zen urtebetez Bilbon. ETA Berrin aritu zen, baina berehala utzi zuen. 1977an, Euskal Sozialista Biltzarreko idazkari nagusi aukeratu zuten, eta bide horretatik hartu zuen parte Herri Batasunaren sorreran, 1978an. Mahai Nazionaleko kide izan zen 1990eko hamarkadaren hasierara arte. Urte horietan, ordezkaritza instituzionalean ere aritu zen: Nafarroako parlamentari izan zen 1979tik 1991ra bitarteko legealdietan, eta Espainiako diputatu 1986tik 1987ra, Nafarroatik. Garai horietan ere ezagutu zuen kartzela: 1983tik 1985era bitartean egon zen preso, ETAri laguntzea egotzita. Horren ondoren, Espainiako Gobernua eta ETA Aljerian eseri ziren elkarrizketa mahaian (1989), eta ETAren aholkularien taldean hartu zuen parte.

Elkarrizketa horiek porrot egin zuten, eta Aldekoa gero eta kritikoago ageri zen estrategia politiko-militarrarekin. 1992an, HBko Mahai Nazionaletik irten zen, eta Lizarra-Garaziko prozesuaren ostean, baita ezker abertzalearen ildo nagusitik ere. Aralarrek ezker abertzale barneko «iritzi korronte» gisa argitaratu zuen lehen idatzia 2000ko maiatzaren 21ean, eta sinatzaileen artean zen Aldekoa; gerora, Alderdiaren sorreran hartu zuen parte. «Historikoki borroka armatuak esanahi eta eduki bat izan badu ere, egun ez du zentzurik, eta ETAk borroka utzi behar luke», esan zion Euskaldunon Egunkaria-ri 2002ko abenduko elkarrizketa batean. Alderdi horretako kide zela aukeratu zuten Arabako batzarkide, 2007tik 2011ra.

2011n eman zuen ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko etenaren berri; urrian gertatu zen hori, eta azaroan, elkartuta aurkeztu ziren ezker abertzaleko bi ildoak Espainiako Gorteetako hauteskundeetara, EArekin eta Alternatibarekin batera, Amaiur koaliziopean. Bat egite horren aldekoa zen Aldekoa, eta hala adierazi zion BERRIAri 2014an: «Hiru oinarri finkatu genituen. Batetik, ezker abertzale politiko, zibil eta demokratikoa nahi genuela esan genuen, eta horretarako ETAk borroka armatua erabat utzi behar zuela. Bigarrenik, Euskal Herriaren eraikuntzarako bertako hiru erabakitze esparruak, hiru eremu administratiboak errespetatu behar direla genioen: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Eta hirugarren ideia zen ezker abertzaleak barne egitura demokratikoak behar dituela: kongresuak, afiliatuak... Ez dugu esan nahi arrazoia gurea izan denik, baina gaur egun Sortuk hiru oinarri haiek bereganatuak ditu. Aralar ez denez aldatu, badaude baldintzak bien arteko bat egiteari buruz harremanak hasteko. Eta garrantzitsua litzateke berehala ekitea».

Nafarroako Parlamentuak doluminak adierazi ditu heriotzaren aurrean. Sortuk Aldekoa oroitzeko hitzak izan ditu, eta «besarkada sentikor bat» helarazi die senide eta hurbileko lagunei: «Aldekoa errepresaliatu politiko bat izan zen, herri honen independentziaren alde aritzeagatik espetxeratu zutena. Haren konpromiso militantea balioan jarri eta aitortu beharra dago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Manifestazio burua, Askatasunaren hiribidea zeharkatzen. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Espetxeetako «pitzadura» zabaltzeko deia

Jon O. Urain

Presoen askapena eskatzeko manifestazioak egin ditu Sortuk hiriburuetan. «Orain arteko ahalegina biderkatzea» galdegin du Altunak
Euskal presoen aldeko manifestazioa Donostian

Espetxeetako hormen «pitzaduran» sakontzera deitu du Sortuk

Jon O. Urain

Manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean.

Arnaldo Otegi, joan den astazkenean, Eibarren (Gipuzkoa). ©Maialen Andres / Foku

EH Bilduk Otegi proposatu du koordinatzaile karguan jarraitzeko

Jon O. Urain

Mahai Politikoak gaur eman du federazio subiranistaren zuzendaritzarako proposatu dituen izen-abizenen berri.

Garamendi eta Iceta, martxoan. ©J.J. Guillén / Efe

Jaurlaritzak urriaren 1etik aurrera eskuratuko du espetxe eskumena

Jon O. Urain

Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean bilduko da, akordio hori izenpetzeko. Errepide garraioaren, ISSNaren eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskumenen inguruan ere ados jarri dira bi gobernuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna