Zergak

Bidenek multinazionalak zergapetzeko proposamen bat egin dio OCDEri

Ontzat hartu du herrialde bakoitzeko salmenten araberako tasa bat ordaintzea. Bere azpiegitura plana ere enpresek pagatzea nahi du.

Joe Biden, asteazkenean, bere inbertsio planari buruzko xehetasunak ematen. LEIGH VOGEL / EFE
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 8a
18:17
Entzun

OCDE bere Ever Given partikularra gainditzear dago. Urteak daramatza multinazionalik handienen zerga ihesa eteteko nazioarteko akordio baten bila, baina beti izan du aurrez aurre itsasontzi handi bat bere ubidea trabatzen: Ameriketako Estatu Batuak, Google, Apple, Amazon eta beste enpresa teknologiko erraldoi batzuen interesak defendatzen. Baina egoera aldatzeko bidean jarri du Joe Biden AEBetak presidente berriak. Proposamen bat egin dio OCDEri multinazional handiak zergapetzeko, Frantzian, Espainian, Italian eta beste leku batzuetan indarrean jarri diren Google tasaren bidetik; hau da, enpresen irabaziak kontuan izan beharrean, herrialde bakoitzean egiten dituzten salmenten araberako tasa bat ezartzea.

Bi frontetan ari da borrokan Biden enpresek zerga gehiago ordain ditzaten, eta horrela uler daiteke OCDEri helarazitako proposamena. Izan ere, 1,9 bilioi euroko inbertsio plan bat aurkeztu zuen joan den astean, eta enpresen irabaziek ordaintzea nahiko luke. Donald Trumpek %35etik %21era jaitsitako sozietate zerga %28ra igo nahi du, eta, hobari guztiak kontuan hartuta ere, gutxieneko tasa bat jarri nahi du, enpresek ez ditzaten irabaziak paradisu fiskaletan ezkuta.

Asmo horretan lagunduko lioke nazioartean gutxieneko tasa bat izatea, inork ez bailioke aurpegiratuko AEBetako konpainiei kalte egitea besteen mesedetan. Enpresa handien oposizioa ez ezik, errepublikanoena eta demokrata batzuena ere gainditu beharko du Bidenek bere azpiegitura plana onartzeko, eta argudioak beharko ditu horretarako.  

Financial Times-ek isilpean jakinarazitako proposamenean, Washingtonek dio munduko multinazionalik handienei eta errentagarrienei soilik ezarri beharko litzaiekeela nazioarteko sistema berria. Beren sektorea kontuan hartu gabe, haien diru sarrerak zergapetuko lirateke, hartara ziurtatzeko gutxieneko kopuru bat ordaintzen dutela. Gaur egun, ohikoa da multinazional horiek beren irabazi gehienak zerga txikiko herrialde batean deklaratzea (Irlandan, Herbehereetan...), eta ia dirurik ez uztea salmentak benetan egin dituzten lurraldeetan. AEBetako erraldoi teknologikoen kasuan batik bat, ez da salbuespena beste urrats bat egitea, eta dirua Karibeko paradisu fiskaletan pilatzea, AEBetan ahalik eta gutxiena ordaintzeko aukera duten arte.

Harrera ona

OCDEko zerga gaien arduradunak, Pascal Sant-Amansek, harrera ona egin dio AEBetako Gobernuaren aldaketari: «Negoziazioak suspertuko ditu. Proposamen serioa da, eta badu aukerarik aurrera egiteko nazioartean eta AEBetako Kongresuan». Europako herrialdeek ere ontzat jo dute, baina Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak ohartarazi du ez duela bere Google tasa bertan behera utziko OCDEn akordioa izan arte. Aurreratu dute litekeena dela udan lortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.