Peru

Castillo eta Fujimori, bigarren itzulira igarotzeko faboritoak

Peru Libreko hautagaiak herrialdeko eremurik pobreenak mugiaraztea lortu du. Fujimorik aurrea hartu beharko die eskuineko beste bi hautagaiei, Lopez Aliegari eta De Sotori. 

Pedro Castillo hautagaia, atzoko emaitza ospatzen. FRANCISCO VIGO / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 12a
13:02
Entzun

Azken asteetako inkestek sei hautagai erakutsi zituzten bigarren itzulira igarotzeko aukerekin. Peruko presidentetzarako hauteskundeen lehen emaitzek, baina, amaiera eman diete horietako biren asmoei: aukerarik gabe geratu dira Yonhy Lescano eta Veronika Mendoza. Kontrara, lehen kalkuluen arabera, Pedro Castillo eta Keiko Fujimori dira Peruko presidentetza lortzeko borrokan jarraitu dezaketen biak. Peru Libre alderdi ezkertiarreko buruak botoen %15,8 eskuratuko lituzke, eta, aldaketa handirik ezean, gertu du bigarren itzulia. Eskuin autoritario izan dezake aurrez aurre, Fujimori hirugarren aldiz jarraian igaro baitaiteke bigarren itzulira, kalkulu estatistikoen arabera. Halere, oraingoz laugarren lekuan (botoen %12,2) dago zenbaketa ofizialetan, Hernando de Soto (%14,5) eta Rafael Lopez Aliegaren (%13,1) atzetik. Tarte txikiak medio, azkenera arte itxaron beharko da emaitza zehatzak jakiteko; horiek maiatzeko lehen astean irits daitezke.

«Gaur begietako bendak kendu dizkiogu Peruko herriari», azaldu du Castillok lehen emaitzen berri izan bezain laster. 2017ko irakasle grebaren erreferenteetako bat izan zen Peru Libre alderdiaren hautagaia, eta, azken urteetako egoera politiko eta ekonomikoa txarrari aurre egiteko, arlo ekonomikoan ezkerrera egin beharra nabarmendu du, esanez orain hasiko direla «aldaketa eta borroka». Lima hiriburuan ─han bizi da Peruko herritarren laurdena─ botoen %5 besterik ez du lortu oraingoz, baina herrialdeko eremu pobreenetako batzuetan %50eko langa gainditzera iritsi da. 

Bigarren itzulira berriz igaro daiteke Keiko Fujimori ere, haren aita Alberto Fujimori presidente ohiaren ─preso dago giza eskubideen aurkako krimenengatik─ oinordekoa. Haren bideari jarraipena ematearen aldeko diskurtso batekin lortu zuen leku bat 2011n, harengandik aldenduz 2016an, eta, oraingoan, fujimorismoaren aldarria berreskuratzeak eraman dezake ekaineko bozketara; besteak beste, aita indultatuko duela azaldu du.

Aurreko bi hauteskunde kanpainak legez kanpo finantzatzeaz akusatuta dago Fujimori, eta, inkesten arabera, herritarren %65ak ez luke sekula emango Herriaren Indarra alderdiko hautagaiaren aldeko botoa. Halere, Castillo bigarren itzulira igarotzeak boto kontserbadorea haren inguruan biltzea eragin lezake. Gauzak hala, «batera lan egiteko» asmoa adierazi dio De Sotori ─Alberto Fujimoriren aholkulari ekonomikoa izandakoa─, «bigarren bozketara nor igaro kontuan izan gabe», Castillok ordezkatzen duen «ezker muturrari» aurre egiteko. Hari soilik ez, herrialdea «Kuba edo Venezuela» bilakatzearen aurka daudenei ere egin die keinu.

Kongresurako bozak ere egin dituzte Perun, eta gutxienez 11 alderdik lortuko lukete eserlekuren bat, botoen %5,4 eta %10,7 artean eskuratuta. Herri Ekintza ─liberalak─ eta Peru Libre alderdiak lirateke bozkatuenak, eta atzetik leudeke fujimorismoa eta Herri Berrikuntza ─eskuina─. Gauzak hala, polarizazioa izango litzateke nagusi ganberan, eta beharrezkoak izango lirateke alderdi ugariren arteko akordioak gehiengoak eskuratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.