Bafta sariak

BAFTA sariak: ‘Nomadland’ nagusi, lau sarirekin

Film, zuzendaritza, emakumezko protagonista eta argazkilaritza onenen sariak jaso ditu Chloe Zhaoren filmak

'Nomadland' filmaren fotogrametako bat. BERRIA
Berria
2021eko apirilaren 12a
14:09
Entzun

Zazpi izendapen zituen Nomadland filmak 74. BAFTA sarietarako, eta horietatik lau eskuratu ditu. Atzo ospatu zen Erresuma Batuko Zinema Akademiak banatzen dituen sarien ekitaldia, eta Chloe Zhaoren pelikula izan zen protagonista nagusia, pelikula, zuzendari, emakumezko protagonista eta argazkilaritza onenen sariak jaso baitzituen. Karabanan bidaiatzen duen AEBetako nomada baten istorioa kontatzen du ekoizpenak —Frances McDormand aktoreak gorpuztua—, aldi baterako lanak egiten bizirik irauten duen emakume batena. Atzoko sariez gain, bi Urrezko Globo jaso ditu dagoeneko, eta zazpi izendapen ditu Oscar sarietarako.

Zazpi izendapen zituen orobat Rocks pelikulak, eta bi sari irabazi zituen: casting onenarena eta aktore berri onenarena. Soinu banda onenaren eta animaziozko film onenaren sariak Soul filmari egokitu zitzaizkion; The Father  gailendu zen aktore onenaren eta gidoi egokitu onenaren kategorietan; eta Sound of Metal-ek jaso zituen soinu onenarena eta muntaketa onenarena. Promising Young Woman izendatu zuten pelikula britainiar onena, eta hura izan zen, halaber, gidoi originalik onena. Druk ekoizpen danimarkarra gailendu zen ingelesezkoak ez ziren filmen artean.

Ma Rainey’s Black Bottom-ek ere bi garaikur jaso zituen, makillaje onenarena eta arropa diseinurik onenenarena. Aldiz, bakarra lortu zuten ondoroengo film hauek: Tenet —efektu espezialak—, Minari —taldeko emakumezko aktorea—, Judas and the Black Messiah —taldeko gizonezko aktorea—, Mank —ekoizpen diseinua—, His House —zuzendari, gidoigile edo ekoizle britainiar berria—, My Octopus Teacher —dokumentala— eta The Present —film labur britainiarra—. Bestalde, Noel Clarkeri egokitu zitzaion zinema britainiarrari ekarpenik onena egin dionaren saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.