Brasilgo Auzitegi Gorena pandemiaren kudeaketa ikertzen hasi da

Oposizioko senatari talde batek eskatuta sortu dute ikerketa batzordea. COVID-19ak 360.000 hildako eta 13,6 milioi kasu eragin ditu herrialde hartan.

Kanpainako ospitale bateko gela bat Sao Paulon. SEBATIAO MOREIRA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 15a
10:01
Entzun

Birus batek jarri du azkenean Brasilgo presidente Jair Bolsonaro estutasunean. Eskuin muturreko buruzagiak hasieratik egin du zientzialariek COVID-19a kontrolpean hartzeko aholkuen aurka, mitin jendetsuak eginez eta jendaurrean maskararik gabe agertuz, baita itxialdiak ezartzeko neurriak albo batera utziz ere, nahiz eta pandemia hasieratik herrialde hura izan kasu gehien izan dutenetan bigarrena. Azken hilabeteetan, ordea, bere kargua kolokan ikusita, atzera egin du Bolsonarok, eta, kritikak isilarazteko ahaleginean, dagoeneko lau Osasun ministro izendatu ditu epe laburrean. Baina osasun krisiak oposizioa indartu du, eta, goraldia baliatuta, pandemiaren kudeaketa ikertuko duen batzorde bat osatzea lortu dute presidentearen aurkariek.

Brasilgo Auzitegi Gorenak atzo baieztatu zuen oposizioko senatari batek bezperan egindako eskaria. Hala, dagoeneko osatu dute ikerketa batzordea. 11 kide izango ditu orotara: bost, oposizioko alderdietakoak edo oposiziotik gertukoak direnak; lau, gobernuko kideak eta Bolsonarorengandik gertukotzat jotzen direnak; eta bi, independenteak.

Goreneko epaile Luis Barrosok zehaztu zuen eztabaidagai dagoena ez direla soilik erabaki politikoak, baizik «Konstituzioa bete ote den, eta gutxiengo batek pandemia betean botere politikoa fiskalizatu» ote duen. Haren esanetan, pandemiak okerrera egin izanak behartu du auzitegia batzordea osatzera. Izan ere, oposizioa otsailetik ari zen halako ikerketa bat eskatzen. Orain hurrena, Senatuko presidenteak erabaki beharko du nola lan egingo duen batzordeak.

Gorenak ikerketa batzordea osatzea onartu baino ordu batzuk lehenago, Bolsonarok gogor jo zuen oposizioak bultzatutako urratsaren aurka, eta ohartarazi zuen herrialdea «bolbora upel bat» dela, eta «arazo larriak» izango dituela koronabirusaren aurkako neurri murriztaileak hartzen badira. «Herrialde osoa ixten badugu, gizarte arazo sakonak sortuko dira. Ez naiz inor mehatxatzen ari, baina uste dut laster arazo larriak izango ditugula. Herriak lan egin nahi du, eta nik herriak nahi duena egiten dut».

Egoera larria Sao Paulon

Bien bitartean, egoerak okerrera egin du herrialdean. COVID-19ak jota larri dauden gaixoak intubatu ahal izateko materiala eskatu zuen atzo Sao Pauloko gobernadoreak, eta ohartarazi beharrezko tresneria 24 orduko epean iritsi ezean erietxeak kolapsatu egingo direla. Estatuko Osasun idazkari Jean Gorinchteynen esanetan, egun dituzten botikek «egun batzuk» soilik iraungo diete. Estatuko arduradunak joan den asteartetik ari dira materiala eta botikak eskatzen lurraldeko 643 erietxeetarako.

46 milioi biztanle bizi dira Sao Paulon, eta han dute ospitale gehien ere. Hori dela eta, agintariek ohartarazi dute han erietxeak kolapsatzen badira herrialde osoan izango duela eragina. Hala ere, botika eskasia ez da estatu hartako arazoa soilik; lurralde gehienetan arazo bera dute. Pandemiak hildakoen kopuruak ere nabarmen egin du gora azken astean, eta batez beste eguneko 4.000 hildakoraino heldu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.