Zinema

36 film erakutsiko dituzte Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian

Apirilaren 23an hasiko da jaialdia, hilaren 30era bitarte. 22 film luze eta 14 labur izango dira denera, eta beste hainbat jarduera ere barnebilduko ditu egitarauak. Montxo Armendarizek eta Puy Oriak jasoko dute omenezko saria, eta 'Apaiz kartzela' estreinatuko dute.

Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiaren aurkezpena, gaur goizean, Viktoria Eugenia antzokian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itziar ugarte irizar
2021eko apirilaren 15a
13:37
Entzun

Pandemiaren hastapenetan oraindik, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak bertan behera geratu behar izan zuen iaz, eta, ordutik hona lerroburu ia denak bereganatu dituen gaia bilakatu den arren, badira arreta eta hedapena behar duten beste hamaika auzi ere. Hala defendatu du Joxemi Beltran Donostiako jaialdiko zuzendariak gaur goizean, zinemaldiaren 18. aldia aurkeztean. Azaldu duenez, programa "zuhurra" ondu dute aurten, baina "ohi duen aberastasuna" galdu ez duena. Denera, 36 film erakutsiko dituzte: 22 luze eta 14 labur; adituekin solasaldiak izango dira, baita giza eskubideei lotutako azokak eta erakusketak ere. Hori guztia, giza eskubideen defentsaren eta urraketen inguruko "hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea" bultzatzeko asmoz eta zinema horretarako tresna izan daitekeen ustean.

Beltranek adierazi duenez, dokumentalaren generotik heldu ohi da giza eskubideak ardatz dituzten ekoizpenen parte handi bat, eta hala erakutsiko du aurtengo jaialdiaren egitarauak ere. Sail Ofizialaren barruan izango diren hamalau film luzeen artean —11 izango dira lehian—, migrazioa izango da gai nabarmenetako bat: Javi Julioren Aita Mari-k (lehiaketatik kanpo), Alfredo Torrescallesen Vidas menores-ek (solasaldiarekin) eta Luca Lucchesiren Black Jesus-ek landuko dute.

Oroimena izango da beste gai ardatzetako bat, eta jaialdiko zuzendariak hor kokatu du Apaiz kartzela-ren estreinaldia: 1960-1970eko urteetan Zamoran (Espainia) espetxeratuta eduki zituzten lau apaiz antifrankistaren istorioari buruzkoa da lana, Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Aranzabalek zuzendua. Memoriaren multzo berean sar daitezke, halaber, ondoko hiru lan hauek: Sarajevoko gerra oroituko du Album de Posguerra-k (Angel Leiro, Airy Maragall); zuzendariaren aitak ETArekin izan zuen lotura du langai Traidores-ek (Jon Viar), eta 100 urte betetzera heldu diren hainbat pertsona hizketan jarriko ditu 100UP-ek (Heddy Honigmann). Azken horren inguruan ere izango da solasaldi bat filma ikusi ostean.

Eta adineko jendearen bizipenetatik, gazteenetara. Sarean jazotzen diren adingabeenganako sexu erasoak izango ditu hizpide Caught in The Net lan txekiarrak (Barbora Chalupova, Vit Klusak); AEBetako eskoletan armagintzak eta segurtasunaren negozioak sortzen dituen egoerak agertuko ditu Bulletproof-ek (Todd Chandler), eta Txetxeniako LGTBIfobiaz ariko da Welcome to Chechnya.

Fikziozko lanek ere izango dute, baina, beren tokia. Mohammad Rasoulofen There Is No Evil eta Massoud BakhsirenYalda, a Night for Forgiveness filmak, adibidez. Bakhsik zuzendutako ekoizpenak Maryamen istorioa kontatuko du – 22 urte ditu–, zeinari heriotza zigorra ezarriko dioten 65 urteko senarra hil izanagatik. Hori izango da, hain justu, inaugurazioan aurkeztuko duten filma. Eta itxierakoa, berriz, Eric Barbierren Petit pays, Burundi eta Ruanda arteko gerra zibilean kokatutako kontakizuna.

Mendebaldeko Saharari arreta berezia

Sail Ofizialaren barruan baina lehiaz kanpo erakutsiko duten beste lan berezi bat Ocupacion S. A. izango da. Laura Daudenek eta Sebastian Ruiz-Cabrerak zuzendu dute, eta Mendebaldeko Saharako gatazkan enpresaburu eta politikari espainiarrek izandako parte hartzea aletzen du dokumentalak, Mundubat GGKEak ondua. Gai ezaguna da Donostiako jaialdiarentzat kanpamentuetan bizi diren sahararrena, besteak beste 2010etik Fisahara Nazioarteko Saharako Zinema Jaialdiarekin senidetu zenetik. Aurten, ordea, arreta berezia jarri gura izan dute kanpalekuetako egoeran, iragan azarotik sahararren aurkako jazarpena areagotu egin dela ikusita. Hala, hilaren 25erako "saio monografikoa" prestatu dute, eta, Ocupacion S.A.-rekin batera, Daniel Suberviola zinemagilearen Mutha y la muerte de Hamma-Fuku labur saritua ere erakutsiko dute Antzoki Zaharrean, 12:00etan hasita.

Hain zuzen, Antzoki Zaharrak hartuko ditu aurten ere emanaldi gehientsuenak, Viktoria Eugenia antzokiarekin batera. Horietatik kanpo, beste bi film erakutsiko dira: Ray Yeungen Suk Suk —Kresala Zineklubaren eskutik, hilaren 20an, Trueba aretoan—, eta Rithy Panhen Irradiés —hilaren 27an, Tabakaleran—. Edukiera neurriak direla eta, aurten banakako sarrerak soilik izango dira salgai, eta astelehenean 11:30etik aurrera eskuratu ahalko dira, leihatiletan zein Internet bidez.

Laburren maratoia eta sari bikoitza

Berezitasun gisa, film labur guztiak bata bestearen ondotik erakutsiko dituzte aurten, "laburren maratoi indartsu batean", Beltranen hitzetan. Hilaren 24an izango da, 17:00etan, eta hogei minututik beherako 11 lan ikusi ahalko dira —ez da izango euskarazkorik—: 16 de decembro (Alvaro Gago), Bad Omen (Salar Pashtoonyar), Biografía del cadáver de una mujer (Mabel Lozano), Carne (Camila Kater), La Chasse (Ryan Jogi), Confinés dehors (Julien Goudichaud), La espera (Jakob Krese, Danilo Do Carmo), Masha/Masza (Krzysztof Chodorowski), Petit poussin (Nadia Anebri), Stillleben/The Caretaker (Roland Puknat) eta Une nouvelle page (Benjamin Clavel).

Jaialdiak banatu ohi duen omenezko sarian ere bada berrikuntzarik aurten. Bakarra eman ohi dute urteko, baina antolatzaileek bi banatzea erabaki dute aurten: Montxo Armendariz zuzendariari eta Puy Oria ekoizleari. Elkarrekin lanean hasi aurretik, hamaika proiektu gidatu zituen bakoitzak bere arloan, harik eta 1999an Oria Films ekoiztetxea sortu zuten arte elkarrekin. Han produzitu zituzten, besteak beste, Silencio roto (2001), Escenario móvil (2004), Obaba (2005) eta No tengas miedo (2011). Beltranen hitzetan, "beren filmetan erakutsitako konpromiso sozialagatik" jasoko dute aitortza. Horren erakusgarri, Silencio roto-ren proiekzio bat prestatu dute hilaren 29rako; kasu horretan ere, solasaldi batez lagunduta.

Filmen artean, gainera, ohiko hiru sariak banatuko dira: Ikusleen Saria film luze onenari, Gazte Epaimahaiaren Saria film labur onenari eta Amnesty International saria, erakunde horretako kideek eta zinema industriako profesionalek osatutako epaimahai batek erabakiko dutena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.