Eremu gorriko herrietan sartu eta irtetea galaraziko zaie mendizale federatuei ere

Eusko Jaurlaritzak federatutako kirolarientzako arauak aldatu ditu, eta lehian ari ez diren kirolariak ezingo dira eremu gorritik atera edo bertara sartu.

Mendigoizale bat Gorbeia mendia igotzen, Bizkaiko aldetik. JUANAN RUIZ/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 16a
16:01
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kirolari federatuentzako neurri berria jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak: eremu gorrian dauden herrietan sartu eta irtetea debekatu du, egutegi ofizialak baimendutako lehiaketetarako edo entrenamendurako ez bada. Orain arteko legeak hiru herrialdeen arteko mugikortasuna baimentzen zien federatutako kirolariei, baina, hemendik aurrera, hori bermatu ahal izateko lehia ofizialeko parte izan beharko dute.

«Gure kasuan, mugikortasuna oso garrantzitsua da», azaldu du Iñaki Garai Euskal Mendizale Federazioko kideak. Uste du joan-etorriak murrizteak eragin nabarmenak izango dituela mendizaleen jardunean, uste baitu mugitu ahal izatea beren kirolaren «nortasunaren parte» dela. Hain zuzen ere, legea federatu guztientzat da, baina uste du balitekeela mendizaleen kasuan eragina nabarmenagoa izatea, hori delako beren oinarria.

Eremu gorriko herrietan sartu eta irtetea murrizten du legeak, baina bada hori baimentzen jarraitzeko salbuespen bat: lehia ofiziala. Beste mota bateko zenbait kirol -futbola, esaterako- lehiaren inguruan ardazten dira, eta, beraz, neurriak ez liekete eragingo. Baina, mendizaleen kasuan, kalte berezia egin diezaiekeen neurria dela uste du Garaik. Izan ere, esan du mendiko txapelketa gehienak atzeratu edo bertan behera utzi dituztela. Horrez gain, adierazi du federatu gehienek ez dutela lehietan parte hartzen: «Gure federazioko gehienek ez dute parte hartzen lehiaketetan, eta baliteke horregatik guk gehiago jasatea murrizketa hori».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.