Albistea entzun

Musika

Berrioren kantuak, disekzionatuta

Rafael Berrio musikariaren hainbat kantu aztertu dituzte Harkaitz Canok eta Rafa Ruedak Donostian, ‘Abesti baten anatomia’ ekitaldian. Haren lan egiteko metodoa ere ekarri dute gogora.

Rafa Rueda eta Harkaitz Cano, atzo, Donostian.
Rafa Rueda eta Harkaitz Cano, atzo, Donostian. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2021eko apirilak 16 18:20

«Triste, triste gaude, Saturno, medikuen aitzakian usadiozko ardoa kendu diguzulako. Gure etena oinazean. Berpizle arnasean, ahaztura landatzean». Rafael Berrio musikariak (Donostia, 1963-2020) gaztelaniaz idatzitako Saturno kantuaren euskarazko itzulpenari erreparatu dio Harkaitz Cano idazleak Berrioren testuen egiazkotasunaz gogoeta egiteko. Bere iritziz, «euskaraz ere ondo funtzionatzen du hitzak», eta jatorrizkoari egotzi dio dohain hori. «Jatorrizkoan bada egiazko zerbait, proba guztiak gainditzen dituena». Berrioren hitzak eta musikak eskuetan, haien «disekzioa», egin zuten Canok eta Rafa Rueda musikariak, atzo arratsean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

2020ko martxoaren 31n hil zen Berrio, eta, efemerideari lotuta, musikariaren gaineko erakusketa zabaldu zuten heriotzaren urtemugan Ernest Lluchen. Horren osagarri, Berrioren obra gogora ekarriko duten hainbat ekitaldi eta kontzertu antolatu dituzte kultur zentroan, eta baita hiriko beste eremu batzuetan ere. Horietako lehenengoetarikoa izan zen atzo Canok eta Ruedak egindakoa.

Hitz guztiei euren garrantzia aitortzen zien sortzailea izan zen Berrio. Kantuak behin eta berriro berridazten zituen artista. Idatzi eta ezabatu. Adjektiboz josi letra bat lehen bertsio batean, eta apurka-apurka, denak erauzten joan. Oinarrizkoarekin gelditu arte.

Eskuz idatzitako kaieretan zirriborratzen zituen Berriok gero kantu bilakatuko zituen hitzak. Haien artean arakatu du Canok azken hilabeteetan, eta aurkitu ditu, era berean, Berrioren literatur ganbara urteetan elikatu zuten idazleen aipu mordoxka: Thomas Bernhard, Fernando Pessoa, G.K. Chesterton, Miguel Unamuno, Victor Hugo, Benito Perez Galdos, Ernesto Sabato, Pio Baroja... Haiek irakurri eta haiengandik jaso. Biak egin zituen musikari donostiarrak, eta bere hitzetara ere eramaten zituen besteei leitutako hitz, kontzeptu eta esamoldeak. Adibide bat: Algo delicado y difícil, Deriva taldearen Harresilanda diskoko kantu baten izenburu eta lelo nagusia. Canok jakinarazi zuenez, Perez Galdosen La desheredada nobelako pasarte batean azaltzen dira hitz berberak. Ordena berean. «Berrioren iturri literarioak oso agerikoak dira».

Kantu baten berridazketa
Berriok idatzi eta berridatzi egiten zuen. Mis amigos kantuak bere azken forma hartu arte egindako bidea da horren erakusle garbia. Urteen joanean, 23 bertsio izan zituen behin betikoaren aurretik. Hain zuzen ere, kantu horretatik abiatuta, Angel Aldarondok ikus-entzunezko bat prestatu du Berrioren lan metodoa azaltzeko. Proiekzioak obraren bilakaera erakusten du, zenbait ahalegin bata bestearen gainean jarriz. «Berridazketa den idazketa» da Berriorena, Canoren iritziz. Eta berridazketa den idazketa horretan hartutako erabaki ia guztiak onerako izan zirela uste du idazleak. Osteguneko saioan erabaki horiek guztiak aletu zituen Canok, eta baita horietako bakoitzaren arrazoiez «espekulatu» ere.

Ruedak ere begiratu zion kantuari, eta gogorarazi zuen Berrioren grabazioek agerian uzten dituztela kantu bilakatu ez ziren kantu posibleak. «Hurrenkera horretan, guk ezagutu dugu azken bertsioa, diskoan atera zena. Guretzat, ezinbestean, hori da onena». Baina hori, neurri batean, «engainu bat» izan daiteke Ruedaren ustez, Mis amigos-en grabazio ugariek erakusten dituztelako une jakinetan hartutako hautu melodikoak. Bitxikeria bat ere aipatu zuen: Mis amigos-en hitzari jarritako hamaika melodietako bat geroago erabili zuen beste kantu batean: El mundo pende de un hilo-n. 

Ruedak Joserra Senperenaren bitartez ezagutu zuen Berrio, eta azken horren Paradoja diskoan (2015) parte hartu zuen. Lan hura aurkezteko Donostian emandako kontzertu batean otu zitzaion Berrioren kantuetako baten bertsioa egingo zuela egunen batean. «Bakarrik jo zuen Como iba yo a saber, talderik gabe, eta ni izugarri hunkitu nintzen, negarrez bukatu arte. Bertsio bat egingo nuela esan nion, eta berak erantzun: ‘Letra piloa dauka!».
Como iba yo a saber Canok euskaratu du azkenean (Ez da erraza azaltzen), eta atzoko saioan ahapaldiz ahapaldi hartu behar izan dituen erabakiak azaldu zituen. Berrioren jatorrizkoari fidel batzuetan, askeago besteetan. Lan hori eginda, kantua Ruedaren ahots eta gitarratik entzutea besterik ez zen falta, eta horrela, Berriok 1971 diskoan (2010) grabatutako kantuaren euskarazko hitzekin amaitu zen ekitaldia: «(Ni naiz) ohean beste inon baino gusturago egon dena, egunsentien hurrenkera konprenitzen ez dudana, izan gaur izan bihar, bost axola izan zaidana. Esan zuk, maitea, ez da erraza azaltzen...»

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oraindik ez naiz igandeko zurrunbilotik guztiz atera»

Miren Mujika Telleria

Joanes Illarregi izan zen nagusi Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Eta, hain zuzen ere, garaipen horrek berak eman dio finalaurrekoetarako aukera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...