Haur Literatura

Yolanda Larreategik jaso du 39. Lizardi saria

Mariasun Landak eman dio saria irabazleari, Xabier Lizardi jaio zela 125 urte beete diren egunean. Jada martxan da 40. edizioa, eraberrituta.

Larreategi, sariaren irabazlea, gaur, Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo aretoan. Mariasun Landaren eskuetatik jaso du saria. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko apirilaren 18a
19:37
Entzun

Gaur 125 urte bete dira Xabier Lizardi jaio zela, eta, urtemugarekin bat eginez, Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) haur eta gazte literatura sustatzeko 39. Lizardi saria emateko ekitaldia egin du. Yolanda Larreategi markinarrak jaso du saria, Ur eta Lur lanarengatik. Ekitaldia, baina, ez da horretara mugatu, hurrengo urteko saria aurkeztu ere egin dutelako. Izan ere, Zarauzko Udalak sariketa berriztatzea erabaki du, eta ekitaldia baliatu du aldaketak jendaurrean ezagutzera emateko. Modelo aretoan izan da ekitaldia.

Sariaren berariazkotasunez gain, ekitaldia ere ez da ohiko modukoa izan. Kultur ekitaldia moldez antolatu dute, eta aurrerantzean urtero idazle bati eskatuko diote manifestu bat prestatu eta irakur dezala. Aurten, Mariasun Landa arduratu da horretaz, bera izan baitzen Lizardi saria jaso zuen lehena, Txan Fantasma lanarengatik, 1982an. Azaldu du «errealismo kritikoa» delako korrontea landu zuela lan horretan, eta horren muinean dagoela idatzietan gizarteko arazoak islatzea eta lantzea, haurrei horiek ezkutatu gabe. Izan ere, haurrentzako eta gazteentzako literaturaren inguruan daukan ikuspuntua ere azaldu du Landak, eta azpimarratu du literatura mota hori egitea ez dela «trantsizio literatura» egitea. Lan horien bidez haurrek eta gazteek bereganatzen duten edukiaren garrantziaz mintzatu da.

Bidenabar, musika ere izan da ekitaldian: Ane eta Antton Sarasuak eta Iban Isastik musika jarri diete Lizardiren poemei, eta Izotz-ondoko eguzki lana abesti bihurtu eta taularatu dute. Gaurko ekitaldirako sortu du lana hirukoteak.

Ekitaldia Miriam Mendozak aurkeztu du, eta hark azaldu du sariketari Lizardiren izena jarri izanaren zergatia: «Garai hartan euskal literatura indartu nahian ari ziren batzuk, eta Lizardi pauso handiak ematen ari zen olerkigintzan, kazetaritzan, antzerkigintzan nahiz haur literaturan». Bestalde, lehiaketak zarauztar baten izena behar zuen eraman, Mendozak gogorarazi duenez. Nabarmendu du, gainera, «euskaldunon kontzientzian txertatu diren» hitz eta eduki asko sortu zirela Lizardiren eskutik, «denbora, iragana, gizakia, heriotza, bizitza, euskara edota euskal tradizioa» lantzeko idatzitako lanen bidez. «Oso gazte hil zen, baina lan ederrak utzi zizkigun», esan du Mendozak. Gaurkoan, esaterako, Lizardiren Zeru-azpia olerkia irakurri du.

Erabakiaren zergatiak

Aurtengo edizioan Kati Olaizolak, Alex Gurrutxagak, Yolanda Arrietak eta iazko irabazle Idoia Garzesek osatu dute epaimahaia. Gaur Arrieta igo da Modeloko oholtzara, Yolanda Larreategi irabazle izendatzeko erabakiaren zergatiak azaltzeko eta Ur eta lur ipuin sarituko hainbat pasarte irakurtzeko. Arrietaren esanetan, «haurrentzako atmosfera erakargarria eskaintzen» du Larreategiren narrazioak, eta «haurrengana hurbiltzeko bi baliabide proposatzen» ditu: «Abere pertsonifikatuak eta abentura». Hausnartu du, gainera, ipuinaren bidez «handiok askotan atzean uzten goazen altxorrak oparitzen» dituela idazleak, besteak beste, «jolasa». «Berriro haurrak izatera jolasteko gonbita egiten» du egileak Arrietaren arabera, fantasia, abereak, jolasa eta lagunak uztartuta, nagusiki.

Epaimahaiko kideak hitza hartu ostean hartu du Larreategik Modeloko agertokia. Landaren eskutik jaso du 39. Lizardi saria, eta txalo artean hitz egin du gero, zeharo hunkituta. Adierazi du ohorea zela saritua izatea, eta «apaltasunez» jaso duela saria, baina baita harrotasun handiz ere.

Irakurtzearen eta idaztearen garrantziaz aritu da, bestalde, markinarra. Esan du ez direla denbora-pasa soil bat: «Sentimenduak eta balioak lantzen ditugu; ez soilik haurrengan eta gazteengan, baina bada txikitatik landu behar dugun zerbait». Balio horien artean aipatu ditu «enpatia, afektibitatea eta ongizatea». Idazteari dagokionez, ondorioztatu du idazten ez dena ez duela gero inork irakurtzen eta ezagutzen, eta «airean desegiten den burbuila bat» bilakatzen dela idazten eta azalera ateratzen ez den barne-mundu oro. 

40. sariketa prestatzen

38. Lizardi saria eman gabe gelditu zen, epaimahaiak ez baitzuen espero bezain maila egokia ikusi aurkeztu ziren lanen artean. Orduan, epaimahaikideen proposamenez, Zarauzko Udalak erabaki zuen egitasmoaren zenbait alderdi moldatzea. «Antzeman zen sariak inertzia bat hartua zuela urteen poderioz, eta zuzenketa bat behar zuela; aurrera begirako ikuspegi bat, eta hainbat aldaketa», adierazi du Agurtzane Aizpuru Kultura zinegotziak.

Konpromiso hori hartuta, sariketarekin lotura duten eragileekin elkartu ziren, eta zehaztu zituzten sariak izango dituen ezaugarriak: «Eragiteko puntu bat zera zen, ahalegin ekonomikoa sormenean jartzea; bada, sariaren beraren dirua handitu egingo da, eta argi adierazi idazleak zehazki zenbat jasoko duen, gordin». Udalak 5.500 euro ezarriko ditu; eta irabazleak 4.675 jasoko ditu, zergak atxiki ostean. «Bestetik, idazlea izango da lanaren jabea, eta berak bilatu beharko ditu argitaletxea eta ilustratzailea; behin aurkituta, udalak beste 1.000 euro jarriko ditu, ilustratzailea diruz laguntzeko, eta bikaintasuna lortzeko». Era berean, komunikazioa gehiago landuko dute, ahalik eta gardenena izatea lortzeko.

Hala, 39. saria «trantsiziokoa» izan da, eta 40.ak «hezurdura berria» izango du. Mendozak gogorarazi du abian dela 40. Lizardi Saria, eta egileek lehiaketara aurkez ditzakete haien lanak; uztailaren 14a izango da horretarako azken eguna. Aurtengo sariketan 33 lanez osatutako uzta lortu da, eta ikusteke dago zenbat lagunek hartuko duten parte hurrengo edizioan.

Sariari oihartzun eta garrantzi berezia ematearren, aurrerantzean ekitaldiarentzat egun bat finkatu dute: urtero apirilaren 2an izango da, Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.