Alemania

Annalena Baerbock izango da Berdeen hautagaia Alemaniako kantziller kargurako

Ekologisten barruko ildo moderatua ordezkatzen du Baerbockek. Inkesten arabera, Alderdi Berdea bigarren bozkatuena litzateke iraileko hauteskundeetan, orain egingo balira.

Annalena Baerbock Alemaniako Berdeak alderdiko hautagaia. ANDREAS GORA / EFE
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 19a
16:19
Entzun

Alemaniako Berdeak alderdiak irailean egingo diren hauteskunde federaletarako bere zerrendaburua aurkeztu du. Orain arte alderdiko presidenteetako bat izan da Annalena Baerbock, eta huraxe izango da kantziler kargurako hautagaia. Hala iragarri du alderdiko beste presidenteak, Robert Habeckek. Alderdiak esana zuen gaur jakinaraziko zuela bi horien artean zein aukeratuko duten hautagai izateko, eta Habeckek berak eman du erabakiaren berri, alderdi barruan giro lagunkoia dutela irudikatuz eta kontserbadoreen barneko lehia agerian utziz. Baerbocken hautagaitza alderdiko kideek berretsi beharko dute, ekainaren 11n egingo duten kongresuan.

Alderdiaren ildorik pragmatikoena ordezkatzen dute bai Baerbockek eta bai Habeckek. Aldaketaren beharra nabarmendu izan dute, baina diskurtso moderatua eginez. Joera politiko horrek nagusitasuna lortu du alderdi barruan, eta bozgorailua kendu die erroagoko aldaketak proposatzen dituzten bestelako ahotsei. Era berean, mezu neurritsu horrek ahalbidetu die ustez alderdi kontserbadoreen bueltan erosoago egon ohi diren horiengana gerturatzeko. «Eskaintza bat egingo diogu herrialdeari. Hasiera berri baterako eskaintza herrialde aberats honetan, zeinak justuagoa eta ekologikoagoa izan behar duen», adierazi du Baerbockek, bere hautagaitza ezagutarazi denean. 2013tik diputatua da Alemaniako Parlamentuan, eta, batez ere, energia eta ekonomia gaietan nabarmendu da orain arte. 2018an izendatu zuten alderdiko presidente.

Inkesten arabera, nabarmen haziko dira Berdeak hauteskundeetan. Boto gehien lortuko dituzten alderdietan bigarrena izango dela diote, CDU Batasun Kristau Demokratikoa eta CSU Batasun Sozial Kristaua alderdiek osatzen duten aliantzaren atzetik. Aurreikuspen horiek beteko balira, inoiz izan duen baino ordezkaritza handiagoa izango luke parlamentuan. CDUri eta CSUri agintea lehiatzeko moduan legokeen gehiengo bat osatzeko aukera izan lezake, hortaz. «Eskura daukagu», esan du Baerbockek, abagune horri erreferentzia eginez.

Alderdi kontserbadorea egunotan erakusten ari den arrakalak baliatu nahi ditu alderdi ekologistak. Angela Merkel kantzilerraren ordezkoa hautatu ezinik dabiltza CDU eta CSU. Armin Laschet da CDUk proposatutako hautagaia, baina koalizioan kide duen Bavierako CSU alderdia, eta hango burua da Lascheti lidergoa ken diezaiokeen hautagaia: Markus Soder. Zatituta daude bi alderdietako oinarriak, nor bere hautagaiaren alde. Atzo arteko epea jarri zioten euren buruari bi alderdiek ados jartzeko, baina ezin izan dute bete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.