Hiru pertsona espetxeratu dituzte Hernanin gizon bat hiltzen saiatzea egotzita

Bi gizon eta emakume bat dira atxilotuak. Hernaniko etxe abandonatu batean agertu zen gizon bati «jipoi izugarri bat» eman izana egozten diete.

Hernaniko Ertzain etxea. EUSKO JAURLARITZAKO SEGURTASUN SAILA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 20a
11:39
Entzun

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen igandean Hernanin (Gipuzkoa), gizon baten hilketa saiakerarekin lotura izan dezaketelakoan. Gizona etxe abandonatu batean aurkitu zuten, «jipoi batekin bateragarriak diren zauri larriekin». Ordu batzuen buruan, Ertzaintzak 42 eta 51 urteko bi gizon eta 33 urteko emakume bat atxilotu zituen Hernanin, eta atzo gauean, Martuteneko espetxera (Donostia) eraman zituzten, epailearen aurretik pasatu ondoren.

Hiru akusatuei biktimari «jipoi izugarri bat» ematea egozten diete. Ondoren, Eusko jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, biktima Hernaniko etxe abandonatu batean utzi zuten, eta bertan aurkitu zuten bi herritarrek, eskuak lotuta, buruz behera eta «zauri larriekin». Hura aurkitu zuten bizilagunek eman zioten abisua Ertzaintzari, eta bertara joan ziren Ertzaintzaren hainbat auto eta anbulantzia bat; biktima Donostia ospitalera eraman zuten, «larri».

Ertzaintza, epaileak hala eskatuta, gertaeren lekuan ere sartu da, eta «kasuarekin lotutako ebidentziak» jaso ditu handik. Igande eguerdian egin zituzten atxiloketak, Hernaniko Zikuñaga auzoan eta herriaren erdigunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.