Prentsa askatasuna

Kazetari lana egiteko zailtasunak daude lau herrialdetik hirutan

Mugarik Gabeko Kazetarien zerrendaren arabera, Norvegia da tokirik onena kazetaritza egiteko, eta Eritrea da okerrena. Frantzia 34. tokian dago, eta Espainia 29.a da zerrendan.

Christophe Deloire, Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari nagusia. MARIO GARCIA SANCHEZ / EFE
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 20a
13:33
Entzun

«Kazetaritza da desinformazioaren aurkako txertorik onena». Hala dio Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari nagusi Christophe Deloirek. «Baina zoritxarrez haren ekoizpena eta banaketa blokeatu egiten dute sarri faktore politiko, ekonomiko eta teknologikoengatik». Kazetarien eta prentsa askatasunaren defentsan ari da Mugarik Gabeko Kazetariak nazioarteko gobernuz kanpoko erakundea. Idazkari nagusiak ohartarazi du desinformazioaren biraltasunak mugak gainditzen dituela, bai plataforma digitalen bai sare sozialen bitartez. Urtero erakundeak munduko zerrenda osatzen du, eta horren arabera egoera txarra dute lau herrialdetatik hiruk.

Aurreko urteetan bezala, Eskandinaviako herrialdeak dira egoera osasuntsuena dutenak prentsa askatasunari dagokionez: Norvegia dago lehen tokian; Finlandia, bigarrenean; Suedia, hirugarrenean; eta Danimarka, laugarrenean. Costa Rica bosgarren tokian dago, eta hain zuzen ere, Erdialdeko Amerikako zenbait herrialdetan jazarriak diren kazetariek babesa jaso dute bertan.
Azkeneko tokietan, berriz, 170. tokitik 180.era honakoak daude: Saudi Arabia, Kuba, Laos, Siria, Iran, Vietnam, Yibuti, Txina, Turkmenistan, Ipar Korea, eta azken tokian Eritrea.

Zerrendako lehen hamabi tokietan daudenak jotzen dituzte soilik informazioaren egoera ona duten herrialdeak. Alemania atera egin da hortik, bi postu galduta 13. tokira jaitsi baita; osasun larrialdiko neurrien aurkako mobilizazio negazionistetan, kazetarien aurkako erasoak egin dituzte, eta horrek isla izan du Alemaniak zerrendan duen tokian. Ameriketako Estatu Batuak 44. tokian dago: US Press Freedom Tracker taldearen arabera, 130 kazetari atxilotu zituzten iaz eta ia 400 eraso egon ziren.

Brasilgo egoerak nabarmen egin du okerrera. Lau postu beherantz egin ditu eta zerrenda gorrian sartu da. Mugarik Gabeko Kazetarien txostenak jaso duenez, Brasilen ohikoak bihurtu dira kazetarien aurkako isekak, estigmatizazioak eta umiltze publikoak. Eremu gorrian daude baita ere Mexiko (143. postuan) eta Errusia (150.enean).

Eritreako hamar kazetarik urteak daramatzate preso, eta horrekin kezka azaldu du Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak; salatu duenez, gobernuak kazetari horiek container batzuetan ditu gatibu basamortuan eta ez du haien egoeraren berri ematen.
Zerrendan postu gehien galdu dituen herrialdea, edonola ere, Malayisia izan da: 101.etik 119.ra jaitsi da. Izan ere, albiste faltsuen aurka gobernuak onartu duen lege berriak «egiaren bere bertsioa inposatzeko» bidea eman dio.

Europako kazetarien aurkako zenbait eraso zerrendatu dituzte Mugarik Gabeko Kazetariek: Serbian, Ana Lalic kazetaria «modu basatian» atxilotu zuten bere etxean, ospitale batean erreportaje bat egin eta gero; Kosovon, KoSSev hedabide digitaleko Tatjana Lazarevic «modu arbitrarioan» atxilotu zuten kalean; eta Grezian, autoritateek «indarkeriaz» galarazi dute zenbait kazetarik etorkinekin harremanetan jartzea. Hain zuzen ere, Espainian ere zailtasun handiak jarri dituzte itsasoz iristen ari ziren etorkinen argazkiak ateratzeko. Edith Rodriguez Cachera Mugarik Gabeko Kazetarien ordezkariak nabarmendu du argazkilariek ezin izan dutela haien lana egin Kanaria uharteetara iristen ari ziren etorkinekin. «Espainian, bestalde, bereziki kezkatu gaitu erakundeen gardentasun faltak», gaineratu du. Espainia 29. tokian dago, aurreko urtean bezala. Eta Frantzia 34. tokian, iazko moduan.

Prentsaren aurkako «gorroto diskurtsoa» munduko herrialde askotan zabaldu dela salatu du Mugarik Gabeko Kazetarien Espainiako presidente Alfonso Armadak. Kasu askotan, eskuin muturreko ideologia duten taldeak ari dira gorroto hori sustatzen. Rodriguez Cacherak Vox alderdi politikoaren jardunaz ohartarazi du: «Voxen jokabidea hedabideekiko eta kazetariekiko kezkagarria da. Kazetariak seinalatzen dituzten alderdi poltikoak beldurtu egiten gaituzte».

Frantzian, bestalde, «ordena publikorako» neurriak ezarri zituen gobernuak, argazkilariei polizien irudiak hartzea mugatuz. Horen aurkako manifestazioetan, kazetarien eta argazkilarien aurkako erasoak izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.