Polizia indarkeria kontatzeko muga

Frantziako Gobernuak ordena publikorako neurri berriak agindu ditu. Kazetarien jarduna mugatuko duela iritzita, helegitea jarri dute, eta gaur aztertuko du estatu kontseiluak

Frantziako polizia bat, argazkilari bat Jaka Horien manifestaziotik botatzen. GUILLAUME HORCAJUELO/EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun

Ordena publikoari buruzko txosten bat argitaratu zuen irailaren 16an Frantziako Barne Ministerioak. Hainbat neurri ezarri ditu Gerald Darmanin Barne ministroak: Poliziaren armak egokitzea, neurri prebentiboak azkartzea, zelatatzeak eta prozedura juridikoak indartzea... Kazetarien lanaren baldintzatzeko ahalegina ere sumatu dute askok neurri horietan. Txostenean, izan ere, neurriak ezarri dituzte manifestazioetan «ordena errepublikanoa atxiki eta berrezartzeko» asmoz.

Kezka azaldu dute hainbat kazetari elkartek. SNJ Frantziako Kazetarien Sindikatu Nazionalak, adibidez, helegitea jarri du txostenaren aurka: Dominique Pradalie bozeramailearen erranetan, neurriek prentsaren eta oro har giza eskubideen kontrako «urraketa larriak» baimentzen dituzte. Elkarteak jarritako helegitea gaur aztertuko du Frantziako Estatu Kontseiluak. Pradaliek ohartarazi du anartean «arriskuan» daudela manifestariak eta kazetariak.

Ikusi gehiago:«Manifestazioen kontakizuna kontrolatu nahi dute: zentsura da»

Sindikatuak gogora ekarri du azken urteetan kazetari ugarik izan dituztela arazoak Poliziarekin. «Bortizkeria jasan dute hainbat kazetarik, eta Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiak ireki dituen ikerketen emaitzen zain gaude oraindik». Haren arabera, 200 kazetarik baino gehiagok jasan dute bortizkeria lanean ari zirela. «Ez da inolako aitzinamendurik. Alderantziz: atzera goaz».

2019ko abuztuan, G7ak Miarritzen (Lapurdi) egindako goi bileraren garaian, Frantziako Estatuak ordena publikoari eustearen irudia eman zuen ikustera Ipar Euskal Herrian. Frantziako Poliziaren presentzia handia izan zen, eta Jaka Horien mugimenduarekin Frantzian ikusi ziren irudiak Euskal Herrira iritsi ziren: kontrol prebentiboak, masa atxiloaldiak, miaketak, zelatatzea... Dozenaka kazetarik salatu zuten miaketak eta kontrolak jasan behar izan zituztela lanean ari zirela, eta hainbati babesteko materiala ere kendu zien Frantziako Poliziak. Doktrina berriak, funtsean, azken urteetan mugimendu sozialak kudeatzeko baliatu duten metodoa biltzen du.

611 zauritu gutxienez

Miarritzen bertan, 2018ko abenduan, Lola Villabriga aurpegian zauritu zuen Frantziako Poliziak, LBD40 jaurtigailu batekin. Legez, tiro egiten duen poliziak hierarkiaren baimena behar du katua zapaltzeko. Tiro egin zuen polizia ekainean epaitu zuten Baionako auzitegian: bere kabuz erabaki zuen tiro egitea. Doktrina berriak berresten du poliziek nagusiaren baimena behar dutela tiro egiteko.

LBD40 jaurtigailua ez da Frantziako Poliziak erabiltzen duen arma bakarra. Badira, adibidez, barreiatze granadak, kautxuzko hemezortzi zatitxo jaurtitzen dituztenak zapartatzen direnean. Zauriak eragin ditzakete, orduko 450 kilometroko abiaduran zapartatzen baitira. Granada hori erabiltzeari utziko dio Frantziako Barne Ministerioak, eta zapartatzean indar gutxiago duten granadak erabiliko dituzte. Negar gasa botatzen duen granada bat ere erabili dute orain arte: eskuak edo oinak edekitzen ditu. Kendu egin dute, eta negar gasa daukan granada arinago batekin ari dira.

David Dufresne kazetariak zerrenda bat osatua du sare sozialetan, Jaka Horien mugimendutik Poliziak zauritu dituen jendeen zerrenda bat. Hauek dira datuak: 344 zauri buruan, horietarik 22 kazetariei; hogei zauri eskuan, horietarik sei kazetariei; 29 zauri bizkarrean, horietarik hiru kazetariei; gorputzeko beste parte batean zaurituak 218 izan dira, 39 kazetari barne. Genitaletan bost zauri eragin dituzte Poliziaren armek; horietako bat da kazetaria.

Manifestazioetan izaten duten egoera salatu dute kazetari anitzek. Gaspard Glanz eta Taha Bouhafs kazetari independente frantziarrak behin baino gehiagotan zauritu dituzte, eta atxiloaldian sartu ere bai. Barne Ministerioaren doktrina berriak argi dio, hala ere, Poliziak manifestazioetan barreiatzeko ematen dituen abisuak «herritar ororendako» direla, «baita kazetarientzat ere».

Txostenaren arabera, kazetariek ez lukete, beraz, Poliziak abisu eman ondotik manifestazioa segitzeko eskubiderik. Pradalieren ustez, «manipulaziorako» arriskua dakar horrek: «Txostenak egia bilakatzen duen kontakizun bakarra Poliziarena da». Ez da manifestazioetan kazetarien jarduna mugatzeko neurri bakarra. Pradaliek sumatzen du lerro artean beste betebehar bat ezarri nahi dietela kazetariei: manifestazioak segitzeko prefeturaren akreditazio bat ukan beharra. Argi du, ordea, hori eskatzea legez kanpokoa litzatekeela: «Kazetari da kazetaria. Legeak ez du beharrezkotzat jotzen prentsa karta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.