Bertsolaritza

Bilintxen Menda bertso hamabostaldia egingo dute Donostian

Maiatzaren 2tik 14ra bitarte, lau ekitaldi egingo dituzte. Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx bertsolariaren figura gogora ekarri eta bertsolaritzak azken hamarkadetan izan duen bilakaera aztertuko dute haietan.

Xabier Euzkitze, Alaia Martin eta Imanol Lazkano bertsolariak, 'Bilintxen Menda' bertso hamabostaldiaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2021eko apirilaren 20a
18:09
Entzun

Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx-en bertso bat irakurri du Xabier Euzkitzek, «benetan dotorea dena eta haren izaeraren alderdi bat behintzat ederki laburbiltzen duena», haren ustez: «Askok diyote kantetan beti/ amore-kontu naizela,/ nik esaten det arriturikan/ motibo gabe daudela./ Zer egin biat baldin zerubak/ doaitu banau orrela?/ Ez dute ikusten usaia mendak/ bere izatez dubela?/ Nere biyotzak amoriyua/ mendak usaia bezela». Bertatik hartu du izena Bilintxen Mendan bertso hamabostaldiak, bertsolaria jaio zeneko 190. urteurrenaren karietara antolatu dutena. Maiatzaren 2tik 14ra lau ekitaldi izango dira haren sorterrian, Donostian, eta haren figura gogora ekartzeaz gain, bertsolaritzak izan duen bilakaera aztertuko dute. Bilintxen «lurrina» izango du hamabostaldiak, koordinatzaile lanetan aritu den Euzkitzeren hitzetan, eta hiri osora zabalduko da lurrin hori.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu dute hamabostaldia. Bilintxen jaiotza gogora ekartzeaz gain —hilaren 30ean da urteurrena—, ordutik gaur egunera bertsolaritzak izan duen bilakaera islatzeko ere baliatu nahi izan dute zikloa, Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak adierazi duenez. Donostiak bertsolaritzarekin izan duen eta duen lotura ere nabarmendu du: «XIX. mendean, lore jokoak hasten dira eta hiriaren eta bertsolaritzaren arteko lotura sakona hasten da; XX. mendean bertso txapelketa handiak egin izan ditugu hirian; eta XXI. mendean, gaur egun ere Donostiak badu bertsolaritzarekin harremana». Lotura hori indartzea da asmoa, haren hitzetan.

Hain zuzen, Euzkitzeren ustez ere, «bertsolarientzat eta bertsolaritzarentzat Donostia beti izan da garrantzia handiko plaza». Urtetan, bertsolari txapelketetako finalak nahiz Bertso Egunak hartu izan dituela ekarri du gogora, eta bata oholtza handiagoetara eramanda eta bestea ibiltari bilakatuta, bi ekitaldi horiek jada bertan egiten ez badira ere, hiriak eta bertsolaritzak «lotura aspaldiko bat eta zinezko bat» izan dutela iritzi dio. Hori aldarrikatu nahirik ere antolatu dute hamabostaldia.

Kantuz eta hitzez

Maiatzaren 2an izango da zikloko lehen ekitaldia, Bilintxen Menda hitzaldi musikatua. Bertsolari donostiarraren bizitzan eta sormen lanean sakonduko dute Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek, baita haren zenbait bertso kantatu ere, Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz. Antzoki Zaharrak hartuko du saioa; hain zuzen, bertako langile izan zen Bilintx, eta bertan bizi izan zen, baita hil ere, 1876ko San Sebastian egun batez karlistek botatako bonba bat leihotik sartu eta sei hilabetera, jasandako zauri larrien ondorioz.

Maiatzaren 6an, berriz, Erdaretatik bertsotara mahai ingurua egingo dute Okendo kultur etxean. Erdaretatik plazetarako urratsa egitearen auzia aztertuko dute Jone Uria, Jon Maia eta Aitor Servier bertsolariek, nork bere lekukotasuna emanez. Amagoia Mujika kazetariak gidatuko du saioa.

Imanol Lazkano bertsolariaren eskutik helduko da hurrengo ekitaldia, Gorbatatik piercingera hitzaldia emango baitu maiatzaren 11n, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Azken hamarkadetan bertsolaritzak izan duen bilakaeraren lekuko izan da Lazkano; 1936an sortu zen, Txirrita hil zen urte betean, eta haren kantukide izandako bertsolariekin aritu zen plazan gaztetan (Basarri, Uztapide, Zepai, Txapel...), baita hurrengo belaunaldietakoekin ere gerora. Euzkitze: «Haien iturrietatik edan zuen, ondorengo beste guztien iturrietatik ere edan du, denekin ondo uztartzen asmatu du, eta iruditu zaigu bilakaera horren ordezkaririk eta lekukorik behinena bera zela». Bai garai bateko bertsolariek kontatutakoekin, bai urteotan berak barrutik bizitakoarekin, bilakaera hori aztertzeko aukera izan duela uste du Lazkanok ere, eta izango duela zer kontatua hitzaldian: «Hortik eman nahi nituzke nire hondar aleak».

Kantuan emango diote amaiera zikloari, maiatzaren 14an bertso saioa egingo baitute Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek —Joxerra Gartzia ariko da gai jartzaile—. Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan izango da saioa, eta Martinentzat «berezia» izango da, bai oholtzakide izango dituen lagunengatik, bai Bilintxen omenezko zikloan ariko delako. «Saiatuko gara izena ematen dion menda usain horretatik gure usain propioak eta ezberdinak eskaintzen, saioari merezi duen zaporea emateko».  

Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. Hitzaldi musikaturako eta bertso saiorako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.donostiakultura.eus/sarrerak atarian zein leihatilan; eta bide beretik eskuratu ahalko dira gonbidapenak mahai ingururako (maiatzaren 5etik aurrera) eta Lazkanoren hitzaldirako (10etik aurrera).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.