Arnasa Gara

Erika Olaizola: «Hizkuntza ohituretan eragin nahi badugu, katearen osotasunean sakondu behar da»

Erika Olaizola antzezleari egin diote 'Arnasa Gara' kanpainaren bosgarren elkarrizketa, eta 'Euskararekin ezin galdu' ikus-entzunezkoaren inguruan jardun dute zuzenekoan.

Erika Olaizola, elkarrizketan. BERRIA
2021eko apirilaren 21a
17:46
Entzun

Udalerririk euskaldunenetan, guraso askoren ohiko kezka izaten da gaztetxoak erdaraz nola moldatuko ote diren. Horren beldurrez, gaztelerara ere jotzen du askok eta askok, haurra hizkuntza horretan ere trebatu dadin. Premisa hori izan dute oinarri Arnasa Gara kanpainaren barruan egindako bosgarren elkarrizketa digitalean. Erika Olaizola antzezlearekin jardun dira solasean, eta Euskararekin ezin galdu ikus-entzunezko pilula izan dute hizpide. Pilula horretan, banku batean eserita ageri diren bi aita interpretatu dituzte Iban Garro eta Juanen Saralegi antzezleek, eta gaztetxoak erdaraz nola moldatuko ote diren galdetzen diote elkarri, kezkatuta. Beldur horiek, baina, ez dutela funtsik diote, beraiek oharkabean ikasi zutela eta gaztetxoek ere horrela ikasiko dutela ondorioztatuta.

Premisa hori abiapuntutzat hartuta, gogoetagai horretatik urrun samar ikusten dela aitortu du Olaizola antzezleak. Azpeitian bizi da bera, eta, arnasgune nabarmen bat izanik, azaldu du inguruan ez duela horrelako kezkarik sumatzen. Halaber, adierazi du badituela hainbat konplexu erdaraz mintzatzerako garaian: «Badut erdaraz mintzatzeko konplexu hori, eta jende jakin bat ere arduratzen da konplexu horiek handitzeaz. Halakoetan, txiki egiten zara, trakets moldatzen zarelako». Hala ere, esan du esketxean jorratzen den kezka hori ez dela, bere horretan, kezka bat. Bai, agian, alderantziz planteatzen bada: «Zerbait nahigabe ikasten baduzu, da inguruan duzulako, erraza delako eta eskura dugulako hizkuntza hori. Horregatik, arrazoi gehiago ematen ditu kezka hori alderantziz ardazteko».

Eta, hari mutur horri tiraz, euskara zaintzearen eta babestearen alde egin du: «Kezka horrengatik, behintzat, ez dezala jendeak euskara albo batera utzi, mesedez. Hizkuntza horiek [hegemonikoek] badute nahiko leku. Guk beste hori behar dugu: euskarazko kultura, inspiratzaileak izango diren erreferenteak, euskarazkoak». Hain justu ere, hori da Euskararekin ezin galdu ikus-entzunezko pilularen mezu hurbila: hizkuntza hegemonikoen edukiak etenik gabeak direla bai hedabideetan, bai sare sozialetan, bai aisialdiko ekintza ugarietan ere, eta, beraz, gaztetxoek oharkabean ikasiko dutela. Funtsean, euskararekin ez direla galduko, eta, Olaizola antzezleak azpimarratu duen bezala, haurrei lasai egiteko euskaraz.

Gazteen hizkuntza ohituren inguruan ere hausnartu dute zuzenekoan, eta, kasu horretan, «burbuila» batean bezala sentitzen dela adierazi du gonbidatuak; izan ere, Azpeitian ez du sumatzen erdaretarako joera dagoenik. Beste herri edo hiriren batera mugitzen denean, aldiz, guztiz aldatzen da irudipen hori: «Antzerki klaseak ematera mugitzen naizenean, asko harritzen naiz. Antzerki klaseetan sarritan pasatu izan zait gazteak erdaraz entzute hori, eta beraiekin ere asko hitz egin izan dut joera horri buruz». Sareetan izan ditzaketen erreferenteekin lotu du jarrera hori, eta «esponja» baten modukoak direla ere nabarmendu du: «Sareetan dituzten erreferenteak ere garrantzitsuak dira; esponja bat bezalakoak dira, eta horrek ere izango du eraginik joera horietan, hortik jasotzen baitute dena». Horregatik, euskarazko erreferenteen garrantzian jarri du arreta, eta horretan sakondu behar dela azpimarratu du: «Hutsune asko daude euskarazko erreferenteei dagokienez. Hizkuntza ohituretan eragin nahi badugu, katearen osotasunean sakondu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.