Albistea entzun

Zinema

Monte Hellman zinemagile estatubatuarra hil da

'Two-Lane Blacktop' filmak bihurtu zuen zinema independentearen ikonoetako bat. Besteak beste, 'Reservoir Dogs' Quentin Tarantinoren lehen ekoitzi zuen

Monte Hellman, Veneziako Zinemaldian, 2010ean.
Monte Hellman, Veneziako Zinemaldian, 2010ean. CLAUDIO ONORATI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2021eko apirilak 21 20:41

Belaunaldi gazteek Quentin Tarantinoren bitartez ezagutu zuten Monte Hellmanen izena, baina horren aurretik ere bide luzea egina zuen zinemagileak Hollywoodeko zinema estudio handietatik kanpo. Roger Corman ekoizlearentzat lan egin zuen, baita Sam Peckinpah zuzendariarekin ere, eta zinema independente aitzindariaren ikur bilakatu diren hainbat film zuzendu zituen, besteak beste Two-Lane Blacktop (1971), denborarekin kultuzko road-movie-a bihurtu den filma. Hellman atzo hil zen Kaliforniako (AEB) ospitale batean, 91 urterekin.

Zinema independentearen ikonoa izan zen Hellman, baina berak aitortzen zuen ez zuela ulertzen zer esan nahi zuen kontzeptu horrek, zinema independentearen etiketaren azpian ezkutatzen diren zinemagile gehienak «diru asko jaso duten aberaskumeak» direlako haren iritziz.

Hellman New Yorken jaio zen 1929an, baina 5 urterekin Los Angelesera lekualdatu zen bere familia, eta han egin zuen lan bere bizitza osoan. Francis Ford Coppola, Peter Bogdanovich eta beste hainbat zinemagile bezala, Roger Corman ekoizlearen faktorian hasi zen lanean, aurreko oso urriko filmetan denetarik egiten. Hainbat film ere zuzendu zituen: Beast from Haunted Cave (1959), The Terror (1963 —azken hau hainbat zuzendarirekin, tartean Cormanekin berarekin—... Cormanekin lan egiteak ez zion ospe handirik eman, baina ofizioaren gakoak ikasteko balio izan zion: «Filmaketa egutegiak eta aurrekontuak betetzearen garrantzia irakatsi zizkidan. Ezinbestean ikasi behar izan nuen. Rogerrekin lan egiten bazenuen eta bi baldintza horiek betetzen ez bazenituen, zuk zeuk ordaindu behar zenuen gainkostua».

60ko hamarkadan segitu zuen aurrekontu murritzeko filmak egiten, Backdoor to Hell, Flight to Fury —azken hori Jack Nicholson gazte batekin—. «Enkarguzko lanak ziren baina balio izan zidaten geroago nire proiektuak aurrera ateratzeko». Gauzak horrela, Nicholsonekin berarekin pare bat film egin zituen hamarkadaren amaiera aldera, Ride the Whirlwind eta The Shooting, biak ala biak, Europako zinema berriak eragindako westernak. «Pentsatzen dut garai hartan Jack [Nicholson] eta biok europar zinemaren eragin handia genuela».

1971n filmatu zuen Two-Lane Blacktop, aurreko western-ek bezala, norabide argirik ez duten pertsona batzuen inguruko road-movie-a. Aktore profesionalekin batera, garaiko bi musikari ezagun bihurtu zituen filmeko protagonista: James Taylor kantautorea eta Denis Wilson The Beach Boys taldeko kidea. Filmak ez zuen arrakasta handirik lortu, baina kritikak, berriz, esku zabalik hartu zuen Two-Lane Blacktop, batez ere Europan.

Hortik aurrera, Hollywoodeko estudio handiekin lan egiteko hainbat saiakera egin zituen, baina ez zuten aurrera egin, eta ekoizpen txikietara itzuli behar izan zuen. 1990eko hamarkadaren hasieran, berriz, Quentin Tarantinoren gidoi bat iritsi zitzaion: Reservoir Dogs. «Gidoia irakurri nuen pentsatuz nik zuzenduko nuela, baina azkenean berak zuzentzea erabaki zuen. Laguntzeko prest nengoen, eta dirua biltzen jarri nintzen. Ez zen batere erraza izan».

2010ean Road to Nowhere aurkeztu zuen Veneziako Zinemaldian, hogei urtean zuzentzen zuen lehen film luzea. Jaialdiaren edizio hartan bertan Ohorezko Urrezko Lehoia jaso zuen bere ibilbide osoagatik.

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pedro Sancristoval 2010ean, Donostiako Bulebarreko Kutxa aretoan izaniko erakusketa batean. ©Juan Carlos Ruiz, FOKU

Pedro Sancristoval kulturgilea hil da, 90 urterekin

Uxue Rey Gorraiz

Euskaltzaindiak eman du heriotzaren berri, bart. Artium museoaren eta Gasteizko Jazzaldiaren sustatzaile izan zen. Euskaltzain urgazle ere bai, 1979tik.

Nobel saria jaso duen 17. emakumezkoa da Annie Ernaux. ©MARIA D. VALDERRAMA / EFE

Ernaux: hitzik gabe geratzeko idaztea

Iñigo Astiz

Annie Ernaux idazleak irabazi du aurtengo Literaturako Nobel saria. Estu ulertutako fikziotik kanpo aritu eta hala literatura zabaltzeko egindako lana laudatu diote

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...