Lan gatazka

Ekintza sindikala babesteko mobilizazioak iragarri ditu LABek

Bihar elkarretaratzeak egingo dituzte sindikatuak Euskal Herrian dituen egoitzetan, eta etzi, Iruñean, manifestaziora deitu dute, 17:00etan; Baluarte jauregian hasiko da.

Gaur atxilotuek eta LABeko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute CENen egoitzan, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko apirilaren 22a
13:14
Entzun

«LABeko sindikalistok protesta ekintza bat egin genuen CENen egoitzan, bai; ISN enpresa ustiatzaile bateko kamioi batera ere igo ginen». Yolanda Forcelledo eta Ines Calabuig LABeko garbiketa sektoreko ordezkariak herenegun atxilotuak izan ziren LABeko beste lau ordezkarirekin batera, eta leporatutako ekintzak aitortu dituzte. Alta, «burugabekeriatzat» jo dute Poliziak ekintza horien aurka emandako erantzuna, eta argi dute astearteko polizia operazioaren zergatia:  «Ez da kasualitatea sistemak gure jarrerari erantzutea, eta erantzuten ari den bezala erantzutea».

CEN patronalaren aurrean egin dute agerraldia LABeko ordezkariek, eta Poliziak enpresaburu elkartearen eraikina babestu du. Bertan, Sindikatuak iragarri du bihar mobilizazioak egingo dituela Euskal Herriko egoitzetan —toki bakoitzean dagokion ordua ezarriko dute—. Aurreko egunetan iragarri bezala, larunbatean manifestazioa egingo dute, Iruñean, 17:00etan. Baluarte jauregitik aterata. Helburua da ekintza sindikala babestea. «Sinetsarazi nahi digute emakumeok ez dugula zilegitasunik eta ez garela gure borroken subjektu politikoak, are gutxiago lan arloan».

Astearte goizean LABeko sei kide atxilotuak izan ziren, martxoaren 8an CENen egoitzan protesta bat egiteagatik eta apirilaren 9an, garbiketa sektorearen lan gatazkan, ISN enpresako kamioi batera igota N-121 errepidea trabatzeagatik. Izaskun Juarez LABeko kidea berehala askatu zuten, baina gainerako bost kideek 24 ordu eman zituzten ziegan. Ekintza horiengatik, mehatxuak, bortxaz jokatzea eta errepide segurtasunaren aurkako delituak egitea leporatu diete.

Espainiako Poliziak atxilotu zituen, baina astearte goizean Iruñeko Udaltzaingoaren egoitzara eraman zituen, Poliziaren Iruñeko egoitzan obretan ari direlako. Gaur azaldu dutenez, abokatuarekin hartu zieten deklarazioa, eguerdian, eta poliziek esan zieten ez zirela aske geratuko epailearen aurretik pasatu arte. Dena den, biharamunean, atzo, epailearen aurretik pasatu aurretik, epaitegian galdetu zieten ea deklaratuko zuten, eta, ezezkoa eman ostean, aske geratu ziren.

Atxilotuen interpretazioa

Aurreko egunetan LABek adierazi bezala, atxilotuek azpimarratu dute aski zela jakinarazpen bat bidalitzea, eta horretarako ez zela beharrezkoa atxiloketa egitea. Alta, operazioak bestelako helburuak dituela uste dute. «Ezarritako ordena zalantzan jartzen ari gara, eta garesti ordainduko dugula adierazi digute, emakume eta langile gisa. Kapitalak ezin du jasan lan baldintza eta bizitza duinak eskuratzeko gure determinazioa».

Forcelledok gogoan izan du protesta horietan eta garbiketa sektorearen lan gatazkan «planto egitea» erabaki dutela eta irmo jarri direla soldata arrakalaren aurka, lan baldintzen prekarizazioaren aurka, lanaldia bizitza pertsonalarekin uztartzeko ezintasunaren aurka, lanaldi bikoitz eta hirukoitzen aurka... Azpimarratu du egunero lantokietan diskriminazioa jasaten dutela. 

Hori ikusita, argi dute ezarritako boterea ekintza horiek zigortzen saiatu direla «atxiloketen, isunen, %100eko gutxieneko zerbitzuen edo kaleratzeen bidez. «Poliziaren aste honetako azpijokoa patronalaren eta haren zerbitzura dagoen aparatu judizial eta polizialaren artean antolatu da».

Forcelledoren ustez, sektore prekarizatu eta feminizatu batek egindako borroka sindikalari erantzun nahi izan diote. «Sistemari ez zaio interesatzen eta ezin du jasan gu, emakume langileok, aurrez aurre jartzea. Ez da kasualitatea borroka sindikal feminista gero eta indartsuago den honetan erreakzio gogor eta bortitza egotea». Era berean, uste dute ez dela kasualitatea hori Nafarroan gertatzea, euskararekiko eta aldarrikapen sozialekiko «izugarri oldarkorra» den erregimenean oraindik ere «hainbat garrok bizirik dirautelako». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.