Albistea entzun

Antzerkigintza

Antzerkia ardatz duten beste hiru liburu plazaratu ditu Ganbila bildumak

Jon Gerediagaren Dama, Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak argitaratu ditu Susak, antzerkigintzari eskainitako sailaren laugarren labealdian

Agus Perez, Jon Gerediaga eta Gaizka Sarasola, bildumako lan berriak eskuetan, Donostian.
Agus Perez, Jon Gerediaga eta Gaizka Sarasola, bildumako lan berriak eskuetan, Donostian. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko apirilak 22 09:49

Proiektu «berri samarra» izanagatik, ibilbide bat egina du dagoeneko Ganbila bildumak. 2019. urtearen hondarretan abiatu zuten Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak, arte eszenikoetako lanak papereratu eta arlo horretan egiten denari erretratua ateratzeko. «Ganbila bildumari esker, infinitua ez da arazo bat». Oier Guillan bildumako editorearen hitzetan, esaldiak umore puntu bat ere izan baduen arren, proiektuarekin bizitzen ari direna islatzen du. «Betidanik, euskal antzerkigintzan kezka handia egon da transmisioaren inguruan; berez, antzerkiak ez du euskarri fisikorik, hutsunez beterik ikusten dugu euskal argitalpengintza antzerkiari dagokionean, eta beti esaten genuen dena zegoela egiteko. Ganbilari esker, sentitzen dugu dena jada ez dela infinitua, eta infinitua ez dela iristen ez den etorkizun bat». Hamabi liburu plazaratu dituzte jadanik, eta orain arteko azken hiruak eman berri ditu laugarren labealdiak: Jon Gerediagaren Dama, Gaizka Sarasola eta Mairu antzerki tailerraren Zerrakuretan, eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak. Hiru egileak batzen dituen ezaugarri bat nabarmendu du Guillanek: «Esperientzia, eta esperientziak dakarren trebezia».

Dama, poesiatik poetikara bueltan

Aitziber Alonsoren azala eta Iñigo Martinezen hitzaurrea dakartza Gerediagaren liburu berriak. Antzeztu gabeko obra da Dama, baina aurrez oholtzara eramandako hainbat testuren egilea ere bada idazlea, Antzerkiola Imaginarioaren eskutik maiz. Guillanek bereziki gogoan du Fitola balba, karpuki tui (2004) haren poema liburua, taularatua izan zena eta «Antzerkiolaren estetika gordetzen zuen poesia bat» zekarrena. Akaso, liburu harekin «poetika batetik poesiara» egin zuen salto egileak, eta ordutik poesiari eta liburugintzari lotuta egin du bidea. «Kurioski, Dama honek alderantzizko bide bat proposatzen digu nolabait, hau da, poesiatik poetikara egiten du bidea berriz ere».

Hain zuzen, poesia da obraren protagonista, poeta baten bizitza kontatzen baitu. Edith Sodergran «poeta handiarekin» du zorra, Gerediagaren hitzetan. «Dama deitzen da pertsonaia nagusia, eta hark esaten dituen hitzen %90 Sodergranen poemetatik aterata daude. Hitz horiek eta bere lanaren izaerak erabat markatzen dute antzezlana bera». Beste poeta handi askoren bizitzen isla ere izan zitekeen obra, haren ustez, eta osagaiak tragedia bat idazteko modukoak izanik ere, «trikimailu» dramaturgikoei esker, tragikomendiarantz lerratzen da.

Halaber, testuan bi tentsio nagusi daudela azaldu du Gerediagak: gizartearen eta poetaren artekoa —gizartean leku bat izateari lotua—, eta poetak bere buruarekin duena. «Idaztean, niretzat azken asmoa beti izan da tentsioan dauden mutur horiek elkar ulertzea». Poetak gizartea behar baitu, eta alderantziz, haren ustez. «Biek onartu beharko dute edertasuna ez dela luxu bat; edertasuna, barre egitea bezala edo ogia bezala, ezinbestekoa dela mundu honetan bizirauteko».  

Zerrakuretan, itxituren barruan edo kanpoan

Urteak daramatza Sarasolak bere testuak agertokietara eramaten, Mairu antzerki tailerrarekin batez ere. Erleak, satorrak, beleak liburua plazaratu zuen 2016an, zeinetan hiru obra bildu zituen. Eta lan hartan jada sumatzen ziren ildo batzuk «sakonago, konplexuago eta agian ederrago» ageri dira lan berrian, Guillanen iritzian. «Bere obretan bada sinbolismo bat gai politiko eta sozialen erraietatik datorrena, baina beti ere pertsonen, umorearen eta kontraesanen neurrira idatzia».

Antzerki talde berarekin taularatu ditu egileak Txoriak eta zauriak eta Iluntzen antzezlanak, eta biak bildu ditu liburuan. Nahikoa buruhauste eman zion titulua jartzeak, eta Maider Arrietak eginiko azalak ez ezik, bi obrek partekatzen duten ezaugarri batek eman zion ideia: «Zerrakuretan jartzea erabaki nuen, azkenean, bi obretan pertsonaiak itxitura batean kokatzen direlako. Lehenbizikoan, itxitura hori babes eta gordetzeko lekua dute, eta bigarrenean, aldiz, itxitura horren beste aldean bilatzen dute esperantza». Txoriak eta zauriak antzezlanak frankismoan errepideak egiteko lanetara behartutako bi presoren istorioa du abiapuntu; ihes egitea lortuko dute, eta basoan gordeko dira, gaur egunera arte. Iluntzen lanean, berriz, industriaren gainbeheragatik hustutako herri bat hartu zuen ardatz, eta horren ondorioez gogoeta eginarazteko alegiazko istorio bat sortu zuen. 

Talde amateur batean aritzeak hainbat muga badakartzan arren, «askatasun osoz» sortzen dutela adierazi du Sarasolak, eta sortzen jarraitzea dela beren nahia. Eta Manex Fuchsek hitzaurrean egin bezala, txondor bat eraikitzearen ideia baliatu du antzerkigintzaren metafora gisa. Sua zaindu eta elikatu behar baita, haren hitzetan, oholtzan emaitza ikusteko.

Aititaren betaurrekoak, garai oso baten kronika

Lehen aldiz saiakerari leihoa zabaldu dio bildumak Perezen liburuarekin. Euskaldunon Egunkaria-n lehenik eta Berria-n ostean, Perez «30 urtez euskaraz eta euskarazko teatroaz idatzi duen kritikari ia-ia bakarra» izan dela gogorarazi du Guillanek, eta «garai oso baten kronika» ere egin duela horrela. «Hori sekulako altxorra da, eta liburuak horren lagin bat eskaini nahi du». Gogoeta eta memoria nahasten dituen lehen atal bat idatzi du egileak, eta kritiken aukeraketa bat bildu bigarrenean. Idoia Beratarbideren azala eta Mikel Lizarralde Berria-ko Kultura saileko arduradunaren hitzaurrea ere dakartza liburuak.

Lali Marimon bizikide eta lankideari eskerrak eman dizkio Perezek, «beragatik ez balitz hau guztia ez baitzen posible izango». Euskaldunon Egunkaria sortzean, kritikari baten bila zebiltzala ekarri du gogora, eta garai berean «ohiko kritikariaren irudia apurtu» nahian zebilela bera. «Eredu askoz horizontalago bat bilatzen nuen; ez konpainien epaile, baizik eta alboko partaide bat izatea, arte eszenikoen osasunerako». Euskarak arlo horretan zuen hutsuneaz jabetuta, «ekarpen bat» egiten saiatu dela gaineratu du.

Antzerkiarekin hasi, eta beste arte eszeniko batzuk deskubrituz joan zen bere ibilbidean, eta dantzaz, performanceaz eta zirkuaz ere maiz idatzi du urteotan. Hiru hamarkadako jardunean bildutako 2.000tik gora kritikak sailkatu eta orraztu ostean, libururako 30 hautatu ditu; lau diziplinetako aleak topatuko ditu irakurleak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.

Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

James Baldwinen irudiarekin egindako muntatzea. ©ANE GARCIA
Girlschool taldeko Kim McAuliffe, herenegun, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Girlschool, bigarren lerroan duin

Gotzon Hermosilla

Girlschool taldeak Music Legends jaialdian jo zuen herenegun, Bilbon, eta rock gogorraren eremuan lau hamarkada baino gehiago iraun duen ibilbideari errepasoa egin zioten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...