Armeniako genozidioa

AEBek armeniarren aurkako genozidioa onartu dute

Joe Biden presidenteak gertakariaren 106. urteurrenean egin du adierazpen historikoa. Turkiak erabakia deitoratu du.

Armeniako genozidioa oroitzeko ekitaldia, Erevanen. NAREK ALEKSANYAN / EFE
Berria
2021eko apirilaren 24a
18:58
Entzun

AEBetako presidente Joe Bidenek, hauteskunde kanpainan hitz eman bezala, armeniarren aurkako genozidioa onartu du AEBen izenean, gertakari haren 106. urteurrenean. «Estatu Batuetako herriak omenaldia egiten die duela 106 urte hasi zen genozidio hartan hil ziren armeniar guztiei», adierazi du ohar batean. Bi bider erabili du «genozidio» hitza Otomandar Inperioak armeniarren aurka egin zuen sarraskia izendatzeko. Eragin diplomatiko handiko erabakia da munduko potentzia nagusiak hori onartzea, Turkiako Errepublikak ukatu egiten baitu armeniarrek jasan zutena genozidio bat izan zenik, eta nazioartean exijitu ohi du halakorik ez erabiltzeko. Bere aldetik, Armeniako Gobernuak «egia ezartzeko pauso erraldoitzat» jo du.

«Urtero, egun honetan, otomandar garaiko armeniar herriaren aurkako genozidioan bizia galdu zuten guztiak oroitzen ditugu, eta ankerkeria hori berriz gertatzea eragozteko konpromisoa berresten dugu», azaldu du AEBetako presidenteak. Hala, etorkizunera begiratu beharra nabarmendu du, «fanatismoak eta intolerantziak eragindako gaitzek utzitako orbanik gabeko» mundu baten alde.

Biden ez da Armeniakoa «genozidio» gisa kalifikatu duen AEBetako lehen presidentea izan. 1981. urtean, Ronald Reaganek ere kontzeptu bera erabili zuen, baina atzera egin zuen Turkiak eginiko presioen ondorioz. Oraingoan, hitzok publiko egin aurretik, Etxe Zuriak asmoaren berri eman zion Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogani. Erabakia ez da haren gustukoa izan, eta «gezurtatu» egin du gertatutakoa hitz horrekin kalifikatu daitekeenik.

Hain zuzen, Ankararen ustez, «zauri sakon bat» irekiko duen «akats larri bat» da Washingtonek egindakoa. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak AEBen erabakia deitoratu du. «Hitzek ezin dute historia aldatu, ezta berridatzi ere. Ez dugu inorengandik ezer ikasi beharrik gure iraganari buruz», idatzi du. «Oportunismo politikoa bakeari eta justiziari eginiko traiziorik handiena da».

Adierazpenak bi herrialdeen arteko harremanak gaiztotu ditzake. Izan ere, biak NATOko kide izateaz gain, Ankara Washingtonen aliatu nagusia izan da Ekialde Hurbilean eginiko mugimenduetan. Tentsioak, baina,  gora egin du azken hilabeteetan, Erdoganek bere boterea indartzeko hartutako azken erabakien ostean.

Milioi eta erdi hildako

1915. urteko apirilaren 24ean, Otomandar Inperioak armeniar jatorriko intelektualak eta komunitate liderrak atxilotzeari ekin zion, lehenik Konstantinoplan —egungo Istanbul—, eta gero, inperio osoan zehar. Hurrengo zortzi urteetan 1,5 milioi armeniar baino gehiago hil zituzten —300.000, Turkiaren arabera—, eta milioika herritarrek euren lurraldea utzi behar izan zuten. Turkiak, inperio haren oinordekoak, ez du gertatutakoa ukatu, baina «genozidio» gisa kalifikatzea baztertzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.