inaki petxarroman
Analisia

Kazetaritza duina

2021eko apirilaren 27a
18:58
Entzun

BERRIAri eman zion elkarrizketa batean, David Beriain berriemaile nafarrak gogoeta hau egin zuen gatazka guneetan aritzeak ekar dezakeen arriskuaz: «Gatazketako kazetaritzak kontu teknikoa beharko luke, ikasten dena, bere praktika eta ezagutza espezifikoak dituena. Kazetariak ez du bere bizitza arriskuan jartzera joan behar, joateagatik...».

Besteak beste, Afganistanen, Kolonbian eta Iraken ibili zen berriemaile. Azkenaldiko gerrarik krudelenetako batean, Sirian, jardun zen harekin batera hil duten kamerari bizkaitarra, Roberto Fraile. Afrikako herrialderik txiroenetako batean sarraskitu dituzte, Burkina Fason, basanimalien legez kanpoko ehizari buruzko lan bat egiten ari zirela. Afrika kontinente hautsi bat da, mendebaldeko potentziek aberastasunez hustu eta mila zati ezkonezinetan utzi duten lurralde gobernagaitz bat. Zati horietako bat da Sahel, Mali, Burkina Faso eta Niger herrialdeen artean. Lehorte eta gosete gogorren tokia da, non, talde jihadistek ez ezik, era guztietako banda armatuek ere jarduten duten.

Beriainek eta Frailek bidegabekeriak itotako Afrika hori erakutsi nahi zuten, munduaren ahanzturaz egunero odolusten ari den kontinentea. Kazetaritza duin batean ari zirela hil dituzte, munduari kontatuz ikusi eta entzun nahi ez lukeen errealitate gordina. Ez da erraz beteko haien hutsunea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.