Albistea entzun

Euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte berriro

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Karrikiri elkarteak eta Elkar Fundazioak bi saiotan egingo dituzte ‘Hari izpia hartzen’ topaketak, maiatzean eta uztailean. Iaz ezarritako lan ildoetan sakonduko dute.

'Hari izpia hartzen' topaketen antolatzaileak, gaur egindako aurkezpenean, Atarrabian (Nafarroa).
'Hari izpia hartzen' topaketen antolatzaileak, gaur egindako aurkezpenean, Atarrabian (Nafarroa). Jagoba Manterola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko apirilak 27

Iazko urtarrilean egin zituzten Hari izpia hartzen jardunaldiak aurrenekoz, Nafarroako euskara teknikarien sareak, Karrikiri elkarteak eta Elkar fundazioak kezka bat partekatzen zutela ikusi ondoren: euskararen hiztun komunitatea handitzen ari dela, eta euskal kulturara jotzen dutenen kopurua, aldiz, ez.

Abiapuntu hori hartuta, ehun lagun inguru bildu ziren gogoeta egiteko, eta jorratu beharreko hainbat erronka ezarri zituzten; besteak beste, euskal kulturaren transmisioan izan den etena, hezkuntza aratuan dagoen baliabide falta, digitalizazioaren eta globalizazioaren eragina eta diru laguntzekiko menpekotasuna. «Eta, hain zuzen ere, lan ildo horietan sakontzea izango da aurtengo jardunaldien helburua», adierazi du Mikel Oteiza Atarrabiako (Nafarroa) alkateak gaur, jardunaldien aurkezpenean.

Aurten bi saio egingo dituzte: maiatzaren 28an, Atarrabian, eta uztailaren 1ean, Leitzan. Lehenengoan ikusgaitasunaren eta prestigioaren gaiak landuko dituzte, eta bigarrenean, berriz, lurraldea eta kulturaren arteko lotura.

Ikusgaitasuna eta prestigioa

Atarrabiako saioan aztertuko dute zein den euskal kulturaren tokia mundu globalizatuan, Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak aurkezpenean azaldu duen moduan: «Gutako edozeinek eskura du mundu mailako kultura eta hizkuntza handietatik datorren eskaintza; horren ondoan, euskararen tamainako kultur eskaintzarentzat lekua egitea ez da samurra: ur tanta bat itsaso batean. Zaila izateak ez dakar ezintasuna, ordea». Horregatik, nabarmendu du euskarak «kalitatezkoa eta erakargarria» izan behar duela, «ikusgaitasuna eta prestigioa» lortu: «Kultura gutxitua izateak, askotan, bigarren mailakoa bihurtzen duelako, prestigiorik gabekoa, eta pertzepzio hori aldatzea ezinbestekoa da. Horretarako, garrantzi handia du ikusgarri izateak».

Premisa horri helduta, zenbait adituk beren analisiak partekatuko dituzte parte hartzaileekin. Oskia Ugarte Uharteko Arte Garaikideko Zentroko (Nafarroa) zuzendaritzako kideak Sormena, kultura prestigiatzeko bidea izeneko hitzaldia emango du; Iratxe Retolaza EHUko irakasleak, Euskal kulturak hezkuntza arautua zeharka dezan izenekoa; eta Eli Pagola eta Oihana Iguaran Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideek, berriz, Bertsolaritza berritzea, publiko berrietara iristeko bidea izenekoa. Gainera, Jon Abril Elhuyarreko zuzendariak gai nagusiaren inguruko gogoeta bat gidatuko du.

Kultura eta lurraldea

Leitzako saioan, berriz, lurraldearen eta kulturaren arteko harremanean jarriko dute arreta. «Euskal kulturak lotura du lurralde jakin batekin, eta izan daiteke lurralde horren garapenerako elementu garrantzitsua. Horixe da uztaileko saioan aztergai izango duguna: nola egin kultura izan dadin lurralde baten garapenerako elementu», zehaztu du Sorsek.

Kasu horretan ere Abrilek gogoeta saio bat gidatuko du, eta beste hiru mintzaldi izango dira: Lorea Agirre kazetari eta Jakin fundazioko presidenteak Zer da euskal kultura? izena jarri dio bere hitzaldiari; Arantza Santesteban ikerlari eta zinemagileak, Kultura eta espazioa, pertsonen arteko kultura harremana eta garapena; eta Marc Badal Kanpoko Bulegoa lantegiko kideak, Kultura eta landa-garapena.

Saioetan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta hariizpiahartzen.eus webgunearen bitartez egin daiteke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.

Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

James Baldwinen irudiarekin egindako muntatzea. ©ANE GARCIA
Girlschool taldeko Kim McAuliffe, herenegun, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Girlschool, bigarren lerroan duin

Gotzon Hermosilla

Girlschool taldeak Music Legends jaialdian jo zuen herenegun, Bilbon, eta rock gogorraren eremuan lau hamarkada baino gehiago iraun duen ibilbideari errepasoa egin zioten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.