Astelehenean hasiko dira neurriak arintzen Ipar Euskal Herrian

Lau fasetan iraganen da neurrien arintzea, maiatzaren 3tik ekainaren 30era. Astelehenean, hamar kilometroko erradiotik ateratzeko debekua kenduko dute. Etxeratze agindua osoki kenduko dute ekainaren 30ean.

Ostatuak urritik daude hetsita Ipar Euskal Herrian. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko apirilaren 29a
15:21
Entzun

Bihar agertuko da Emmanuel Macron Frantziako lehendakariaren elkarrizketa osoa, Frantziako eskualdeetako prentsan. Halere, gaur eman du Emmanuel Macronek neurrien arintzearen egutegia. Ipar Euskal Herrian, beraz, maiatzaren 3an hasiko da neurrien arintzea, eta lau fase izanen ditu. Maiatzaren 3tik goiti hasiko da lehen fasea; 10 kilometroko tartean ibiltzeko debekua kenduko dute Ipar Euskal Herrian, eta eskualde bereko departamenduetan ibiltzeko eskubidea izanen dute herritarrek. Bestalde, kolegioak eta lizeoak irekiko dituzte: laugarren mailatik terminalera talde erditan eginen dituzte klaseak.

Maiatzaren 19an hasiko da bigarren fasea: etxeratze agindua 21:00etara atzeratuko dute egun horretan. Itxita dauden saltokiak irekiko dituzte batetik, eta ostatuetako eta jatetxeetako terrazak bestetik. Betiere, sei pertsona biltzen ahalko dira mahai inguruan, gehienez. Maiatzaren 19tik goiti, bestalde, museoak eta jarririk egon daitekeen kulturguneak berriz zabalduko dituzte. Kirol jarduerak kanpoan zein barnean egiten ahalko dira berriz, protokolo zorrotzekin, publikoarekin. Publikoa hartzen duten agerraldietan —kirolekoetan zein kulturakoetan— 800 lagun biltzen ahalko dira gehienez barrualdean, eta 1.000 kanpoan. Aldiz, hamar pertsona baino gehiagoko elkarretaratzeak debekatuak izanen dira oraindik ere.

Hirugarren fasea ekainaren 9an hasiko da. Etxeratze agindua 23:00etara atzeratzea da asmoa, egun horretatik aitzina. Telelana malgutzen ahalko dute enpresek. Ostatuen eta jatetxeen barrualdeak irekitzen ahalko dituzte, eta sei pertsona biltzen ahalko dira gehienez mahai inguruan. 5.000 pertsonako ekitaldiak ere onartuko dituzte data horretatik aitzina kulturguneetan, eta kirol eraikinetan «ziurtagiri sanitario» batekin —ez dute zehaztu zein izanen diren baldintzak—. Kirol jarduerak ere hedatuko dituzte: kontaktu kirolak kanpoaldean egiten ahalko dira barnealdean, berriz, ez. «Atzerriko turistak» ere sartzen ahalko dira Frantziako Estatura, «ziurtagiri sanitarioarekin».

Azken fasea ekainaren 30ean hasiko da: etxeratze agindua kenduko dute egun horretan. Publikoa hartzen duten eraikinetan biltzeko jende mugarik ez da gehiago izanen, nahiz eta segurtasun neurriak betetzen segitu beharko den, eta ziurtagiri sanitarioa beharko den. Bestalde, 1.000 lagun baino gehiago biltzen ahal diren ekitaldi guztiak baimenduko dituzte. Haatik, ekitaldi horien antolaketa duen izaeraren eta tokiko egoera sanitarioaren arabera baimenduko da ala ez. Diskotekak hetsirik egonen dira aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.