Albistea entzun

Kontu ekonomikoak

Familien gastuen jaitsierak %0,5 txikitu dute Nafarroako ekonomia

Bigarren hiruhilekorako baikorrago dago Iruñeko gobernua, herritarren konfiantza indizea gora doalako martxoaz geroztik. Atzeraldi teknikoan sartu da eurogunea, neguko olatuen aurkako neurriengatik

Kafetegi bat Iruñean. Urtarrilaren amaieratik otsail bukaerara arte, tabernen barrura ezin izan da sartu Nafarroan.
Kafetegi bat Iruñean. Urtarrilaren amaieratik otsail bukaerara arte, tabernen barrura ezin izan da sartu Nafarroan. Jesus Diges / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa - Iker Aranburu -

2021eko apirilak 30

Pandemiaren azken olatuari aurre egiteko neurriek eten egin dute Nafarroako ekonomiaren hazkundea. Urteko lehen hiruhilekoan %0,5 txikitu zen 2020ko azkenekoarekin alderatuta. Kontsumoa izan da beheraldi horren arrazoi nagusia, Elma Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilariak azaldu duenez: ez da soilik itxieren eta mugen ondorioz ostalaritzan gutxiago gastatu dutela, baizik eta beste gastuak ere mugatu dituztela COVID-19 kutsatzeak handitu ahala.

Urte arteko tasak ere negatiboan jarraitzen du, baina ez hainbeste: -%5,9 izan zen aurreko bi hiruhilekoetan, eta -%2,2 azkenekoan. Erorialdi apalago horren atzean, Nastat Nafarroako Estatistika Institutuaren ustez, eraikuntzaren eta industriaren leheneratze mailakatua dago batez ere, eta gutxiago zerbitzuen alorrarena.

Edonola ere, Nastatek ohartarazi du atzo jakinarazitako emaitzak behin-behinekoa direla, eta aldaketak izan ditzaketela ekainaren 24an zabalduko dituen datu osotuagoekin. Izan ere, behin-behineko estimazioa egin dute martxoko zenbait datu iritsi gabe zeudela —besteak beste, industriaren ekoizpenaren indizea,  eta zerbitzuen eta kanpo merkataritzaren ekarpena—.

Familien aurrezkia

Hain zuzen ere, martxoko behin-betiko datuekin itxaropena azaldu du Saizek, txertaketak aurrera egin ahala familien konfiantza indizeak hamasei puntu  gora egin duelako, eta horrek jarduera handitu duelako. «Une erabakigarrian gaude, eta horrek garamatza  2021aren gainontzekoa suspertzearen itxaropenarekin hartzera». Edonola ere, hazkunde sendoena urtearen bigarren erdian espero du Iruñeko gobernuak, herritarren zati bat txertatuta dagoenean. Gogorarazi duenez, familien aurrezkia inoizko handiena da, eta horrek pentsarazten ditu haien gastuak gorakada handia izango duela behinCOVID-19 kontrolatzeko neurriak arintzen direnean.

Gora doa enpresen konfiantza indizea ere, nahiz eta industriak  hornikuntza arazo batzuk izan dituen azken asteetan, Suezko kanala blokeatuta izan zelako hainbat egunez, eta zenbait lehengairen eskasia dagoelako.

Euroguneak, okerrera

Nafarroako datuarekin ez dator bat Eustatek iragan astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandakoarekin, haren arabera BPGa %0,2 hazi zelako hiru lurralde horietan. Urte arteko tasa, berriz, Nafarroakoa baino okerragoa da (-%2,9).

Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantziarenak erreferentzia gisa balioko balu, hazkunde apal baino positiboa izango luke (+%0,4), nahiz eta hainbat sektore erabat geldirik izan ziren.

Nafarroaren joera jarraitu dute berriz, Espainiak (-%0,5) eta euroguneak (-%0,6). Azken hori, gainera, atzeraldi teknikoan sartu da berriro, BPGa bi hiruhileko segidan uzkurtu delako (-%0,7 2020ko laugarrenean). Datu txar horretan eragin handia izan du bere ekonomiarik handienak, Alemaniak, %1,7ko eroriko bat izan duela. Neurri batean aldi baterako faktoreek ekarri dute uzkurdura —BEZaren behin-behineko apaltzea amaitu izana, eguraldi txarra, eta industria askok biltegiak jada bete zituztela brexit-a gertatu aurretik—. Gauzak horrela, irakurketa baikorra egin du Philip Lane EBZko ekonomisten buruak: «Suspertze ona ikusten dugu hemendik aurrera».   

Atzeraldiaren arrastorik ez dago, berriz, beste bi ekonomia handienetan: AEBetako ekonomia %1,6 hazi zen, eta Txinakoa, berriz, %0,6.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Parisko kaleak zaborrez beteta, biltzaileak greban baitaude pentsioen erreformaren aurka. ©CHRISTOPHE PETIT TESON / EFE

Findegietako langileen greba dela eta, erregai falta hedatzen ari da Frantzian

Iker Aranburu

Parisko gobernuak Polizia bidali du Bretainiako eta Proventzako gasolio eta ezantza biltegiak desblokeatzera. Erretretaren erreformaren aurkako bederatzigarren protesta eguna izango da bihar

Uvescok aurre egin dio inflazioak kontsumo ohituretan izandako eraginari

Iñaut Matauko Rada

Iaz 986 milioi euro fakturatu zituen, %5,3 gehiago. Esan dute prezioen apaltzeek onargarriak izan behar dutela balio katearen atal guztientzat
Von der Leyen eta Scholz hilaren hasieran elkartu ziren Berlinen negoziatzeko. ©HANNIBAL HANSCHKE/EFE

Erregai sintetikoak darabiltzaten autoen salmenta baimenduko du Bruselak 2035etik aurrera ere

Aitor Biain

Alemaniaren eskaera onartzeko prest dago Europako Batzordea, trukean konbustio autoen debekuaren legea desblokeatzen badu.

Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean. ©TERESA SUAREZ / EFE

Erretreten erreforma onartuta geratu da, Frantziako Gobernuak zentsura mozioa doi-doi gainditu ostean

Iker Aranburu

Erreforma geratzeko azken saioak huts egin du, baina gehiago ahuldu du Frantziako Gobernuaren kapital politikoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...