Bilboko portuko itsasontzi bat berrogeialdian jarri dute, hiru positibo antzeman eta gero

Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte bi kide, eta beste bi, berriz, Derioko hotel batera. Osakidetza aztertzen ari da birusaren Indiako aldaera duten.

Bilboko portuko artxiboko irudi bat. LUIS TEJIDO/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 3a
14:32
Entzun

Hiru positibo zenbatu dituzte Bilboko portuan dagoen Stavanger Pearl itsasontzian. Igandetik dago berrogeialdian tripulazioa, bi kidek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak azaldu eta gero. Horiek biak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman eta gero, beste bik ere sintomak garatu dituzte, eta haietako batek positibo eman du proban. Azken bi horiek Derioko hotel batera eraman dituzte (Bizkaia), bakartzeko etxerik ez dutenentzat prestatutako eremura. Gainontzeko hamazazpi kideak bakartuta daude ontzian bertan.

21 kiderekin heldu zen igandean ontzia Bilboko portura, 6.000 olio tona deskargatzeko helburuarekin. Suezko kanaletik abiatu zen, eta Rotterdam (Herbehereak) zuen helmuga. Lehen sintomak agertu bezain pronto, portuko agintaritzari jakinarazi zioten, eta horrek itsasontziko sartu-irteerak debekatu zituen. Gaur goizean egin dizkiete diagnostiko probak gainontzeko hemeretzi kideei, eta horietan eman du positibo hirugarren kideak. Sintomak dituen laugarrenak negatibo eman badu ere, ospitaleratu egin dute.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak jakinarazi duenez, positibo eman duten hiru kideetatik bi Indiakoak dira, eta momentuz aztertzen ari dira kutsatutakoek birusaren indiar aldaera izan dezaketen. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.