Albistea entzun

Korsikako bozak

Nazionalistak agintera eraman dituen Pe a Corsica koalizioa, hilzorian

Corsica Liberak «onartezintzat» jo ditu datorren hilabeteko bozei begira Simeoniren alderdiak jarritako baldintza berriak. Bitartean, aliantzako hirugarren indarra, PNC, bere zerrenda osatzen ari da.

Jean-Guy Talamoni eta Gilles Simeoni, 2017an, bozen emaitzak ospatzen, Bastian (Korsika).
Jean-Guy Talamoni eta Gilles Simeoni, 2017an, bozen emaitzak ospatzen, Bastian (Korsika). EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2021eko maiatzak 3 09:37

Hiruretako inork ez du esplizituki halakorik esan, baina asteotako negoziazioek eta adierazpenek agerian utzi dute hilzorian dagoela Korsikako nazionalistak 2015ean eta 2017an agintera eraman zituen Pe a Corsica koalizioa, hilda ez esatearren. Urteotako desadostasunak eta Gilles Simeoni irlako presidentearen alderdiak jarritako baldintza berriak daude errealitate horren atzean: Femu a Corsicak «zerrenda irekia» osatu nahi du datorren hilabeteko Korsikako Parlamenturako bozetarako, «alderdien logikatik kanpo» doana eta «kuotarik gabekoa».

Pe a Corsica 2015eko hauteskundeen bigarren itzulirako adostu zuten garai hartan koalizio zen Femu a Corsica autonomistak —Simeoniren Inseme per a Corsicak eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdiak osatua, besteak beste— eta Corsica Libera independentistak, eta aliantza horri esker mugimendu nazionalista lehen aldiz iritsi zen agintera. Koalizio bera errepikatzea erabaki zuten 2017ko bozetan, eta Pe a Corsicak are emaitza hobeak eskuratu zituen, legebiltzarrean gehiengo osoa lortzeraino (63 eserlekutik 41).

Berez, 2015ean sinaturiko akordioak hamarkada baterako behar zuen, 2025eraino, baina badirudi ez dela halakorik gertatuko, Femu a Corsicak itun berri bat proposatu baitie duela gutxira arte aliatu zituenei; ofizialki, helburua da hauteskundeetarako zerrenda mugimendu nazionalistatik kanpo daudenei irekitzea, baina, egiazki, Simeoniren jokaldiaren helburua bestelakoa da: urteotan izan duen protagonismoa baliatu, eta mugimenduaren lider bakar eta eztabaidaezina bilakatzea. Eta, bide batez, Corsica Liberako buruzagi eta Korsikako Asanbleako presidente Jean-Guy Talamoniren pisua eta indarra ezereztea, salatu dutenez.

Izan ere, 2018tik hona hainbatetan atera dira argitara Pe a Corsica koalizioa osatu duten hiru indarren arteko desadostasun politikoak. Simeoniren eta Talamoniren artekoez gain, oihartzun handia izan dute Korsikako presidenteak PNCren idazkari nagusi Jean-Christophe Angelinirekin izandako talkek; 2019an islatu zen zatiketa hori, Femu a Corsica koalizio izatetik alderdi bilakatzera pasatu zenean, PNCren iritziaren kontra.

Azkenean, Angeliniren indar politikoak formula horretan ez parte hartzea erabaki zuen, eta iazko herriko bozetan ez zituen emaitza txarrak lortu, besteak beste, PNCren idazkari nagusia hegoaldeko Porto-Vecchioko auzapez aukeratu baitzuten. Arrakasta horrek bultzatuta, eta gainontzeko indar politikoekiko harremana kontuan hartuta, PNCk bere zerrenda aurkeztea erabaki du datorren hilabeteko hauteskundeetarako.

Bien bitartean, Corsica Liberak ez du erabat argitu zer egingo duen, azkenean Femu a Corsicaren baldintzak onartuko dituen ala bere hautagaiak aurkeztuko dituen. Baina, iragan asteburuan argitara ateratako prentsa oharra kontuan harturik, badirudi bigarren aukeraren alde egingo duela, testuan baitio Simeoniren alderdiaren asmoak «onartezinak» direla, eta «etika nazionalistaren kontra» doazela.

Zehazki, honako hau adierazi du Talamoni buru duen mugimendu politikoak: «Femu a Corsicak dio, aldebakarreko maneran, hamar urterako adosturiko akordioei amaiera eman nahi diela eta, hortaz, Pe a Corsica desmartxa lurperatuko duela. Akordio hori mugimendu nazionalistak, FLNCren [Korsikako Nazioa Askatzeko Frontearen] borondateak eta korsikarren %57k baieztatu dute».

Zazpi militante historikoren kritikak

Giroa are gehiago okertu du mugimenduko zazpi militante historikok argitara ateratako gutun kritiko batek. Horretan, gehiengo nazionalistari eskatzen diote zehazteko zeintzuk diren bere «asmoak, bide orria, proposamenak eta anbizioak», eta ohartarazten diote haien babesa ez dela «baldintzarik gabea» izango.

Kontuan hartzeko moduko hitzak dira, militante horietako bostek 1975eko Aleriako kobazuloko protestan parte hartu baitzuten, eta pisu handiko figurak baitira; azaldu dutenez, zazpi urteko agintaldiaren ostean, «desilusio» handia dute Simeoniren gobernuarekiko, eta galdera ere helarazi diete hiru indar politikoei, bozei begirako desadostasunez: «Frogaren bat al da alderdien interesek gaina hartu diotela Korsikaren interes kolektibo eta gorenei?».

Alderdiek bi aste inguru dituzte hauteskundeetako zerrendak aurkezteko, eta, egungo egoera ikusita, gutxienez lau espero dira mugimendu nazionalistatik: Femu a Corsicarena, Corsica Liberarena, PNCrena eta 2017an bigarren itzulira pasatzeko zorian egon zen Core in Fronterena.

Barne zatiketa ez da une egokian iritsi, autonomistek eta independentistek aurkari garrantzitsu bat izango baitute bozetan: eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa zerrenda berean elkartzea lortu duen Laurent Marcangeli. Ajaccioko auzapeza lehen aldiz aurkeztuko da zerrendaburu gisara, eta eskuindarrek espero dute haren hautagaitzaren bitartez 2010ean galdu zuten boterea berreskuratuko dutela.

Frantziako Gobernuak aginduriko atzerapenaren ostean, parlamenturako hauteskundeen lehen itzulia ekainaren 20an egingo dute, eta bigarrena, 27an; lehen topaketan inork ez badu botoen erdia baino gehiago jasotzen, bigarrenera pasatuko dira gutxienez babesen %7 lortuko duten zerrenda guztiak.

2017ko bozetan lau sailkatu ziren: Korsikako nazionalisten Pe a Corsica, eskuin erregionalistaren A strada di l’avvene, LR Errepublikanoak-ena eta LREM Errepublika Martxan-en Anda per Dumane.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, hauteskundeetako emaitza ospatzen, atzo, Glasgown. ©ROBERT PERRY / EFE

Johnsonek goi bilera batera gonbidatu du Sturgeon, Erresuma Batuaren geroaz aritzeko

Andoni Imaz

Hauteskundeen ondoren, herrialdeen arteko batasuna indartzeko asmoz gonbidatu ditu Johnsonek Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako aginatariak bilera batera.

ERCko Pere Aragones, gaur, erabakiren berri emateko agerraldian. ©Quique Garcia / EFE

ERC prest dago gutxiengoan gobernatzeko

Berria

Aragonesek bere inbestidura errazteko botoak eskatu dizkio JxCri; adierazpen horrekin, iradoki du bi alderdi politikoen arteko negoziazioek ez dutela arrakastarik izango.

 ©AZIZ ISA ELKUN

«Uigurrok gure herrian askatasunez biziko garela uste dut»

Urtzi Urrutikoetxea

Txinak uigur etnia bere esaneko egiteko haien kultura eta identitatea ezabatu nahi dituela salatu du Isak. Dioenez, egia hori ezkutatzea geroz eta zailagoa egiten ari zaio gobernuari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna