Mexiko

EZLNko zenbait kide Europara bidean dira, nazioarteko bira bat egiteko asmoz

Hogei herrialde baino gehiagotan izango dira «historiaz, minez, amorruaz, garaipenez eta porrotez» hitz egiteko; besteak beste, Euskal Herrian. Ekainaren erdialdean iritsiko dira Galiziara.

2021eko maiatzaren 3a
17:42
Entzun

La montaña izeneko belaontzia abiatu da Karibeko Isla Mujeres uhartetik, Europara bidean. EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistako zazpi kidek hasi dute bidaia. Asteazkenean atera ziren Chiapastik (Mexiko), eta mila kilometroko bidea egin zuten ontzira iritsi arte. Orain, sei edo zortzi asteko itsaso bidaia dute aurretik; ekainaren erdialdean lehorreratuko dira Galizian, eta nazioarteko bira bati ekingo diote han. Hogei herrialde baino gehiagotan izango dira; besteak beste, Euskal Herrian.

Duela 503 urte, kapitain gaztelau bat kosta horretan lehorreratu zen, Kubako gobernadoreak bidalita. Urtebete geroago, Hernan Cortes porturatu zen handik kilometro gutxitara. Zapatisten helburua da duela 500 urte baino gehiago egin zuten zeharkaldiaren kontrako bidaia bat egitea. Europatik Amerika inbaditzera eta konkistatzera joan ziren orduan; «gu ez goaz ezer konkistatzera, trukatzera baizik». Datozen hilabeteetan, «historiaz, minez, amorruaz, garaipenez eta porrotez» aritu nahi dute Europako hainbat herrialdeetako lagunekin.

«Bizitzaren alde borrokatu behar da; antolatu, defendatu, baina elkarrekin», adierazi du Moises komandanteordeak ontzia atera aurretik egin duen agerraldian. Bizitzaren aldeko zeharkaldia. Europa atala jarri diote izena birari. Oraingoz, honako herrialde hauetan izango direla adierazi dute: Alemanian, Austrian, Belgikan, Bulgarian, Danimarkan, Erresuma Batuan, Errumanian, Errusian, Eslovenian, Espainian, Euskal Herrian, Finlandian, Frantzian, Grezian, Herbehereetan, Italian, Katalunian, Kroazian, Luxenburgon, Norvegian, Polonian, Portugalen, Sardinian, Serbian, Suedian, Suitzan, Turkian, Txipren eta Ukrainan.

Airez eta lehorrez mugituko dira Europan. «Ordezkaritzak herri zapatisten mandatua jaso zuen gure pentsamendua urrun eraman dezaten; hau da, gure bihotza. Gure ordezkariek bihotz handi bat daramate. Ez soilik Europako kontinentean jaikitzen direnak eta eusten diotenak besarkatzeko, baita haien historiak, geografiak, egutegiak eta moduak entzuteko eta ikasteko ere», azaldu du Moises komandanteordeak EZLNren webgunean argitaratutako testu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.