Arnasa Gara

Iratxe Urkiaga: «Herritik irtenda, arnasguneetatik irtenda, igartzen da erdaretarako joera»

Iratxe Urkiaga antzezleari egin diote Arnasa Gara kanpainaren barruan antolatutako zazpigarren elkarrizketa. Euskarari eustearen garrantziaz hitz egin dute, besteak beste.

Iratxe Urkiaga, Arnasa Gara kanpainaren esketx batean. ARNASA GARA
2021eko maiatzaren 4a
15:41
Entzun

Iratxe Urkiaga antzezlearekin egin dute Arnasa Gara kanpainako zazpigarren elkarrizketa. Euskararen tximeleta efektua ikus-entzunezkoaren inguruan jardun dute zuzenekoan, eta, besteak beste, euskarari eustearen garrantziaren inguruan hausnartu dute. «Euskarari eustean, ingurukoak ere euskaraz mintzatzeko giro berezi eta aproposa sortzen da». Premisa hori izan dute abiapuntu; izan ere, testuinguru hori bera hezurmamitu dute aste honetan zabaldu duten ikus-entzunezkoan.

Pilula horretan, euskarari eustean sortzen den «tximeleta efektuan» jarri dute arreta, eta Graxi Arregi, Sambou Diaby, Mikel Irazusta eta Erika Olaizola aktoreak izan dira protagonista. Kalean edaten ageri dira, lurrean eserita, ikastetxeren bateko patioan. Jolasten ari dira, elkarri esperientziak kontatzen, baina gaztelaniaz ari dira batez ere. Diabyren kasuan, baina, igartzen da kontzienteki eusten ari zaiola euskarari, eta, ahalegin horretan, gainerako solaskideak ere euskaraz hitz egiten jartzen ditu.

Testuinguru hori bera bizi izan duela kontatu du Urkiaga antzezleak: «Oso ona iruditu zait, eta testuinguru erreal bat islatzen du». Lekeitiarra da bera, eta egoera hori batez ere Lekeitiotik (Bizkaia) kanpo bizi izan duela adierazi du: «Batez ere Bilbo inguruan bizi izan dut. Gertatu izan zait guztiek euskaraz dakiten lagunekin egon, eta pixkanaka-pixkanaka erdarazko gero eta berba gehiago entzun… Horrelakoetan, kontzienteki eusten diot euskarari, eta nik egiten ez badut beste lagun bat izaten da jarrera hori hartzen duena. Azkenean, klik egitean datza».

Klik egite hori azpimarratu du; izan ere, askotan pisu nabarmena hartzen du inertziak, eta euskara bigarren maila batean gelditzen da lehenengo harremanetan. Urkiagari ere gertatzen zaio hori, eta tabernaren batera edo saltokiren batera sartzean askotan lehen hitza erdaraz egiten duela aitortu du: «Askotan erdaraz egin dut, pentsatuz euskaraz ez duela jakingo». Hala ere, ezusteko ugari hartu izan dituela azaldu du, eta horrelakoek hausnartzeko modua ematen diotela: «Ahoskera igarri eta euskaraz erantzun didatenetan, barkamena eskatu izan diet».

Hala, lehen hitza euskaraz egitean egin du azpimarra, eta jarrera hori hartzearen garrantzia nabarmendu du. Ez, gainera, tabernari edo saltzaileekin bakarrik, etorkinekin ere joera bera dagoela esan du: «Etorkinei ere erdaraz egiten hasteko joera dugu, eta Lekeition, adibidez, guztiek lekeitiarrez egiten dute. Batzuetan arinkerian erortzen gara, hainbat pertsona eta egoera idealizatzen ditugu, eta, gero, gugana dator talka hori, bueltan». Eta, inertzia horiek guztiak hausteko, lagungarritzat jo ditu Arnasa Gara kanpainan zabaldutako bideoak: «Beharrezkoak dira bidaltzen dituzten mezuak. Hausnartzera bideratzen gaituzte».

Amaitzeko, arnasguneen eta gazteen joeren inguruan hitz egin dute zuzenekoan. Euskararen «birika» gisa izendatu ditu arnasguneak, eta Arnasa Gara kanpainaren barruan lan egitearekin batera ezagutu zuen kontzeptu bat dela kontatu du: «Sekula ez nuen kontzeptu hori entzun». Inguruan sumatzen dituen hizkuntza ohiturei dagokienez, Lekeition euskaraz bizi direla eta euskaraz bizi daitekeela nabarmendu du, baina herritik kanpora joatean errealitate hori desitxuratu egiten dela: «Herritik irtenda, arnasguneetatik irtenda, igartzen da erdaretarako joera».

Hurrengo astean, azkena

Arnasa Gara kanpainaren barruan egin duten zazpigarren zuzeneko elkarrizketa izan da Iratxe Urkiagarena. Hurrengo astean egingo dute azkena, Ainhoa Etxebarria irrati esatari, aurkezle eta antzezlearekin. Martxoaren erdialdean aurkeztu zuten kanpaina, Uemaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean. Udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako testuinguru ugariak zein diren azaltzen dute kanpainaren bitartez, eta Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako zortzi ikus-entzunezko dira horren ardatza. Bideo horietako bakoitzean, udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru ikus daitezke, eta, egoera horietatik abiatuta, gogoeta ugari egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.