Albistea entzun

Espainia

Pablo Iglesiasek politika utzi du, ezkerrak Madrilen porrot egin ondoren

Espainiako Gobernuko presidenteorde izateari utzi zion hauteskundeetara aurkezteko. Unidas Podemosek 2019an baino hiru eserleku gehiago lortu baditu ere, emaitza apala izan du, eta ezkerrak ez du gobernatzeko modurik.

Iglesias, alderdikidez inguratuta, Podemosen Madrilgo egoitzan, hauteskunde gauean.
Iglesias, alderdikidez inguratuta, Podemosen Madrilgo egoitzan, hauteskunde gauean. Kiko Huesca / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2021eko maiatzak 5 11:01

Pablo Iglesiasek ez du diputatu aktarik jasoko Madrilgo Parlamentuan, eta dimisioa emango du Podemos alderdiaren idazkari nagusi kargutik. Politika utziko du. Madrilgo Erkidegoko hauteskunde gauean bertan jakinarazi du, alderdikidez inguratuta. Iglesiasek bere gain hartu zuen Unidas Podemos salbatzeko ardura, eta, aurreko bozetan baino hiru eserleku gehiago lortu badituzte ere —koalizioa hauteskunde batzuetan aurreko alditik hazi den lehen aldia izan da—, eta nahiz eta biltzarrean sartzeko beharrezko botoen %5 aise eskuratu dituzten, ezkerraren porrota nabarmena izan da, eta Iglesiasek argi esan du bere lidergoa traba bat dela Unidas Podemosen instituzioetako bidean: «Ez dut batzen laguntzen».

«Politika utziko dut, alderdietako eta erakundeetako politika», adierazi du. «Nire herrialdearekin konprometituta jarraituko dut, baina ez naiz tapoi bat izango gure indar politikoaren buruzagitza berritzeko». Gainera, Iglesiasek uste du «pagaburu» bilakatu dutela, «demokraziaren kontrako jarraitzailerik ilunenak» mobilizatzeko asmoz.

«Harro nago gure herrialdearen historia aldatu zuen proiektua gidatu izanaz», esan du bart. Iglesiasek eta haren kideek 2014ko urtarrilean eratu zuten Podemos, M-15 protesta mugimenduaren abaroan, eta ia sei urteren ondoren, Espainiako koalizio gobernu bateko presidenteorde izendatu zuten. Joan den martxoan, kargu hori utzi zuen Madrilgo Erkidegoan ezkerreko gehiengo bat sortzeko asmoz, eta dagoeneko adierazi zuen alderdiaren buruzagitza berritu beharrean zirela.

Yolanda Diaz ministroak ordezkatu du presidenteorde karguan, eta Iglesiasek argi esan du hura nahi duela Unidas Podemosen zerrendaburu Espainiako Gorteetarako hurrengo hauteskundeetan.

Aldaketaren ikurra

«Sumindura aldaketa politiko» bihurtzeko asmoz sortu zuten Podemos, ezkerreko zenbait intelektualek eta ekintzailek 2014ko urtarrilean argitaratutako manifestu baten izenburuak zioen moduan. M-15 protesta mugimenduaren osteko giroan ezkerreko alderdi berri bat sortzeko espazioa zegoela uste zutenen artean zegoen Iglesias. Bera izan da alderdiaren burua hasieratik.

Etxean jaso zuen kontzientzia politikoa. Aitarengandik eta amarengandik, historia irakaslea bata eta abokatua bestea, baita aitonarengandik ere; Manuel Iglesias heriotza zigorrera kondenatu zuen frankismoak, gerora, hainbat lekukoren testigantzari esker, zigorra barkatu bazioten ere. Sozialista zen. Iglesiasek, berriz, komunistekin hasi zuen bere ibilbide politikoa.

Espainiako Gazteria Komunisten Batasunean aritu zen 21 urte zituen arte. Ordurako globalizazioaren kontrako taldeetan ari zen. Zuzenbidea eta Zientzia Politikoak ikasitakoa da, eta desobedientzia zibila izan zuen ardatz bere tesian. Doktoregoa lortuta, zientzia politikoetako irakasle gisa aritu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

Bertan ezagutu zituen gerora politikan bidelagun izango zituenetako asko. Podemos 2014ko martxoan eratu zen alderdi politiko gisa. Europako hauteskundeak izan zituen aurreneko mugarria, eta emaitza sekulakoa izan zen alderdi sortu berri bat izateko: 1,2 milioi boto eta bost eserleku lortu zituen Bruselan. Horietako bat, Iglesiasena.

Urte hartako azaroan izendatu zuten Iglesias idazkari nagusi, primarioen bidez. 2015ean, europarlamentari izateari utzi zion, urte horretako Espainiako hauteskundeetan buru-belarri aritzeko. Podemos hirugarren indarra izan zen Espainiako Kongresuan. 2016an sortu zen Unidas Podemos koalizioa, Izquierda Unidarekin elkartuta.

2017an, Podemosen Vistalegre II batzarrean, militanteek idazkari nagusi izaten jarraitzeko aukeratu zuten Iglesias, Iñigo Errejonek gidatutako zuzendaritzaren aurrean. Urtebeteren ondoren, Iglesiasek atzera militanteen esku utzi zuen karguan jarraitu ala ez, Irene Monterorekin batera 600.000 euroko etxe bat erosi izanak sortu zuen zalapartari erantzunez. Kideen %68k babestu zituen.

Mariano Rajoyren gobernuaren kontrako zentsura mozioaren ondoren, Unidas Podemosek ez zuen Pedro Sanchezen inbestidura babestu, eta, 2019an berriz hauteskundeak egin eta gero, PSOEk eta Unidas Podemosek koalizio gobernu bat eratu zuten. «Ezker eraldatzaileak 80 urtean osatu duen lehen koalizio gobernua», Iglesiasen hitzetan. Podemosen buruak protagonismo nabarmena izan zuen negoziazio horietan, PSOEk betoa ezarri ziolako hasieran, eta gobernutik kanpo geratzeko prest zegoela adierazi zuelako.

Azkenean, 2020ko urtarrilean, Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro izendatu zuten. Espainiako Gobernuko kide zela, torturaren erabilera onartu eta errefusatu zuen, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Gobernuaren aurkako manifestariak, atzo, Medellinen. ©Luis Eduardo Noriega A. / EFE

Elkarrizketen zain, protestek ez dute etenik

Iosu Alberdi

Azken zortzi egunetako manifestazioetan, gutxienez 31 lagun hil ditu Poliziak, eta mila inguru zauritu. Gobernua hainbat erakunderekin bildu da, baina oraindik ez grebarako deia egin duten taldeekin.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, iragan otsailean, hauteskunde kanpaina hasi aurreko hitzordu batean. ©WILL OLIVER / EFE

SNPk gehiengo osoa nahi du «Eskoziaren historiako bozik garrantzitsuenetan»

Ander Perez Zala

Bigarren independentzia erreferenduma eta Erresuma Batuaren batasuna daude jokoan gaur egitekoak diren parlamenturako hauteskundeetan

David Beriaini egindako omenaldia Artaxoan (Nafarroa). ©Jagoba Manterola / Foku

Burkina Fasoko armadak zortzi lagun hil ditu, ustez Beriainen eta Fraileren hilketan zerikusia zutenak

Paulo Ostolaza

Armadak gaur eman du albistearen berri, baina ez du informazio gehiago plazaratu.

Maliko behin-behineko presidente Bah Ndaw eta Frantziako estatuburu Emmanuel Macron, Parisen, joan den urtarrilean. / ©Yoan Valat, EFE

Frantziako kazetari bat bahitu du Malin Al-Qaedaren gertuko talde jihadista batek

Arantxa Elizegi Egilegor

Apirilaren hasieran desagertu zen Olivier Dubois kazetaria, Gao hirian. Taldeak bideo bat zabaldu du sare sozialetan bahiketaren berri emanez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna