Banku publiko bat sortzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak

Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk egin dute eskaera, lurraldeko enpresak laguntzeko, baina gainerako taldeek aurka bozkatu dute, Jaurlaritzak horretarako tresnak badituela argudiatuta.

Euskaltelen denda batean eginiko protesta bat. MONIKA DEL VALLE (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 6a
13:10
Entzun

Euskaltelekin gertaturikoa gogoratu dute berriz ere Eusko Legebiltzarrean. Horren harira, banku publiko bat sortzeko beharra galdegin dute Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk, baina gainerako taldeek aurka bozkatu dute. Ezkerreko bi alderdien arabera, ezinbestekoa da halako finantza erakunde bat telekomunikazio enpresarekin jazotakoa lurraldeko beste enpresa batzuetan errepika ez dadin.

David Soto Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak Jaurlaritzari leporatu dio «funts putreei» bidea erraztea, eta ohartarazi du enpresa horien helburu bakarra dela etekinak lortzea eta alde egitea. Azpimarratu du industria politikan esku hartze publikoa beharrezkoa dela, enpresei kapitalizazioaren bidez laguntzeko eta lurraldean errotuko direla bermatzeko.

EAJk eta PSE-EEk argudiatu dute banku publiko bat ez dela beharrezkoa, haien ustez, Jaurlaritzak badituelako finantza tresnak enpresa estrategikoetan parte hartzeko. Finantzen Euskal Institutua eta Finkatuz funtsa aipatu dituzte, eta nabarmendu dute gobernuak handitu egin duela horien ahalmena.

Gogoratu dute Finkatuz kudeatzeko sozietate publiko bat sortuko dutela aurki, 160 milioi euroko kapitalarekin, eta horren helburua izango dela epe luzeko finantza partaidetzak erostea lurraldeko enpresa handietan, alde egin ez dezaten eta enpleguari euts diezaioten. Horren harira, zuzenketa batean EAJk eta PSEk Jaurlaritzari eskatu diote Finantzen Euskal Institutuak azter dezala zer sektore lehenetsi behar diren Finkatuz programaren bidez parte hartzeko.

EH Bilduko Iker Casanovak Euskaltelen pribatizazio «basatia» salatu du, eta EAJri eta PSE-EEri leporatu die geratutakoren ardura. Gogoratu du ekimen publikoarekin sortu zela, baina bi alderdi horiek gobernatutako instituzioek euren parte hartzea gutxitzen joan zirela, «funts espekulatiboen» eskuetan utzi arte. Finkatuzi buruz, berriz, eskatu die iragarritako inbertsioak berehala abiatzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.