Lan araudia

Irailaren amaierara arte zabalduko dituzte aldi baterako erregulazioak

Pandemia amaitzen denerako aldi baterako erregulazioen sistema berri bat agindu dio Espainiako Gobernuak EBri.

Petronorreko langileen protesta, beren aldi baterako enplegu erregulazioa salatzeko. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 6a
16:35
Entzun

Lehen bilera nahikoa izan dute Espainiako Gobernuak eta gizarte eragileek pandemiari lotutako aldi baterako erregulazioak beste lau hilabetez luzatzeko. Maiatzaren 31n zen bukatzekoa oraingo sistema, baina gutxienez irailaren 30 arte izango dira indarrean.

Data horrek, ordea, ez du aldi baterako erregulazioen sistemaren amaiera ekarriko. Eragile guztiak ados daude esatean aldi baterako erregulazioak tresna eraginkorrak izan direla enpleguak ez suntsitzeko, eta garai arruntago batzuetan ere erabiltzearen aldeko apustua egin dute. Espainiako Gobernuak aldi baterako erregulazioei buruzko araudi berritu bat agindu dio Europako Batzordeari, EBren funtsak jaso ahal izateko aurkeztutako programan.

Hurrengo lau hilabeteotan indarrean izango den aldi baterako erregulazioen araudia «oraingoaren oso antzekoa» izango dela ziurtatu du Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak. Espero du CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE patronalarekin aurki jarriko dela ados: «Negoziazio bizkorra nahi dugu, udako kanpainaren aurrean enpresek eta langileek ziurtasuna izan dezaten».

Aldaketaren bat izatekotan, enpresek erregulazioan utzitako langileen kotizazioen zati handiago bat hartzeko izango dela iradoki du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak.

Horrela, ezinbesteko arrazoiengatik erregulazioa eskatu dutenek beren langileen kotizazioaren %75 aurrezten dute 50 langiletik gorako enpresak badira, eta %85 enpresa txikiagoak badira. Arlo horretan daude, besteak beste, ostalaritza, hotelak eta antzekoak, merkataritza, apustu etxeak, zinemak, antzokiak eta ikuskizun aretoak. Hobariak handiagoak dira guztiz itxitako sektoreetan, eta txikiagoak, berriz, ordutegi mugak dituztenetan.

32.500 langile Euskal Herrian

Apirilaren amaieran 638.238 langile zeuden aldi baterako erregulazio baten menpe, horietatik 32.500 Hego Euskal Herrian. Pentsatzekoa da hurrengo asteetan langile asko aterako direla egoera horretatik, datorren igandean alarma egoera amaitu ahala joan-etorrietarako eta ostalaritzarako muga batzuk arindu egingo direlako.

Joera horrek sendotu egin beharko luke udak aurrera egin ahala, baldin eta txertaketa masiboak COVID-19aren kutsatzeak gutxitzen baditu eta ospitaleak husten.

Aldi baterako erregulazioak, ordea, ez dira etengo. Industria alorreko enpresa askok urte amaierara arteko erregulazioak onartu dituzte. Horien artean dago, esaterako, Petronor. Findegiak bere langileen herenak —354 behargin— aldi baterako erregulazioan jarri ditu abenduaren 31 arte, erregaien kontsumoaren erorikoak lan karga asko txikitu diola argudiatuta.

Espainiako Gobernuak onartu du irailaren 30etik aurrera luza dezakeela oraingo araudia, baina badu beste proiektu bat esku artean: aldi baterako erregulazioari buruzko araudi finkoa erreformartzea.

Ez da tresna berria

Berez, aldi baterako erregulazioak ez dira pandemiarekin sortu. Langileen Estatutuaren 47. artikuluan agertzen dira, eta PSOEren gobernuak 2010ean eta PPrenak 2012an aldaketak egin zituzten halako erregulazioak errazteko. Aldaketa horien gainean egin dira pandemiara egokitutako erregulazioak, baina urrunago joan nahi du Espainiako oraingo gobernuak. Lan merkatuan egin nahi dituen erreformaren barruan aipatu dio Bruselari «egiturazko ABEEak» berriro arautu nahi dituela, pandemiari lotutakoekin ikasitakoa baliatuta.

Azaldu duenez, bi tresna sortu nahi ditu. Batetik, zailtasun koiunturalak dituzten enpresentzat, langileak kalera bota ez ditzaten. Bestetik, berregituraketan dauden sektoreetan, kalera joango diren langileak trebatzeko. Tresna horiek finantzatzeko funts bat sortu nahi du, eta enpresen, langileen eta administrazioen ekarpenekin elikatu. Hazkunde urteetan langabezia sarirako kotizazioetan izaten den soberakina  sartu nahi du kutxa horretan.

Behin-behinean, EBtik jasoko dituen maileguekin elikatuko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.