Albistea entzun

Mixel Berhokoirigoin: «Lurralde antolaketaren trena huts egiten badugu, historiatik at geldituko gara»

Irailaren 29an, Batera-k jardunaldi batzuk eginen ditu Baionan, Parisera igorri nahi duen lurralde elkargoaren xedean sakondu eta Frantziako agintariei herritar eta eragileen proposamena helarazteko asmoz.

Aitor Renteria -

2012ko irailak 20 14:22

Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak lurralde elkargoaren alde ebatzi ondoren, egindako urratsa goraipatu du Batera-k, eta oraindik zehaztu gabe dauden arloen inguruko gogoeta bultzatuko du, irailaren 29an Baionan eginen dituen jardunaldien bidez. Ororen buru, Hautetsien Kontseiluak egin duen bezala, Batera-k lurralde elkargo baten proposamena igorri nahi du Frantziako Senatuak azter dezan. Hautetsien proposamenarekin batera, herritarren proposamena ere mahai gainean izanen du Frantziako Gobernuak.

Lurralde elkargoa sostengatuko du Hautetsien Kontseiluak. Alta, Batera-k dio proposamen horretan sakondu behar dela. Zein arlotan?

Lurralde elkargo horrek nolako osaketa ukanen duen zehaztu beharko da lehenik, hots, nola hautatuko diren ordezkariak eta zuzendaritza; hori baita egitura horren berezitasuna: euskal herritarrek zuzenean hautatuko dituztela beren ordezkariak. Baina horrekin ez diogu erantzun galderari; zehaztu beharko dugu nola bozkatuko den, nola hautatuko diren hautetsiak. Badira anitz elementu: Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoa bozka eremu bat izan daiteke, edo zenbait eremutan bana daiteke, herrialdeen orekari atxikitzeko. Jende gehiena Lapurdiko kostaldean bizi da, baina horrek ezin du gorde barnealdearen berezitasuna. Horrekin batera, aztertu beharko dugu proportzionaltasuna hobesten dugun, osoki edo hein batean. Dakiguna da egun departamenduan dagoen prozedura zaharkitua dela eta ezin dugula sistema horretan segitu. Demokrazia handiagoa ekarriko duen sistema bat behar dugu.

Departamenduari eustea sistema bikoiztea litzateke orduan?

Argi da departamendua egitura zaharkitua dela eta Ipar Euskal Herriak gainditu duela eredu hori, eskumen gehiago behar dituela. Boterea nola antolatuko den zehazteko garaia da, eta horrek eskatzen du zorrotz aztertzea nolako harremanak ukanen dituzten lurralde elkargoak eta gaur indarrean dauden gainerateko erakundeek. Ezin dira eskumenak bikoiztu; herritarrek boterearen interpretazioa argitzea eskatzen dute. Batera-k beti erran du hemen sortuko den erakundeak beharko dituela bederen departamenduaren eskumenak gehi eskualdearen batzuk. Hori ere eztabaidatu behar da.

Zerga sistema ere aipatu duzue; alegia, nolako baliabideak ukanen dituen erakunde horrek.

Ezin dira zerga berriak sortu, eta orain dauden diru sarrerekin funtzionatu beharko da. Lurralde elkargoaren baliabideak ezin dira elikatu zerga berri baten bidez, baizik eta orekatuz orain departamenduaren edo eskualdearen esku daudenekin. Departamenduko eskumenak baditugu, guk beharko ditugu baliabideak. Eskualdeak ezin du egin guk eginen dugun zerbait. Beraz, berrantolaketarekin batera, eskumenen araberako zerga sistema ezarri behar da plantan. Orain den zerga sistemaren transferentzia izanen da lurralde elkargoaren baliabide. Baina hori guztia zehazteko dago: zein izanen diren diru iturriak, nolako zerga sistema ezarriko den plantan, nolako bermea ukanen duen erakunde berriak eta nolako autonomia. Lurralde elkargoa iraunkortasunean ezarri behar da plantan, eta horretarako bermeak behar dira.

Lege adituen iritzia ere eskatu duzue. Trabak ikusten dituzue?

Legeen arloan ere aztertu beharko dira zein diren aukerak eta zein trabak. Horiek landu behar dira landu, eta horretarako dira Baionako jardunaldiak. Ipar Euskal Herriarentzako instituzioaren gaia geldi zela zirudien duela ez hainbertze denbora. Azken hilabeteetan abiadura handia hartu du, eta, oraingoan, bide onean. Alde horretatik baikor gara, xedeak bere bidea egiten duelako. Baina eskatzen digu estatuak finkatu duen egutegiaren arabera aitzinatzea. Gizartearen ahotsa entzun dadin, sakondu behar dugu lurralde elkargoari buruzko gogoetan, eta proposamen zehatza egin. Parisek hautetsien proposamena ukanen du, eta, horrekin batera, euskal gizartearena. Proposamen osoa, funtzionala, logikoa eta gaurko erronkei ihardesten diena.

Onartuz gero, noiz ezarriko litzateke abian lurralde elkargoa?

Lurraldeko bozak eginen direlarik Frantzian plantan ezarria egon behar du Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoak. Hastapenean, aipatzen zen 2015ean egingo zirela hauteskundeak, eta orain 2016rako direla diote. Urte bat izan ala bertzea, gure aldarria zehatza da. Ipar Euskal Herriak bere instituzioa behar du, eta ordurako osatu behar da. Horregatik pentsatzen dugu hau dela gogoetan sakontzeko garaia, nahi dugun erakunde hori zehazteko osotasunean, egituran, eskumenetan, zerga sisteman, demokraziaren definizioan eta hautesbidean. Prest izan behar dugu, lurralde antolaketaren trena orain pasatzen ari baita, eta tren hori huts egiten baldin badugu, berriz ere historia galtzen dugu, kanpoan geldituko gara.

Nola baloratzen dituzue orain arte egindako urratsak?

Lurralde elkargoaren bide luze horretan, urrats anitz egin dira, eta egitekoak dira oraindik. Gure esku daudenak ondu behar ditugu. Ohartu behar gara biziki garrantzitsua dela egin den urratsa, hau da, Hautetsien Kontseiluak lurralde kolektibitatearen printzipioa onartzea, eta horretan erakutsi duten adostasun zabala. Gizarte zibilaren eta hautetsien gehiengo zabalak horren alde egin du, eta behar duen garrantzia eman behar zaio urrats horri. Ideia anitz landu dira Garapen Kontseiluan, eta bertan daude gizarte eragileak, enpresak, hautetsiak eta herritarrak. Lantalde horietan zehaztu dira eskumenak, eta egiteko modukoak direla diote lege adituek. Proposamena Parisera badoa, han aztertzen duten bitartean, hemen segitu beharko dugu gogoetarekin. Ahal den neurrian, prozesu hori ere kontrolatu beharko dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Juan Alberto Belloch, artxiboko irudi batean. ©Javier Cebollada / EFE

Juan Alberto Belloch: «Galindo, borrokalari antiterrorista moduan, onena zen»

Iosu Alberdi

Justizia eta Barne ministro ohiak adierazi du bera izan zela Galindori jeneral kargua ematea ahalbidetu zuena, nahiz eta jakin atxilotuak torturatzen zituela.

Eba Blanco (erdian), azaroko biltzarrean, idazkari nagusi izendatua izan ondoren. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

EAren primarioak berriz egiteko aginduaren aurkako helegiteak aztertuko dituzte

Xabier Martin

Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu du EAren eskaera, eta alderdiaren primarioak berriz egiteko agindu zuen probintzia auzitegiaren epaia balekoa den ala ez erabakiko du.

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Arantxa Iraola

Urrian hautetsi hainbatek utzi zuten kargua, auzapezaren kudeaketa ereduarekin kritiko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.