Egoiliarren irteerak eta bisitak malgutu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Astelehenetik aurrera, egunero irteteko eta astean hiru bisita jasotzeko aukera izango dute.

Zestoako (Gipuzkoa) San Juan egoitza. SAN JUAN FUNDAZIOA
Edurne Begiristain.
2021eko maiatzaren 12a
20:24
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak adinekoen egoitzetako COVID-19aren kontrolerako protokoloa eguneratu dute. Txertaketan egindako aurrerapenengatik eta alarma egoera bertan behera utzi delako, erabaki dute neurriak egoera berrira egokitzea. Batez ere, egoiliarren irteerak eta bisitak malgutu dituzte, «funtsezko elementuak» direlako haien osasun fisiko eta emozionalerako. Astelehenetik aurrera, egoitzetako erabiltzaileak egunero irten ahal izango dira zentrotik, nahi izanez gero, eta irteerak lehenetsiko dira bisiten aurretik. Halaber, ibilaldi terapeutikoak lehenetsiko dira, eta irteeretan gune itxi eta jendetsuak saihestu. Irteerak ez dira etengo egoitza dagoen udalerriko intzidentzia komunitarioa altua izanda ere. Egoitzan COVID-19aren agerraldi bat izanez gero bakarrik etengo dira irteerak, edo antzeko egoeraren bat gertatuko balitz.

Bisitei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek adostutako irizpideen arabera, egoiliarrek astean gutxienez hiru bisita egin ahal izango dituzte, senitartekoak edo hurbilekoak zentroan bertan hartu nahi badituzte. Bisitak horretarako berariaz egokitutako guneetan egingo dira, bizikidetza burbuilei eusteko. Bisitetara bi pertsona sartu ahal izango dira aldi berean. Kasu horretan ere, zentroak erabakiko ditu ordutegiak, eta gehienez ordubeteko iraupena izango dute.

Egoiliarra bizitzaren amaierako prozesuan dagoen kasuetan edo haren egoera kognitiboek egoera ulertzea eragozten dutenean, baldintza horiek salbuetsi ahal izango dira, gaur adostu dutenez. Kasu horietan, maiztasun eta iraupen handiagoak baimendu ahal izango dira, baita logelan bisitak egitea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.