Albistea entzun

Dantza taldeen emanaldiak baimendu ditu Jaurlaritzak

Dantza talde amateurren emanaldiak baimenduta daudela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak, baina, horretaz jabetzeko, gaztelerazko bertsioa irakurri behar izan dute zaleek, baimena galdu egin delako euskaratzerakoan, antza.

Dantzari talde bat, iaz, Urduñan, Otxomaio jaien hasieran.
Dantzari talde bat, iaz, Urduñan, Otxomaio jaien hasieran. Marisol Ramirez / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko maiatzak 13

Dantzan.eus atariak gaur ohartarazi du profesionalak ez diren dantza taldeen emanaldiak baimentzen dituela Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri duen dekretuak. Atzo argitaraturiko testua irakurrita, debekuak indarrean jarraituko zuela pentsatu zuen dantzazaleek. Baina, antza, itzulpenaren arazoa izan da, gaztelerazko bertsioak baimena ematen baitu.

«Dantza talde ez-profesionalen entseguei berrekitea baimentzen da, eta, nolanahi ere, zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun distantziaren, maskara erabiltzearen eta kontaktu fisikorik gabeko sei laguneko taldeen prebentzio baldintzak». Horra argitaraturiko dekretuaren euskarazko bertsioa. Entseguak bakarri aipatzen ditu; beraz, dantzazaleek ulertu zuten jendaurreko saioek debekaturik jarraituko zutela.

Haatik, gunearen jarraitzaile batek ohartarazi die gaztelerazko bertsioak «entseguak eta emanaldiak» aipatzen dituela. «Badirudi itzulpenean galdu egin dela dantza emanaldien baimena», idatzi dute Dantzan.eus-ekoek.

Edonola ere, dekretu berriak bestelako informazio hutsuneak ere badituela ohartarazi dute. Izan ere, ez du zehazten zenbat dantzari elkartu ahal diren entseguetan. «Orain arte, sei kideren artekoa zen muga. Zenbakirik ez zehazteak nahi adina dantzari elkartu daitezkeela esan nahi ote du? Ez dirudi hori horrela denik, orain esaten baita taldeek prebentzio neurrien protokoloa izan beharko dutela, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena. Baina zein dira jarraibide horiek?», galdetu dute.

Edonola ere, dantzazaleek ondorioztatu dute erromeriek eta jaietako dantza desfile eta emanaldiek debekatuta jarraitzen dutela, horietan ezin delako ikusle kopurua mugatu. Maiatzaren 8an Jaurlaritzak plazaraturiko dekretuak espreuski debekatzen ditu, eta dekretu berriak ez du aldatu.

Horrez gain, emanaldiak egitekotan, neurri zorrotzak bete beharko dituzte dantzazaleek, beste kultur ekitaldietako antolatzaileek bezala: areto itxietan, gehienez, edukieraren erdia, 400 pertsonako mugarekin. Aretoak berez 1.600 pertsona baino gehiago har baditzake, orduan asko jota 600 ikusle bildu ahalko dituzte. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da.

Azaldu dutenez, leku irekietan ere edukieraren erdia baino ezingo da bete, eta, gehienez, 600 pertsona. Maskara jantzita eta eserita egon beharko dute ikusleek, eta aulkiak aldez aurretik banatu beharko dira.

Eta 22:00etarako amaituta beharko du emanaldi orok, barruan zein kanpoan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Turista bat, Donostiako udaletxearen aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Paradoxa bat kasino zaharrean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Donostiako Udalaren turismo politika 2027ra arte zehaztuko duen planak paradoxa bat du oinarrian: lehentasun bera dute —oso handia— turismoa mugatzeak eta turismoa sustatzeak. Jon Insaustik, Turismo zinegotzi berriak, aitortu du udalak «gaitasun mugatua» duela turismoa gobernatzeko.
Turista talde bat, atzo, Donostiako Alderdi Eder lorategian, bisita gidatu batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritziz

M. Elkoroberezibar Beloki

Herritarren %65ek uste dute «turismo saturazio handia» dagoela hirian, udalak Ikertalderi eskatutako azterketa baten arabera
Euskaltzaleen Topagunaren batzarra, atzo, Ermuan; Amonarriz Iziarri lekukoa pasatzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Euskararen erabileran «jauzia» egitea du xede Euskaltzaleen Topaguneak

Arantxa Iraola

Agiri bi aurkeztu ditu batzar orokorrean, datozen urteetako lana zedarritzeko. Iziar lehendakari da jada

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.