Etxebizitzaren arazoaren aitzinean antolatzera deitu dute Miarritzen

Dozenaka herritar elkartu dira Miarritzeko itsasargian, BAM taldeak deituta, manifestu bat irakurtzeko. «Ez dugu gure lurrak desitxuratzen eta betoitzen utziko», adierazi dute.

'Ez da salgai' leloa zekarren pankarta erraldoiarekin hartu dute argazkia. BAM TALDEA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 13a
14:08
Entzun

«Ez dugu gure herria hiltzen utziko». Etxebizitzaren gaiak Ipar Euskal Herrian hartu duen bilakaeraz «kexu», dozenaka herritarrek dinamika berri bat abiatzeko asmoa agertu dute Miarritzeko (Lapurdi) itsasargian. Manifestu bat irakurri dute, eta argazki bat hartu dute Ez da salgai! leloa zekarren pankarta erraldoi batekin. «Ez gara hemen errudunak atzemateko; gu arribatzen gara gure motibaziorik handienarekin erokeria hori lehenbailehen geldi dadin».

Miarritzeko Mizanbu gaztetxetik abiatu zen iniziatiba, baina, sareetan gaurko deialdia zabalduta, Ipar Euskal Herri guziko herritarrak elkartu dituzte azkenean. Abiapuntuan izan dira, besteak beste, Matias eta Renaud -ez dute izen osoa eman nahi-. Ezkertiar eta abertzale gisa aurkezten dute beren burua, etiketarik gabe, baina nahiago dute oraingoz anonimotasuna atxiki. BAM taldearen izenean izenpetu dute manifestua. «Etxebizitzaren inguruko arazoa ikusirik, zerbait egiteko beharra sentitu dugu; mugimendu bat behar da. Baina, oraingoz, ez dakigu nora goazen, eta ez dugu nahi iniziatiba inork errekupera dezan», esplikatu dute. Hendaiako gaztetxekoek bigarren etxebizitzen kontra abiatu duten kanpaina aipatu dute, eta erran tokian tokiko iniziatibak bultzatu eta elkarren arteko saretze bat beharko litzatekeela.

Epe labur batean, prezioen emendaketa handia izan da Ipar Euskal Herrian. BAM taldekoek argi dute: arazoaren aitzinean, erantzun kolektiboa behar da. «Pertsona batek ez du bere iraultza egiten ahal bere lekuan. Gaur egun, bere pisua arrazoizko prezio batean saltzen badio euskal herritar bati, ezingo du beste bat erosi, beste pertsona guziek ez badute gauza bera egiten», idatzi dute manifestuan. Arazoa «globala» dela diote, eta erdigunean «dirua» dela.

«Arrisku» bat aipatu dute: euskal herritarrak Euskal Herritik kanpo bizitzera behartuak izatea. «Horrelako kasuak urte batetik bestera emendatuz doaz. Galdera hau da: nori uzten diogu Euskal Herria? Maite eta errespetatzen dutenei ala bigarren Saint Tropez bat egin nahi dutenei, hizkuntza, historia, eta kultura gogotik bazterrean utziz?», galdetu dute.

Euskal Herri «herrikoia»

Horrez gain, «klaseen arteko arazoa» ere ikusten dute. «Postaletan ikusten ez den arren, Baionari, Angeluri eta Miarritzeri bizia eman dioten pertsonak hainbat eta hainbat urtez izan dira arrantzaleak, laborariak edota langileak, besteak beste. Ez dugu nehoiz ahantzi behar iragan herrikoi horren fruitua garela, hemendik eta kanpotik etorria. Ez dugu onartzen maite ditugun herriak burgesen esku ikustea, ez eta handitu garen herrietatik baztertuak izatea. Euskal Herrian, bigarren etxebizitzek eta higiezinen inbertsioek eraikuntzen eta prezioen emendaketan baizik ez dute eragina. Ez dugu gure lurrak desitxuratzen eta betoitzen utziko».

Erran dute politikagintzatik aldaketarik etorri ezean herriarengandik etorri beharko dela: «Ekintza hau lehen urrats txiki bat baizik ez da, beste asko bultzatu beharko dituena». Euskal Herri «herrikoia» aldarrikatu dute, eta «promotoreen diktadura» gaitzetsi, Euskal Herria ez dela «salgai» erranez. «Ez dugu gure herria hiltzen utziko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.