Enplegu publikoa

Sindikatuek grebak bultzatzen jarraituko dute enplegu publikoa kontsolidatu arte

ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta Steilas sindikatuek apirilaren 22ko grebari buruzko "oso balorazio positiboa" egin dute, eta urratsak egiteko eskatu diote administrazioari

Sindikatuen protesta bat, greba egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2021eko maiatzaren 14a
12:06
Entzun

Enplegu publikoaren behin-behinekotasunari soluzioa emateko sindikatuek deitutako lanuztearen eta mobilizazio guztien "arrakasta" nabarmendu dute ELAk, LABek, CCOOk, SATSEk, ESK-k eta Steilasek, elkarrekin egindako agerraldi batean. "Milaka langile publikori greba eskubidea ukatzen zieten gutxieneko zerbitzuak ezarri eta pertsonen mugikortasuna asko baldintzatzen zuen pandemia batean egon arren, 18.000 langilek baino gehiagok parte hartu zuten EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan".

Eusko Jaurlaritzari kritika handiak egin dizkiote, halaber, haren erantzunarekin etsiak daudelako. "Mobilizazioetan aktiboki parte hartu zuten euskal sektore publikoko milaka langilek egindako eskaerei emandako erantzunak" Gasteizko gobernuaren posizioa azaltzen duela uste dute: "Eusko Jaurlaritzak, propaganda adierazpenak alde batera utzita, euskal sektore publikoko 60.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko benetako urratsik egin gabe jarraitzen du". Sindikatuek gogoratu dute Europako behin-behinekotasun rankingaren lehen tokian dagoela EAEko administrazioa, "eta pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du".

Izan ere, Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan barneratutako proposamenaren alde dago Jaurlaritza, eta, sindikatuen ustez, proposamen hori ez da nahikoa, "behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langile gehienak bere aplikaziotik at uzten dituelako". Hau da, Jaurlaritzak ez du "borondaterik agertu" enplegu publikoa kontsolidatzeko, "ez Mahai Orokorrean, ezta mahai sektorialetan ere".

Bilera nahi dute Eusko Jaurlaritzarekin

Gainerako erakundeei eta euskal alderdi politikoei dagokienez, sindikatuek ez dute ikusi oraindik "benetako proposamenik" arazoari irtenbidea emateko "eta gure herrian zein zerbitzu publiko nahi eta behar ditugun erabakitzeko". Egoera horren aurrean, grebara deitu duten sindikatuek bilerak egitera deituko dituzte "berehala" Eusko Jaurlaritza, Eudel eta euskal alderdi politikoa; "haien esku dagoelako, eta ez beste batzuetan, zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagori enplegua kontsolidatzea".

Horrekin batera, mobilizazioak eta greba egunak bultzatzen jarraituko dutela garbi utzi dute ELAk, LABek, CCOOk, SATSEk, ESK-k eta Steilasek. Datozen asteetarako, mobilizazio sorta bat adostu dute: Mmaiatzaren 25ean, manifestazioa egingo dute Gasteizen. Ekainaren 1ean, berriz, kontzentrazioak EAEko sektore publiko osoko lantokietan; eta ekainaren 5ean, manifestazioak izango dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.