Albistea entzun

Bizikidetza demokratikoa ehuntzeko elkarrizketa publikoa

 
Zelai Nikolas. /
Zelai Nikolas. / Aritz Loiola/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Zelai Nikolas Ezkurdia - Legelaria eta Gure Eskuko kidea  -

2021eko maiatzak 14

Foro Sozialak laster hamar urte beteko ditu. Zinez hamarkada oparoa, nire ustez. Demokrazian sakontzeko bidean kokatu baikara. Demokratizazio honen erdigunean, bakegintzaren oinarriak garatzeko gizartearen konpromisoa biltzen eta kudeatzen jakin izan du Foro Sozialak, sufrimendu guztien aitorpena eginez, iragana kudeatuz eta indarkeriarik gabeko Euskal Herri bat posible egiteko beharrezko ziren konpromisoak ehunduz, josiz eta eraikiz. Hori dela eta, dinamika hau sustatu, bultzatu eta landu duten guztiek egindako lana zorionduz eta eskertuz hasi nahiko nuke aurrera begirako ekarpena izan nahi duen gogoeta hau. 

Mundua aldaketa prozesuan murgilduta dago, eta noraez honetan arrisku ugari bistaratzen dira demokraziarentzat eta tokian tokiko komunitateen burujabetzarentzat. Munduan bezala, Euskal Herrian ere arrisku horiei aurre egiteko itsaso azpiko korronteak mugitzen hastea positiboa da, nire ustez, mugimendurik gabe ez baitago olaturik, eta are gutxiago tsunami demokratikorik. Eta horren beharrean gaude, herri gisa bizi ditugun krisi anitzetatik sendo atera nahi badugu. 

Euskal Herria eraldaketa demokratikoren bidean ikusten dut nik, eta eraldaketa sakon horretarako hurrengo urratsak irudikatu beharrean gaude. Irudikatze lan hori  izango da gure egiteko nagusia datozen hilabete eta urteetan. Eta irudikatze lan horretarako bakegintzak eman digun bizikidetzaren aldeko konpromiso eta jakinduria oso lagungarria izango dela sinetsita nago, Bakearen Kultura bereganatzen lagundu baitigu. 

Egia da Euskal Herrian memoria eta bizikidetza demokratikoaren alde aspaldi ari garela lan egiten. Ariketa hau orain artean nahiko modu asimetrikoan eta botere-harreman desorekatuetatik egiten ari garela esango nuke, eta horrek geldotasuna dakarkio prozesuari, eta hainbat bidegabekeriak irautea denboran. Izan ere, bizikidetza demokratikoari bidea egiten laguntzen dion ariketa sozial partekatu gisa ulertzen dut nik memoria. Ariketa politiko gisa, gizartea demokratikoki sendotzeko balio duena, eta oztopoak oztopo berdintasunezko baldintzetan garatu beharko litzatekeena. 

Memoriaz hitz egiteak iraganetik irakaspenak ateratzera garamatza, eta giza-eskubideen kultura sakon bat partekatzeko bidea ematen digu. Bizikidetzaz hitz egiteak, bestalde, orainari buruz eta etorkizunaz elkarrekin pentsatzera eta konprometitzera. Memoria eta bizikidetza bezalako kontzeptuak zintzotasunez eta arduraz batze aldera, bizikidetzari izenlaguna erantsi beharko genioke: demokratikoa. Kontzeptu dinamiko honek etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak zehazteko balio beharko liguke, gai guztiei buruz demokratikoki erabakitzeko gai izan gaitezen. Horregatik ez ditut ulertzen hainbat diskurtso, memoria erabiltzen dutenak bizikidetza demokratikoaren oinarri politikoei buruzko eztabaidak atzeratzeko. Noam Chomsky-k berriki esan bezala «inongo aldaketarik nahi ez dutenen ohiko estrategia da trabak ipintzea aldaketak posible egingo lituzkeen orori». 

Oztopoei aurre egiten jakin izan du herri honek, ordea. Gogoan izan nahi dut une batez Mixel Berhokoirigoin eta bere moduko hamaika herrigile eta artisau. Haien legatuari esker, badakigu oztopoei aurre egiteko, determinazioaz eta etikaz gain, amesten dugun etorkizuna irudikatzea dugula armarik onena. Irudikatze ariketa hori behar duen sakontasunez eta ikuspegi kritikoz egin beharko genuke, Euskal Herrian bizikidetza demokratikoaren oinarriak sendo ezarri nahi baditugu.

Bakegintzan egindako bide neketsua ez da alferrikakoa, alde horretatik. Izan ere, jarrera eta tresna berriak eskaini dizkigu, besteak beste, indarkeria mota guztiak errefusatzea, torturak eta errepresio tresnak egon direla aitortzea eta gizarte gisa gaitzestea, gatazkei enpatiaz heltzeko gaitasuna, aniztasuna aberastasun gisa jotzea, sufrimendu guztiekiko elkartasuna… Bizikidetzarako oinarri horien inguruan adostasunak ehuntzea posible egiteko herri gisa. Adostasun horiek jostea falta da eta horretarako, elkarrekin pentsatu, irudikatu eta deliberatu behar dugu. 

Ausartuko nintzateke esatera une erabakigarriak bizi ditugula etorkizunean izango dugun demokrazia hizpide. Aurreko belaunaldiek eraikitako errentez bizitzea amaitzen ari zaigula, alegia, eta herri honek duen memoria ahantzi gabe eta bakegintzatik ateratako irakaspen horiek guztiak oso presente izanda, unea heltzen ari zaigula erabakitzeko zer-nolako Euskal Herria eraiki nahi dugun guretzat eta gure ondorengoentzat. Horregatik, lainopean bizi garelako sentimenduak eta gure arteko ohiko mesfidantzak gainditu, eta gure herrian nahi dugun demokrazia eredua eta horri lotutako estatus politikoa irudikatzen hasi behar dugu. Unea heldu da. 

Hala ere, irudikatzeko ariketa hori ezin du bakoitzak bere aldetik egin, eta horrek egiten du ariketa bera interesgarri eta erakargarri. Ariketa kolektiboa da eta lidergo partekatuak behar ditu, zilegitasuna lor dezaten ehundu beharreko adostasunak. Horiek horrela, eta xede horri begira  bizikidetza demokratikorako oinarriak zehazteko euskal eremu publikoa egituratu behar dugu, kalitatezko deliberazio publikorako beharrezkoa den espazio soziala eratuz. Deliberazio gardena eta publikoa bermatuko duen espazio soziala behar da eraiki eta, nire ustez, hortxe dago lortu beharreko hurrengo konkista: konpromiso sozial argia azaldu behar dugu bizikidetza demokratikoaren aldeko deliberazio publiko hori egituratze aldera, sozialki zein politikoki. 

Ahalegin horretan ikusten dut Euskal Herriko hainbat dinamika; hasi Foro sozialetik, eta jarraitu Gure Esku, Hamaika Gara, Batera, feminismoa, pentsionistak, Sare, Bakearen Artisauak, Kontseilua, gazte mugimenduak, klima aldaketaren kontrako dinamikak, Karta Soziala, Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko prozesua… 

Kalitatezko deliberazio publikoa egituratzearekin lotuko nuke nik biharko bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala, eta bide horretan urratsak egin beharko ditugu demokrazia ireki eta garden bat lortzearen bidetik. Herritarron konfiantza irabazteko gai den eta herritarren bizitza duina bermatzeko lan egiten duen demokraziaz ari gara. Euskal demokraziaren aldeko eraldaketa posible izateko, gure erakunde publikoek bide eman beharko liokete deliberazio publikorako esparru horri. 

Gure bizikidetzaren oinarriak eta gure burujabetzaren ardatzak modu ireki eta parte hartzailean eztabaidatu eta adostu ditzagun, gizartea eta erakundeen arteko elkarrizketa egituratu, garden eta publikoaren bidez. Gure estatus politikoaren eztabaida aktibatzeak testuinguru egokia eskaintzen du horretarako. Izan ere, gaurko eta biharko euskal demokrazia nolakoa izango den irudikatzea, pentsatzea, partekatzea eta, finean, elkarrekin adostea, urratsez urrats, hauxe baita bizikidetza demokratikoaren oinarririk sakonena.

Oharra: Artikulu hau Foro Sozial Iraunkorraren Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala prozesuari eginiko ekarpen bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna