Osakidetza ohiko ebakuntzak egiten hasi da berriro

Apirilaren 26tik etenda zeuden «premiazkoak» ez ziren ebakuntza oro, osasun sistemaren gaineko presioa arintze aldera.

Donostia ospitaleko larrialdietako sarrera. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko maiatzaren 17a
14:40
Entzun

Joan den apirilaren 26tik etenda zegoen ohiko kirurgia programatuari ekin dio berriro Osakidetzak. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ohar batean. Apirilaren 26an bertan behera geratu ziren «premiazkoak» ez ziren ebakuntza oro, osasun sistemaren gaineko presioa handia zelako, eta erabaki zen ebakuntza onkologikoak, premiazkoak edo atzeraezinak baino ez zituztela egingo, gutxienez bi astez. Kutsatzeen apaltzeak aukera eman zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleek beren ohiko jarduera apurka berreskuratzen hasteko joan den astean, eta, gaur, Osakidetzako sare osoan ekin zaio berriro atzeratutako ebakuntzak egiteari.

Orain, Osakidetza Zainketa Intentsiboetako Unitateen Kontingentzia Planaren 3. mailan dago –5 egoera jasotzen ditu planak–. Osasun Sailak azpimarratu du egoera «kezkagarria» dela oraindik ere: ospitale sareak gaixo kritikoentzako 368 ohe ditu zabalik, eta, haietatik %39,6 COVID-19aren ondoriozko konplikazioengatik ospitaleratutako pazienteek okupatzen dituzte: 146 ohe, guztira. Joan den apirilaren 26an, ohiko ebakuntzak bertan behera utzi zituztenean, 192 paziente zeuden Osakidetzaren ardurapeko zentroetako ZIUetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.