Espainia

6.000 migratzaile inguru heldu dira Marokotik Ceutara

Rabatek berak ofizialki onartu ez duen arren, mugako segurtasuna leundu du herrialdeak, Fronte Polisarioko burua Espainiako erietxe batean onartu izanari erantzunez. Dagoeneko 1.500 pertsona kanporatu ditu Madrilek.

Espainiako militarrak Ceutan, Marokotik heldutako migratzaileak zaintzen. REDUAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 18a
08:36
Entzun

Gehienak igerian, eta asko oinez sartu dira Marokotik Espainiaren menpeko Ceuta hirira. Orotara 5.000 inguru direla zabaldu dute segurtasun indarrek; haietatik herenak, adin txikikoak. Denak ez dira, ordea, onik heldu. Gizon bat itota hil da. Beste askori, berriz, Guardia Zibileko kideek lagundu diete: «Hondamendia saihestu besterik ezin dugu egin».

Frontera Sur gobernuz kanpoko erakundeko kide Ana Rosadok BERRIAri azaldu dionez, hondartzan eta Ceuta kanpoaldeko industrialdean hartu dute babes migratzaile gehienek, eta gutxi batzuk soilik heldu dira hirira. Rosadoren arabera, Espainiako Gobernuari presio egiteko asmoz zabaldu ditu Marokok mugak: «Iaztik erabat itxita zegoen bidea bat-batean zabaldu izana ez da kasualitatea»

Madrilen eta Rabaten arteko krisi politiko baten ondorioa da gertakaria. Fronte Polisarioko buru Brahim Ghali Logroñoko (Espainia) erietxe batean onartu izanaren erantzun gisa leundu ditu hark Espainiaren menpeko koloniarekiko segurtasun neurriak. Izan ere, Espainian Marokoko enbaxadore den Karima Benyaichek gaur adierazi du herrialdeen arteko harremanetan,«onartu beharreko ondorioak» dakartzatela zenbait ekintzek, eta jarrera batzuk «onartezinak» direla. Gainera, gehitu du inguruko herrialdeen eta herrialde «lagunen» arteko harremanak «elkarren arteko konfiantzan» oinarritu behar direla, eta hori «landu eta elikatu» egin behar dela. Arancha Gonzalez Espainiako Atzerri ministroak batzar batera deitu du Benyaich, eta azken horrek adierazi du «ezohikoa» dela horrelako Espainiako Gobernuaren azkartasuna bilerak deitzeko orduan.

Ghali apirilaren amaieran heldu zen, eta, zenbait informazio iturriren arabera, nortasun faltsuarekin sartu zen herrialdera, Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka zabaldutako auzia saihesteko. Polisarioko burua ezkutuan sartu zen Espainian, baina handik egun gutxira zabaldu zen albistea, eta berehala piztu ziren kritikak Marokoren gertukoen artean. Sare sozialetan Espainiaren aurkako mezuak zabaldu ziren, «gerra kriminalak babestea» egotziz.

Hala, lehen aldia da 24 orduko epean horrenbeste migratzaile heltzen direla Espainiaren menpeko koloniara. «Kopuruak behin-behinekoak dira, orduak aurrera joan ahala gero eta gehiago baitira», ohartarazi du goizaldean Poliziak. Tarajal eta Benzu (Maroko) hirietatik igaro dira Ceutako hondartzetara. Hara iritsitakoan, Espainiako segurtasun indarrek Defentsa Ministerioaren egoitzetara eraman dituzte adin nagusikoak, eta eraikin berezietara adingabeak.

Zenbait iturriren arabera, migratzaileei autobusak errazten ari da Maroko, haiek Ceutarekiko mugan dagoen Fnideq hirira eramateko. Espainiako koloniarako errepide nagusiak urtebete baino gehiago zeraman itxita, iazko martxoan koronabirusaren pandemia hasi zenetik. Baina, bart gauean zabaldutako zurrumurruen arabera, Marokok segurtasun neurriak kendu zituen mugaren bere aldean, eta, ondorioz, asko izan ziren hara jo zuten migratzaileak, beste aldera igarotzeko itxaropenez.

Espainiako Gobernuak krisi talde bat osatu du egoerari aurre egiteko. Madrilen asmoa da koloniara heldutakoak ahalik eta azkarren «itzultzea» Marokoko aldera. Dagoeneko 1.500 pertsona inguru kanporatu dituzte. Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak aurreratu duenez, datozen orduetan indartu egingo dute koloniako segurtasuna, eta datozen orduetan 150 polizia eta 50 guardia zibil helduko dira Ceutara.

Melillara ere bai

4:30ak zirenean, Saharaz hegoaldeko herrialdeetako hainbat migratzaile igaro dira Espainiaren menpeko hirira. Atzo gauean hiriko trafikoa eten zuen udaltzaingoak, Espainiako segurtasun indarren lana errazteko, ehunka pertsona Ceutan sartu ostean. Melillara paperik gabe sartu direnek migratzaileentzako guneetara jo dute berehala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.