Ehiza

Orkatz bat burua moztuta aurkitu dute Gorbeian

Parke naturaleko kartel batetik zintzilik agertu zen animalia, apirilaren 22an. Bizkaiko Foru Aldundia eta Ertzaintza kasua ikertzen ari dira.

Gorbeian burua moztuta agertu zen orkatza, joan den apirilaren 22an. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 18a
09:48
Entzun

Makabroa da irudia: orkatz bat ageri da Gorbeiako parke naturaleko kartel batetik zintzilik, lepoa moztuta. Gune babestua da parke naturala, eta han zorrotz kontrolatuta dago ehiza. Orkatza joan den apirilaren 22an agertu zen, tiro bakarrarekin, eta zeresana eman zuen mendizale eta basozainen artean. Bizkaiko Foru Aldundia eta Ertzaintza kasua ikertzen ari dira animalia nork hil zuen argitzeko.

Zehazki, Areatzako (Bizkaia) lurretan aurkitu zuten orkatza, Asteitxeko aparkalekuan, eta basozainek kendu zuten handik. Gorbeiako Parke Naturalean espezie horretako 600 animalia inguru daude, gehienak Arabako aldean.

Dirudienez, gainera, ez da aurten gune horretan legez kanpo hilda aurkitu duten lehen oreina: beste hiru, gutxienez, aurkitu dituzte. Hori bai, besteak heltzeko zailak diren guneetan zeuden, eta ez azken hau bezala, kartel batetik zintzilik. Beste oreinak putreek erdi janda aurkitu zituzten.

Ezkutuko ehiztariak?

Legez kanpoko ehizak 10.000 eurorainoko zigorrak izan ditzake, baita kartzela zigorrak ere, baina Gorbeian badago aspaldidanik arrisku horiek hartzen dituen jendea. Basozainen arabera, lehen oso ohiko jarduera zen ezkutuko ehiztariena, baina azken hamabost urteetan nabarmen murriztea lortu dute. Foru Aldundiak, berriz, erabat gaitzetsi ditu gertakariak.

Ezin da jakin zehazki zein den isilpeko ehiztarien helburua, baina, basozainen arabera, harritzekoa da isilpeko ehiztariek orkatzaren gorpua modu horretan erakustea. Izan ere, ehiztari horiek oharkabean pasatzen saiatu ohi dira normalean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.