Albistea entzun

Musika

Belakok, Izarok eta Pettik jaso dituzte Musika Bulegoa sariak

Ander Telleria, Arineketan, Brais Novoa Loira, Noa & The Hell Drinkers eta Sara Zozaia ere saritu dituzte iaz ateratako lanengatik. Korrontzi taldearen nazioarteko ibilbidea goratu dute.

Musika Bulegoa sarien banatze ekitaldia, gaur, Miarritzeko Atabal aretoan.
Musika Bulegoa sarien banatze ekitaldia, gaur, Miarritzeko Atabal aretoan. Musika Bulegoa Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2021eko maiatzak 19

Euskal musikaren iazko uztako zenbait lan nabarmendu ditu Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak bere sarien bosgarren aldian. Gaur banatu dituzte, Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi) egindako ekitaldi batean. Askotariko estilotako zortzi talde saritu dituzte, iaz argitaratu zituzten lanengatik: Ander Telleria, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti eta Sara Zozaia.

Sarietarako 107 hautagai izan dituzte, eta «profesionaltasun eta ospe handiko zortzi kideko» epaimahai batek aukeratu ditu irabazleak. Musika Bulegoak esan du kalitate handiko lanak izan direla; gehienak, disko formatukoak. Generoen artean, pop-rocka, musika klasiko garaikidea, folka eta jazza nabarmendu dituzte.

Ander Telleria akordeoi jotzailea Horos diskoarengatik saritu dute. Disko horretan, azken garaian sortutako hiru pieza daude, akordeoi mesotoniko batekin «modu ausart eta bikainean interpretatuta», epaimahaiaren hitzetan. Telleria 2017an hasi zen akordeoi mesotonikoa hartu eta haren mugak zabaltzen. Iazko diskoan, bi lan uztartu zituen: batetik, antzinako musikako obrak interpretatu zituen, eta, bestetik, egungo musikagileekin egin zuen lan, akordeoiarekin bide berriak probatzeko.

Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre pianistak sortu dute Arineketan emanaldia, tradizioa berritzeko asmoz. Joan Ignazio Iztuetak duela 200 urte bildu zituen euskal doinu eta erritmoak izan dituzte oinarrian, eta jazzarekin eta poparekin nahastu dituzte, besteak beste. Haatik, dantza konpainiarekin elkarlanean egin dute ikuskizuna, eta haiekin aritu dira Ainara Ortega abeslaria, Xabier Zeberio biolinista eta Agate Amabilia biolontxelo jotzailea. «Originaltasuna eta ideia abian jartzeko gaitasuna» goraipatu ditu epaimahaiak.

Belako taldearen Plastic Drama diskoa «ezinbestekoa da Euskal Herriko egungo musika panorama ulertzeko edo deskribatzeko», epaimahaiaren arabera. Taldeak hamar urte bete ditu maiatzean, eta nazioartean izan duen oihartzuna goretsi dute saria banatzean. Iazko diskoa taldearen laugarren lan luzea da, eta orain arteko «asmo handieneko, gogoetatsu eta, batez ere, aldarrikatzaileena», epaimahaiaren ustez.

Urte batzuetako ikasketa autodidakten ondoren, Brais Novoa Loira pianoan, inprobisazioan, harmonian, kontrapuntuan eta analisian trebatu zen Javier Gonzalez Sarmiento pianista eta konpositorearekin. Madera quemada lanarengatik saritu dute orain, konposizioa «pertsonala eta berritzailea» dela iritzita. Gitarra eta elektronika pieza bat da, Aitor Ucarrek Musikagileak 2020 ziklorako egindako eskaera batetik sortua.

Izaro musikariaren hirugarren disko luzea da Limones en invierno. Arrakasta handia izan du, eta horren atzean «gizartearekin naturaltasunez eta hurbiltasunez konektatzeko gaitasuna» dagoela uste du epaimahaiak. Diskoa alde batera utzita, uste dute artista erreferentzia bat bihurtu dela euskal musikan dagoeneko: «Abesti guztiak euskaraz egin ez baditu ere, euskara Euskal Herritik kanpora eramateko gai izan da», azaldu dute.

Noa & The Hell Drinkers taldeak blues konposizioak bildu ditu Craft Blues diskoan, calypso bluesarekin, blues-rockarekin eta funkarekin nahastuta. «Musika tresnak jotzeko moduak eta emakume ahots txundigarriak» asebete ditu epaileak. Diskoak harrera beroa izan zuen Euskal Herritik kanpo ere.

Petti musikariaren lanik goratuenetako bat izan da Manipulazio estrategiak. Alderdi guztiak dira nabarmentzeko modukoak, epaimahaiaren esanetan: rockaren eta folk amerikarraren arteko nahasketa, Pettiren ahots sakon eta urratua, Harkaitz Canok idatzitako hitzak eta musikariaren«benetakotasuna». Noam Chomskyk identifikatutako gizartea manipulatzeko hamar modu azaltzen dituzte kantek.

Sara Zozaiaren bakarkako bigarren lana da (I). Bost kantako disko bat da, egileak berak ekoitzia, folk-popa, lo-fia eta beat elektronikoak nahasten dituena. Estilo propio bat sortu duela esan dute, eta proiektu zaindua dela nabarmendu, Zozaiak asko landu duelako irudia ere, soinuaz gain. Antton Goikoetxea gitarristarekin eta Itxaso Navarro biolontxelo jotzailearekin batera osatu du diskoa. Zozaia Nerabe taldeko abeslaria ere bada.

Sari berezia EKEri

Urteko diskoen aipamenez gain, Musika Bulegoak sari berezia eman dio EKE Euskal Kultur Erakundeari, «Ipar Euskal Herrian euskal hizkuntza eta kultura garatzeko egindako ekarpenarengatik, adierazpen artistiko guztien bidez, musikaren bidez, batez ere». 1990. urtean sortu zuten, kultura elkarteen eraginez, Iparraldean euskal kultura sustatzeko asmoz.

Gainera, Korrontzik jaso du Etxepare Euskal Institutuak ematen duen saria. Euskal taldeek nazioartera zabaltzeko egiten duten lana goraipatzeko ematen dute sari hori. Korrontzi folk musikaren munduan erreferente bat bihurtu dela esan dute, Euskal Herrian eta nazioartean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jean Rhys (Roseau, Dominika, 1890-Exeter, Ingalaterra, 1979). ©BERRIA

Klasikoen haize berria

Joannes Jauregi

55 urte bete ditu Jean Rhysen 'Sargazo itsaso zabala' nobelak. Idazle ezezagun samarra zen ordu arte, eta liburuak arrakasta itzela ekarri zion, 76 urte zituela; «berandu», idazlearen esanetan.

Pierre Huygheren Untilled lana (2011-2012), Documenta 13n. Vila-Matasen eleberrian gehien agertzen denetariko bat da. ©ARTISTAREN KORTESIAZ
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Entelekiatik errealitatera pasatu ginen, eta hemen gaude»

Andoni Imaz

Pozak eta minak kantuan eman ditu 40 urte baino gehiagoan, kantaera dotore eta sakonarekin. Taldean aritu da beti, «inoiz ez delako bakarrik lan egiten». Hala ere, ondo daki zer den bere kasa ibili beharra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.