Albistea entzun

MARTIN UGALDEREN JAIOTZAREN MENDEURRENA

Martin Ugalderen obra digitalizatuko dute, eta herritarren eskura jarri

Kazetari, idazle eta politikari abertzalearen jaiotzaren mendeurrenaren harira, hainbat egitasmo egingo dituzte hura gogoratzeko

Igor Susaeta -

2021eko maiatzak 20

Martin Ugalderen (Andoain, Gipuzkoa, 1921- Hondarribia, Gipuzkoa, 2004) jaiotzaren mendeurrena beteko da aurten, eta, horren harira, hainbat egitasmo egingo dituzte hura gogoratzeko. Horien artean nabarmenena izango da kazetari, idazle, politikari abertzale eta euskalgintzaren aldeko eragile izandakoaren obra digitalizatzea, webgune batean jasotzea, eta herritarren eskura jartzea, Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko arduradunak gaur iragarri duenez. Azarorako eduki nahi dituzte lan guztiak eginda horri dagokionez.Ugalderen lanaren zatirik handiena Jakin-ek digitalizatu zuen, eta digitalizazio hartatik abiatuta ari dira lanean. 47 liburu idatzi zituen, 50 liburu zati, eta 1.500 artikulutik gora. «Martinek [Ugalde] lan handia egin zuen transmisioan, eta orain guri dagokigu haren lana transmititzea», azpimarratu du Larrartek. Ugalderen lana ezagutaraztea eta, «bereziki», haren lana berriro «lehen lerrora» ekartzea dute helburu datozen hilabeteetan egingo dituzten egitasmo horiek guztiek.

Egitasmoak aurkezteko ekitaldia egin dute Andoainen (Andoain), Ugalderen jaioterrian, haren izena damana kultur parkean, eta han izan dira egitasmoak sustatzen ari diren erakundeetako ordezkariak: Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritza), Maider Lainez (Andoaingo alkatea), Harkaitz Millan (Gipuzkoako Diputazioa), Txomin Sagarzazu (Hondarribiko alkatea), Lorea Agirre (Jakin), Joxemari Sors (Elkar), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea) eta Beatriz Zabalondo (Berria Taldea).

Datozen hilabeteetarako prestatu dituztenak aurkeztu dituzte gaur, baina oroitu dute jada abiatuta daudela beste batzuk. Esaterako, Itsasargiak egitasmoaren barruan, Euskal Idazleen Elkarteak Ugalderen Mantal urdina eta Gizontzarra ipuinak podcast bihurtu ditu Donostia Kulturaren laguntzarekin. Garbiñe Ubedak, Inazio Mujika Iraolak, Anjel Lertxundik, Garazi Kamiok, Koldo Izagirrek eta Arantxa Urretabizkaiak jarri dituzte ahotsak.

Gainera, joan den apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Ugalderen Itzulera baten historia liburuaren zenbait pasarte irakurri zituzten Hondarribiko Zuloaga etxean, udalerri hartako udal liburutegiak antolatuta.

Hona hemen antolatutako ekintzak:

Erakusketa: Ugalderen bizitza eta ekarpena bilduko duen erakusketa. Maiatzaren 27an aurkeztu eta inauguratuko dute Hondarribiko Arma plazan, eta han egongo da uztailaren 4ra arte. Andoaingo Bastero kulturgunean azaroaren 5etik abenduaren 4ra egongo da ikusgai, eta, ondoren, panel guztiak Martin Ugalde kultur parkean geratuko dira, herritarren begietara.

Hitzaldi zikloa: Urrian izango dira hitzaldiak, eta aztertuko dute Ugaldek literaturan, kazetaritzan, politikan eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran egindako ekarpena. Zikloa guztiz itxi gabe dago, baina jada hitzartuta daude parte hartzaileetako batzuk: Larraitz Ariznabarreta, Nerea Azurmendi, Anjel Lertxundi eta Iñaki Uria.

Filma: Lezo Urreztietari egin zion elkarrizketan dago oinarrituta Josu Martinezek zuzendutako Jainkoak ez dit barkatzen pelikula. Andoaingo Basteron emanaldia berezia egingo dute azaroa hasieran, eta ondoren solasaldia egongo da zuzendariarekin.

Irakurketa jarraitua: Azaroaren 11n beteko dira 100 urte Ugalde jaio zenetik, eta egun horretan haren lan baten irakurketa jarraitua egingo dute Martin Ugalde kultur parkean. Goizetik hasi eta testua bukatu arte, dozenaka lagunek zatika-zatika irakurriko dute.

Bekaren emaitza: 2015az geroztik eta bi urtean behin, Martin Ugalde beka deitu izan dute (Berria, Elkar, Jakin eta kultur parkea dira antolatzaileak, Andoingo Udalaren laguntzarekin). 2019ko beka jaso zutenek haien lana bukatu berri dute, eta udazkenean ekitaldia egingo dute hura aurkezteko.

Ipuin sariketa: Andoaingo Udalak urtero antolatzen du Martin Ugalde ipuin sariketa.

Bestalde, oraindik badira erabat lotu gabe dauden «ekimen aukera batzuk». Lotu ahala, horien berri emango dute antolatzaileek.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Foru Hobekuntza: osatu edo berritu

Jon O. Urain

Txibitek uste du ez dela garaia Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko, hura «garatzeko» baizik. Barkosek dio legea «bete gabe» dagoela eta «itun politiko berri bat» beharrezkoa dela

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.
IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.