Albistea entzun

Lan gatazkak

Tubacexen eskaintza baztertu dute sindikatuek: «Xantaia bat da»

Langileen ordezkariek ez dute onartu greba bertan behera uzteko baldintza. Ezbaian jarri dituzte zuzendaritzaren konpromisoak.

Tubacexeko langileen protesta bat, enpresak Derion duen egoitzaren aurrean
Tubacexeko langileen protesta bat, enpresak Derion duen egoitzaren aurrean Aiaralde.eus Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2021eko maiatzak 20

Tubacex enpresaren Amurrioko eta Laudioko fabriketan (Araba) ordezkaritza duten sindikatu guztiek baztertu egin dute zuzendaritzak aste hasieran eginiko eskaintza, «xantaia» bat delako. Ostiral honetan bi planta horietako langileek 100 egun egingo dituzte greba mugagabean, aldi baterako erregulazio espedienteko 129 kaleratzeen aurka. Sindikatuen arabera, proposamenak helburu bakarra du: mobilizazioa bertan behera uztea eta neurria onartzea. Hortik aurrera, eta «lerro artean» aipatzen direnak aztertu ondoren, salatu dute eskaintzan «iruzurrak» eta «mehatxuak» daudela, eta onartezina dela. Langileen batzordea osatzen duten sindikatu guztiek bat egin dute irakurketa horrekin, eta, nork bere batzarrean bozkatu behar duen arren, ziurtzat jotzen dute zuzendaritzaren proposamenari ezezkoa emango diotela. 

Enpresak lanean jarraituko duten beharginentzat egin du bere eskaintza. Kaleratzeei buruzko negoziazioak apirilaren 15ean amaitu ziren, eta espedientea EAEko Auzitegi Nagusian dago, epailearen oniritziaren zain. Gainerako beharginei, berriz, «etorkizunera begirako proposamen» bat egin die zuzendaritzak, baina baldintza batekin: greba bertan behera uztea. Proposamenak iraungitze data du: maiatzaren 31.

Lerro artekoak

Langileek protestak amaituz gero, Tubacexek konpromisoa agertu du datozen hiru urteetan Arabako plantetan dituen lanpostuei eusteko eta soldatak 2021eko mailan mantentzeko, baina, langileen batzordeko iturriek azpimarratu dutenez, iruzur bat da proposamen hori. Gogorarazi dute aurten iraungiko dela egun indarrean dagoen lan hitzarmena, eta uste dute eskaintza horrekin zuzendaritzak euren lan baldintzak hobetzeari uko egitea inposatu nahi diela langileei. Lanpostuei eusteko proposamenari buruz, berriz, gogorarazi dute azken urtean 329 langile kaleratu dituztela, 200 behin-behinekoak eta 129 finkoak, eta lantaldea jada minimoetan dagoela. 

Baina langileen batzordeko kideak gehien haserretu dituen puntua zera izan da, eskaintza greba uzteko eskaerarekin lotzea: xantaia bat da, haien iritzian. Uste dute enpresak epaiari itxaron gabe itxi nahi dituela kaleratzeak, eta auzibidea saihestu nahi duela horrela. Gainera, azpimarratu dute egindako eskaintzek ez dakartela onurarik. Azaldu dute kalte ordainak hobetzeko eta kaleratutako langile batzuk berriz hartzeko agertutako konpromisoa eta borondatea ez direla benetakoak. Adibidez, gogorarazi dute proposatutako kalte ordainak epaileek ebatz ditzaketenak baino txikiagoak direla. 

Horrekin batera, behargin batzuk berriz hartzeari buruz zuzendaritzak eginiko proposamena ere kritikatu dute: konpromisoa agertu du barne promozio bidez betetzen ez diren kontratazioen erdia kaleratuei eskaintzeko, baina langileen batzordean susmoa daukate enpresak ez duela konpromiso hori beteko, sektorearen egoera argudiatuta. Gainera, hori eginda ere, gogorarazi dute enpresak berak hautatuko lituzkeela beharginak, eta lan baldintzak banaka negoziatuko lituzkeela, lan hitzarmenetik kanpo.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen gehiengoak eta FVEMek lan itun berria sinatu dute. Lan Sailak akordiora batzeko esan dio ELAri. LABek eskatu du grebalarien aurkako salaketak indargabetzeko

Bittor San Millan Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzale Eskolako zuzendaria. ©Jon Urbe / Foku

«Itsasoko lan gogorra gogoko duten gazteak topatzea da erronka»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Ondarroako Antiguako Ama itsas arrantzako eskolak egoitza berria du. Erdi mailako gradu berri bat eskaintzeko aukera eman die horrek, eta simulatzaileak erabiltzen hasi dira, Bittor San Millanek azaldu duenez.

Luiz Inacio da Silva <em>Lula</em> Brasilgo presidentea eta Alberto Fernandez Argentinako presidentea Buenos Airesen. ©EFE

'Sur': diru komun berria Hego Amerikan

Iñaut Matauko Rada

Brasilek eta Argentinak, Hego Amerikako ekonomiarik indartsuenek, diru komun berri bat sortzeko bidea hasi dute aurten. Nahiz eta nazioarteko merkataritzan bakarrik erabiliko litzatekeen, galdera asko sortzen hasi dira gaiaren inguruan, Argentinaren egoera ekonomiko eta finantzario makalagatik batez ere.

Adegiko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. ©FOKU

Lehengaien eta energiaren prezio handiak dira Gipuzkoako enpresen kezka nagusi

Iñaut Matauko Rada

2023an Gipuzkoako ekonomia %0,5 eta %2 artean handituko dela aurreikusten du Adegik. Enpleguaren inguruko datuak pandemiaren aurrekoak baino hobeak direla gehitu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.