Albistea entzun

Bielorrusia

Bielorrusiak hegazkin bat lurreratzera behartu du, kazetari bat atxilotzeko

Roman Protasevitx da atxilo hartu dutena, Aleksandr Lukaxenkoren gobernuarekin kritikoa izateagatik ezaguna. Minskek defendatu du «nazioarteko araudia errespetatu» duela.

Bielorrusiako Polizia Protasevitx atxilotzen, 2017ko martxoan.
Bielorrusiako Polizia Protasevitx atxilotzen, 2017ko martxoan. Stringer / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza - Ander Perez Zala -

2021eko maiatzak 24 09:44

Roman Protasevitx erbesteratutako kazetaria atxilotu zuten atzo Minskeko aireportuan. Ryanair konpainiaren hegaldi bat Greziatik Lituaniarako bidea egiten ari zela, Bielorrusiako Gobernuak bonba abisu bat zegoela jakinarazi zien hegazkineko gidariei; gerrako hegazkin bat bidali zuen haien bila, eta Minsken lurreratzera behartu zuen. Orduan atxilotu zuten Protasevitx.

Ryanairrek azaldu duenez, «hegazkinarentzat arriskutsua zen» mehatxu baten berri eman diete Bielorrusiako agintariek, lur hartzera behartu aurretik. Dena den, jakinarazi dute hegazkinean ez zutela ezer berezirik aurkitu, eta, hainbat orduz lurreratuta egon ondoren, lehengo bideari berrekin zion airekoak; hori bai, Protasevitx gabe. Gerora, konpainiaren buruzagi Michael O'Learyk Newstalk Breakfast Irlandako Errepublikako irratsaioari adierazi dio airekoan Bielorrusiako segurtasun agentziako lau agente egon zitezkeela: «Uste dugu KGBko agente batzuk hegazkinetik jaitsi zirela». 

Adierazpen horrek baieztatu egingo luke atxiloketaren ostean zabalduriko informazioa; alegia, hegazkinak Minsketik Vilniuserako bidea hartu zuenean Protasevitxez gain beste lau bidaiari ere falta zirela. Oraingoz, Bielorrusiako agintariek ez dute informaziorik eman kazetariaren egoeraz, ezta deliturik leporatu dioten ere.

Atxilotua Telegram mezularitza aplikazioko Nexta kanalaren sortzaile eta zuzendarietako bat izan zen —egun Belamova kanalaren parte da—, eta, hain justu, Nexta garrantzitsua izan zen Aleksandr Lukaxenko presidentea berriz hautatua izan eta geroko protestak koordinatzeko. Telegramen, Nextak Lukaxenkoren aldekoei egotzi die hegazkina bahitzea Protasevitx atxilotzeko: «Heriotza zigorra ezarriko diote Bielorrusian».

Gertakariaz, Minskek argudiatu du ez dagoela «zalantzarik nazioarteko araudia errespetatu» dutela hegazkinak lur hartzeko eskatzean; Anatoli Glaz Atzerri Ministerioaren bozeramaileak esan duenez, Bielorrusiak «modu arduratsuan» jardun du, eta hitzeman du «erabateko gardentasuna» izango dutela auziaz aritzean: «Egoera nahita politizatu dute».

Hori bai, Glazren arabera, hegazkinean Protasevitx egoteak ez du zerikusirik izan airekoak lur hartzea behartzearekin, azaldu baitu «erabakia arazoen berri eman zuen gailua laguntzeko» hartu zutela: «Oinarririk gabeko akusazioak entzuten ari gara».

Izan ere, hegazkinaren lurreratze behartuak kritika handiak eragin ditu, batez ere nazioartean. Airekoa EB Europako Batasuneko estatu kide batetik bestera zihoala kontuan harturik, talde komunitarioarena izan da lehen erreakzio esanguratsua;  Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek, esaterako, esan du «gaur arte halakorik sekula gertatu gabea» zela.

Agintariak ohartarazi duenez, zer gertatu den aztertuko dute gaur eta bihar Bruselan egitekoa den ezohiko goi bilkuran: «Gertaera ez da ondoriorik gabe geratuko», adierazi du ohar baten bitartez; hala, baliteke Europar Kontseiluan bilduko diren estatuburuek eta gobernuburuek Lukaxenkoren kontrako zigor ekonomiko gehiago adostea, haren kontrako presioa handitzeko. Hori nahi du Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak, gaur adierazi duenez.

Nazioarteko ikerketa baten eskariak

Bien bitarterako, EBko diplomaziaburu Josep Borrellek nazioarteko ikerketa bat eskatu du, gertaturikoa argitzeko: «Bielorrusiako agintariek arriskuan jarri dute bidaiarien eta eskifaiaren segurtasuna». 

Bide beretik jo du AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenek, Protasevitx libre uzteko exijitu baitio Bielorrusiari; horretaz gain, jakinarazi du EBko, Greziako eta Lituaniako agintariekin koordinatzen ari dela, eta hura ere gaia nazioarteko aire garraio erakundeetan aztertzearen alde agertu da, hegazkina desbideratzeko erabakia gezurrezko bonba abisu batean oinarritu delako.

Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak, berriz, EBko 27 estatu kideen «erantzun irmo eta batua» eskatu du gaurko hitzordurako, eta Heiko Maas Alemaniakoak, gertatutakoa ezin dela geratu «ondorio argirik gabe».

Nazioarteko beste hainbat buruzagik ere gaitzetsi dute atxiloketa; besteak beste, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak eta Grezia eta Lituaniako gobernuek; azken horrek bere aire eremua itxi die Bielorrusia igaroko duten hegazkin guztiei, eta Atzerri Ministerioak herritarrei gomendatu die herrialde horretara ez joateko.

Bielorrusiak iazko azaroan sartu zituen Protasevitx eta Stepan Putilo (Nextaren beste sortzailea) «ekintza terroristetan» parte hartu dutenen zerrendan; aurretik, abuztuan, Lukaxenkok hauteskundeak irabazi zituen, botoen %80 eskuratuta –1994. urtetik dago boterean–.

Hurrengo hilabeteetan protestak izan ziren herrialdean, hauteskundeak iruzur bat izan zirela salatzeko, eta 30.000 lagun inguru atxilotu zituzten; egun, oposizioko buruzagi ezagunenak espetxean edo erbestean daude. Horietako garrantzitsuenak, Svetlana Tikhanovskaiak, bere herrialdeko agintarien kontrako zigor ekonomiko gehiago agintzera eta ikerketa bat abiatzera deitu du: «Estatu terrorismoa izan da».

Moskuk, Lukaxenkoren aliatu nagusienak, berriz, adierazi du ez dela «presakako baloraziorik egin behar», eta Sergei Lavrov Atzerri ministroak bere egin ditu Minsken asmoak: «erabateko gardentasuna» erakusteko asmoa dutenez, oraindik goizegi dela kritikarik egiteko.

Evo Moralesena oroitarazi du

Gertakariak Evo Morales Boliviako presidente ohiari gertaturikoa oroitarazi du. 2013ko uztailean, Moskutik zetorrela, Moralesen hegazkinak Vienan lurreratu behar izan zuen, Italiak, Frantziak, Espainiak eta Portugalek aire eremua itxi ziotelako Amerikara bueltan egin beharreko bidean. Edward Snowden AEBetako zerbitzu sekretuetako langile ohia zeramalako zurrumurrua zabaldu zen, eta garai hartan Boliviako estatuburu zena hamahiru orduz eduki zuten aireratu ezinda.

Bitarte horretan, Austriako aireportuko zerbitzuek hegazkina miatu zuten, eta zurrumurrua gezurra zela frogatu. «Hamahiru orduz ia bahituta eduki nautela esango nuke», adierazi zuen Moralesek. Boliviako agintariak ez ezik, Latinoamerikako asko ere sutu zituen Europako herrialdeen jarrerak; azkenean, barkamena eskatu zioten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ANDER PEREZ ZALA

«Simeonik alde bakarrez erabaki du gure kontratua amaitzea, eta hori hutsegite bat izan da»

Ander Perez Zala (berriemaile berezia)

Korsikako buruzagi independentistak aitortu du ez zeudela prest Pe a Corsica koalizioaren zatiketarako, baina bigarren itzulian berriz elkartzeko aukerak badaudela dio.

Gazte palestinar bat atz Betleemengo protestetan. / ©Abed al Hashlamoun, EFE

Gaza bonbardatu du Israelgo armadak

Arantxa Elizegi Egilegor

Hiru misil jaurti dituzte gerra hegazkinek. Lehen erasoaldia izan da, maiatzaren 21ean adostutako su-etenaz geroztik.

Fatou Bensouda, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusia. ©EVA PLEVIER / EFE

Hagako fiskaltzak Filipinetako Gobernua ikertzeko eskatu du

Arantxa Elizegi Egilegor

Rodrigo Duterte presidenteak ohartarazi du ez duela parte hartuko bere aurkako ikerketan

<em>Banderen martxa</em> mobilizazioarekin bat egin zuten zenbait, atzo, Damaskoko Atean, Jerusalemen. ©ABIR SULTAN / EFE

Tentsioa itzuli da Jerusalemera, martxa sionista baten ondorioz

Julen Aperribai

Israelgo Poliziak Damaskoko Atetik kanporatu ditu arabiarrak, eta hamazazpi palestinar zauritu ditu. Gazatik su puxikak bidali dituzte, eta suteak eragin mugaz bestalde

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna